386 Zenbakia 2007-03-16 / 2007-03-23

Gaiak

Gaizka Barandiaran (I/II)

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

:: Gaizka Barandiaran (II/II) Ondoko testua, egileak 2007ko otsailaren 23an Bilboko Euskaltzaindiaren egoitza nagusian irakurri zuen, Gaizka Barandiaran euskaltzain urgazle zenaren In Memoriam.

Gaizka Barandiaran. Gaizka Barandiaran Balanzategi 1916ko martxoaren 3an jaio zen Oñatin eta 2006ko uztailaren 20an hil zen Loiolan. Bi data horien tartean bizitza luze eta oparoa garatu zuen. Euskalgintzaren XX mendeko alerik azpimarragarrienetakoa dugu Gaizka eta hurrengo lerroetan zertzelada batzuk eskainiko ditut, bederen ekitaldi honetan testigantza txikia gera dadin, izan ere Barandiaranen gaineko bizitza, lanen deskribapena eta bibliografia, berarekin batera prestatu nuen biografian aurki daiteke, aurten hamar urte direla argitaratutako liburuxkan, hain zuzen.

Gaizka Barandiaranek iragan uztailean utzi gintuen, berak ohi zuen estilo apal berdintsuarekin. Zaratarik gabe, isil-isilik, heriotzari Gaizkak hainbeste maite zuen greziar tragediaren epikotasuna kendu nahi izan balio bezala, hirugarren parka soberako jantziez biluztu gura izan bailuen. Baina ezin naiz isildu eta Gaizka bere gogoz kontrako erbesteratze moralean hil zela salatu behar dut, logika gutxirekin eta anaitasunaren, kristautasunaren eta eskerroneko izatearen oinarrizko printzipioak ahaztuta, norbaitek hartutako deliberamendu tristeak zokoratua. Agian, horixe bera izan da, Konpainiako arau eta gezurrezko mistikari itsu-itsuan ez eusteagatik Gaizka Barandiarani erreserbatutako amaiera mingotsa. Batek daki!

Gaizka Barandiaran Oñatin jaio arren, Arrasaten eman zituen ia-ia haur urrats guztiak, bi urterekin aldatu baitzen sendia sarrailgintzako herrira. Julian eta Dorotea ziren gurasoak eta bikoteak sei seme alaba hazi zituen: Jose Mari, Julio, Bixente, Carmen, Salvador “Gaizka” eta Maria Luisa. “Mentu” baserrian ekin zioten arrasatear abenturari baina handik gutxira, 1922an, “Marko Etxeberri” etxea jaso zuten eta huraxe izan da gaur egunera arte sendiaren habia. Gaizkak ederto oroitzen zituen ume zeneko egun haiek, zentzu eta sentimendu osoz bizi izandakoak. Berak ziostan “Aita goizetik abiatzen zen basalde hartara eta eguerdiko bazkaria neronek eramaten nion. Bost bat urte izango nituen... Zoli zegoen aita basoko isiltasunean eta bazkaltzen zuen bitartean hango bazterrak behatzen nituen. Bitartean zizareren bat hango muinoetan idoroten ote nuen nenbilen...”.

Gaizkak bat egiten du naturarekin. Bertatik bertara ezagutzen du izadia eta horren sekretuak ez dira horrenbeste mutikoarentzat. “Noxien bein, ontzak Loroko txaran oyu eiteauen, gabaz lorik eztau eiten-ta... Zer eiten dok, ba, euzkixa Oñati aldetik jagi ta Muru mendi ostien sartuten dan bitartien?... Laister, ba, izkutatuten bai-az lurpien udazkeneko euzkixak indarrik etxaukakenien eta Udalatx gañetik ipar axe otzak joten jokenien...”1 Zalantzarik gabe, herrikideak ziren arren —hamar urteko aldearekin— Gaizka eta Iokin Zaitegiren arteko desberdintasunik sakonena bata eta bestearen bizitza moduan eraikitako heziketan zetzan, Gaizkak baserritar iturrietatik edaten zuen bitartean Zaitegi “señorito” bat zen, hitzaren adierazpenik borobilenean.

