393 Zenbakia 2007-05-04 / 2007-05-11
Azken hilabete honeetan, asko izan dira serenoen inguruan entzun doguzan barriak, eta aitatzekoa da, Espainiako probintzia askotan barriro be itzuli dirala serenoak kaleetara. Bilbon, ordea, ez da oraindik erabagi hori hartu baina denbora kontua baino ez dala izango uste dot. Argazkiaren oina eta egilea
1844an martxan jarri ziran lehenengo serenoak Espainiako zenbait probintziatan, eta Bilboko urian be serenoak jarri ziran. Egia esateko, hasieran ez ziran sereno deitzen, Gaueko Zaintzaile Taldea baizik. Sereno izena, geroago emon eutsien uritarrek, etxean atseden hartzen egoan jendeak, ordu eta eguraldiaren barri emoten eben eta. Orduan ez egoan erlojurik, eguzkiagaz batera bizi ziran. Oilarraren zarata eta kanpaiak ziran euren erlojua. Serenoek gauez ordua eta eguraldiaren barri ematen eben: “Goixeko laurak dira eta ateri dago...” lako esaldiak erabiliz.
Hasiera batean, serenoek ordu guztiak esateko betebeharra eben, baina lehenengo iratzargailuen agerpenagaz, Bilboko uritar asko kexaka hasi ziran eta azkenean bakarrik ordu garrantzitsuenen barri emoten eben, hau da: bostak, seirak, eta zazpirak.
Horrela, jagi behar zan pertsona nekazaria bazan eta serenoak “zazpirak eta euritan” esan ezkero, nekazaria lotan gelditzen zan denbora gehiagoz; ostera, jagi beharreko pertsonak leku estali baten lan egiten baeban, baekian etxetik aterkinagaz urten behar ebala.
Bilboko serenoak koadrilatan biltzen ziran eta auzoaren tamainaren arabera, koadrila bat edo bi arduratzen zan auzoaren ongizateaz.
Sereno bakotxak lantza bat eroaten eban norbere babeserako, eta argiontzi bat, bera eta bere auzokoak argitzeko.
Urte batzuk geroago, lantza gomazko borra batek ordezkatu eban eta argiontzia kendu egin zan Bilboko kaleetan argi elektrikoa ipini ebenean, serenoek eskua aske izateko.
Estualdietan euren arteko harremanak hobetzeko, txilibitua be emon jaken. Ordura arte, eurek asmatutako ahozko argibide kodeaz komunikatzen ziran. Horrela, batek bakarrik konpondu ezin eban arazo baten aurrean, adierazi behar ez eban ordu bat esaten eban eta “....eta sereno” esan beharrean, “... laster sereno izango da” esaten eban. Esaldi horrek laguntza behar ebala esan gura eban eta serenoek bakar-bakarrik ulertzen eben kode hau.
Serenoek orduaz eta eguraldiaz informatzeaz gain, ardura gehiago ebezan, gaueko ongizateaz arduratzen ziran: inork ezin eban oihukatu, iskanbilarik sortu, ostu...
Auzokoak be asko laguntzen ebezan. Adibidez, auzokoren batek atariko giltzak ahaztuten baebazan, berak zabaltzen eutsan atea, edota norbait gaixotu egiten bazan, berak deitzen eutsan medikuari. Arrazoi horreengaitik, Bilboko uritarrek asko maite ebezan serenoak.
Serenoak ez ziran Udaletxeko langileak. Dendariek ordaintzen eutsienagaz bizi izan ziran, ez eben beraz soldata finkorik.
Beste uri batzuetan behar bada, ez dabez sereno izenagaz ezagutuko holako beharginak eta izan leike Bilboko serenoek ez daben berezitasunen bat izatea. Lizarran esate baterako, serenoak auroroak ziran, goizean biztanleak esnatzen ebezalako.