390 Zenbakia 2007-04-13 / 2007-04-20
RIEV-en lehen mendeurrena dela eta, aldizkariaren literatur edukiei buruzko errepasotxo bat egin dut, oso gain begiratua, eta nire iritzia ematea eskatuko balitzait, aldi desberdinetan izan diren jokaerak oro har uneko zirkunstantziekin bat etorri direla esango nuke. Niri iruditzen zait hiruetan – hiru izan baitira aldiak, oraingoa, laugarrena, hasi berria denez gero ezin baita aztertu– oso nolakotasun diferenteak ematen ari zirela euskal gizartean –sozio/kultural/ekonomiko/politiko alderdietatik begiratuta– eta aldizkariak modu egokian jokatu zuelakoan nago.
Julio Urquijo Ybarra. Aurrekoa adierazita, kritikak niri ere eror lekizkidake, mugaketa horrekin ez baitut ezer aurreratu literatur edukiei buruzko orokorreko ikuspegia dela eta. Baina, gaineko sailkapen xume bat eginda, inork ezin luke ukatu ahalko, Julio de Urkijoren RIEV eta Gregorio Monrealenaren arteko diferentzia oso nabaria dela. Euskal kultura gaiak era zeharo bestelakoetaz ikertzen ari dira, hirurogei urte baino gehiagoko distantziaz bereiztuta dauden bi aroetan. Hastapen haietan iluntasuna zen nagusi, oro har. Eta oraingoan argitasuna erabatekoa ez den arren – ezta gutxiagorik ere– argilunetan askoz aukera gehiago dago bi norabideetarako.
Julio Urkijok –Deustun jaiotako euskal mezenas harrigarriak– oinarrizko adreilua ipini nahi izan zuen RIEV-en bitartez euskal literatura suspertzeko eta ezagutarazteko. Euskaldunek eurek ere beren literaturaz ezer gutxi zekiten une haietan –1907tik aurrerakoetan– denetik egin behar zen, bere helburua –ongi oroitu!– euskal kultura nazioarteko zirkuluetan ezagutaraztea zuen agerkari hartan. Urkijok bazekien xedea ez zela samurra. Ezagutza osoa jarri zuen lantegian, berezko indarrez zein une haietako euskal esparruko lankide aditu gehienek eskainitakoaz. Garaiko euskaltzaleen who’s who-ko izar guztiak igaro ziren RIEV-etik.
Euskarazko testu zaharrak, axolagabekerian eta ezgaitasunean gal ez zitezen, berreskuratzetik, testu berriak konposatzeraino; bi mutur horien artean, lapikoan era guztietako osagaiak sartu zituen Urkijok, munduak –euskaldunak eurak ere mundukotzat hartuta, noski– ideia zehatzago bat izan zezan gure literaturaz. Lortu ote zuen ala ez, beste gauza bat da. Ahalegindu egin zen, beraz. Garbi dago, ordea, guretzat euskaldunontzat kanpai danbada izugarria izan zela RIEV, azalean utzi baitzituen gabeziak. Euskal Herriko literatura –hiru hizkuntzatan, gutxienez– goratu beharra zegoela aldarrikatu zuen Urkijok. Baina susperketa, benetakoa izango bazen, ezin zen modu arinean prestatu. Horrek euskal literaturaren amaiera atzeratzea adieraziko zukeen, baina inolaz ere osasun bideko sendoketa. Horregatik Urkijok oinarri sendoa eskaini nahi izan zien, oro har, euskal kulturaren ikerketei. Espainiar gerrak eragotzi egin zuen bere asmoa.
Julio Caro Barojaren aroak –1983-971 tartekoa– panorama desberdina aurkitzen du euskal literaturaren mugaertzean. Tunel goibel luze batetik igaro ondoren euskal gizartea bizitzapeneko koordenada berrietara egokitzen ari zen, eta RIEV-ek bere burua azaldu zuen, berez beste protagonista batzuek toki zabala irabazia zeukaten arlora. Kulturaren burtsako parketean beste zenbait enpresaren akzioek goitik kotizatzen zuten. Hala ere, Eusko Ikaskuntzaren aldizkari internazionalak apustu egin zuen, bere akzioak salgai jarri zituen eta baita irabaziak lortu ere, kultura ekoizpenean irabazirik sortzeak duen adierazpen mugatuan, jakina. Lemari trebe eta aske baten zuzendaritzapean, zabaldu egin zuen lankideen nomina eta euskarazko artikuluak biderkatu egin ziren, aldizkariak inoiz hartu duen kopururik altuenera iritsiz. Freskotasuna ere igar zekiokeen aldizkariko orrialdeetan. Pil-pilean zegoen euskal literaturaren inguruko mugimendua eta bere islapena izan zuen RIEV-en, Julio Caro Barojaren begirada, dasagun, laxopean.
Aingeru Zabala Uriarte. Hirugarren aldian, Gregorio Monrealen agindupekoa, literatur ekarpena laburra baina, esango nuke, sendoagoa izan zen. Aurreko aroetako irizpideak aldatu ziren, toki emanez hondo sakoneko gaiei, Monrealen gustuko zorroztasun irmoak lagun, eta, ene ustez, Caro Barojaren denboran erdietsi ez zen nazioartekotasunezko kutsu mailara heldu zen ostera, Urkijoren egunetako zenbait goi ikerketa lan gogoraraziz. Aurreko zuzendariek bezala, Monrealek ere bere zeinua utzi zuen aldizkariaren literatur ikerketa lerroan. Denboraldi berri bat ireki zitzaion RIEV-i 2006an, Aingeru Zabala zuzendari izendatu zutenean. Ez du, ez alajaina, erronka makala Zabala jaunak aldizkariaren literatur norabidea behar bezala finkatzeko. Bestalde, tinko eutsi beharko dio, gai mota askotariko aldizkari orokorra denez gero, edukien orekari. Eta hizkuntzen planteamendu gero eta estuagoari modu zehatzean erantzun beharko dio. Nik uste, teknologia berriek laguntza paregabea eskaini diezaiokete zuzendari berriari, aurrekoek gozatu ez duten abantaila, alegia. 1 Julio Caro Baroja 1995eko abuztuan hiltzean Juan Garmendia Larrañaga ordura arteko zuzendari ordeak hartu zuen RIEV-en zuzendaritza, bi urtez.