402 Zenbakia 2007-07-06 / 2007-07-13

Euskonews Gaztea

Gaiak: Arturo Campión

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Arturo Campión Iruñean jaio zen 1854ko maiatzaren 7an eta 1937ko abuztuaren 18an hil zen Donostian. Idazle eta politiko ezaguna izan zen. 1904.urtean, 50 urte zituela, Euskaltzaleen Biltzarrean parte hartu zuen. Eusko Ikaskuntzaren sortzaileetariko bat da 1918an, eta baita Euskaltzaindiko akademikoa ere urtebete geroago. Arturo Campión. Argazkia: Auñamendi.

19 urte izan aurretik Oñatiko Unibertsitatean ikasi zuen eta ondoren Madrilera joan zen bertan Zuzenbidean Lizentziatuz, 22 urte zituela.

Esan bezala, politikaria izan zen Campión. Nahiz eta gaztaroan errepublikar sentitu, laster utzi zuen errepublikanismoa eta federalismoarekin geratu zen. Hala ere, inoiz ez zen inongo alderdira afiliatu.

Campion ez zen sortzez euskalduna, denborarekin ikasi zuen. Ikastearekin batera aztertu ere egin zuen euskal hizkuntza eta bere lanetako askok linguistikan sakontzen dute. Ikerketa eta literatura landu zituen bere idatzietan. Ipuin, kondaira eta nobela historikoa izan ziren jorratu zituen esparruak.

24 urterekin kaleratu zuen bere lehenengo liburua, Consideraciones acerca de la cuestión foral y los carlistas en Navarra (1876) eta hortik aurrera etengabe idatzi zuen. Bere lanen artean Orreaga (1880) balada, Blancos y Negros (1898), edota Una noche en Zugarramurdi daude. Baina bere hitzetan, lanik osatuena La Bella Easo (1909) izan zen, izan ere bere pentsamendu osoa islatzen zuen lan bezala kontsideratzen baitzuen. La Bella Easo eta Blancos y Negros liburuetako orriak errealismo gogorrez daude osatuta.