Mesedeetako mojekin urtebete bat eman ostean udal eskolara igaro zen Gaizka sei urterekin. Eta laster lehen jaun hartzea egitea egokitu zitzaion, Arrasateko parrokian, garaiko abaderik estimatuenak Jose Joakin Arin erretorea eta Jose Markiegi2 izan zituelarik. Jaun hartzea burututa, Markiegirekin ekin zion eliz mutil lanari eta haren eragina handia izan zen herriko neska mutikoak euskal kulturaren ildotik zuzentzeko orduan. Adibidez, 1927ko irailean Arrasaten ospatutako Euskal Eguna edo Euskararen Eguna izan zen, Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia eta Euskeltzaleak erakundeekin antolatua. Gaizka Barandiaranek esku hartu zuen, hamaika urterekin, eta Markiegik hautatutako irakurgaiak publikoaren aurrean esan zituen. Hirurogeita hamar urte beranduago Gaizkak oroitzen zuen: “Bukatu zen Azokako jaia eta bazen hantxe jende gazte pilotxo bat eta oso gartsua zirudien, haien txalokada halakoxea zen eta. Gazte haietako batzuek amen batean aupaka jaso ninduten”.

Eta Jose Markiegi bera izan zen Gaizka jesuiten bidetik abiarazteko lehen saioa egin zuena, herriko apaizak eraman baitzuen mutikotxoa Durangora. Eta Antonino Atutxa zeanuritarrarekin elkarrizketatu ondoren komentuan onartu zuten Gaizka, 12 urterekin. Lau eman zituen Durangon eta Bigarren Errepublikaren sorrera bertatik bizi izan zuen. Nolabaiteko inflexio puntutzat joten zuen Gaizkak une hura, abertzaleekin lerrotu baitzen. Eta jarrera hori ez zuen bizitza osoan aldatuko. Euskaltzale izateari abertzaletasunetik eustea eta elikatzea erabaki zuen, eta baita deliberamendua praktikara eraman ere. Euskararekin ez ezik, dantzak ikasteari heldu zitzaion.

Batxilergoa amaituta Belgikako Tournaira aldatu zen eta nobiziagoko bi urteez gain Gizabidea, Hizkuntzak eta Zientziak ere ikasi zituen. Hizkuntza klasikoen ikasbidean esfortzu ugari eman zituen... baina, berak sarritan esan ohi zuen moduan, garai hartako ahalegin guztiak ongi inbertitutzat zeuzkan, euskararekin lan egiteko aukera ezin hobea ikusi baitzuen. “Gerkerazko ikasketak barruaz samintzen ninduen eta asuna bezain bizierregarria gertatzen zitzaidan. Beti nengoen pentsatzen euskaraz larre-hizkuntza izatetik kultura-hizkuntza izatera pasatu ahalko genuen” dio bere biografian.

Homeroren Iliadaren itzulpena testuinguru horretan kokatu behar da, maila horretako lanak bere bizkar hartu beharrean zegoela uste baitzuen Gaizkak. Hogei urte zituela ekin zion Homerorena euskaratzeari. 1936-37 ikasturtean Iliadaren zazpi kanta itzuli zituen. Garai hartakoa da Gaizkaren adiskidantza Aita Estefaniarekin. Bien artean itzuli zituzten frantsesera Lizardi eta Orixeren zenbait poema, josulagunek Parisen argitaratzen zuten “Etudes” aldizkarian atera zirenak. Izena egiten ari zen Gaizka euskaltzaleen artean eta horrek ere Aita Jose Agirre-Zeziagarenganako aukera ahalbidetu zion Tournain bertan.

Musikan ere aurrera egiteko parada eskaini zion Belgikako egonaldi hark. Hiri hartan Azkueren hamar euskal kantaren koadernoak aurkitu zituen eta handik aurrera egunero saiatzen zen melodia haietaz zein hitzen esanguraz jabetzen. Euskal dantzetan ere aurrera pausuak eman zituen, poliki-poliki apunteak hartzen zihoalarik, urte batzuen buruan hain obra garrantzitsua izango zenari abiapuntua ipiniz.

Eta Tournain ere ezagutu zuen pertsonalki Iokin Zaitegi herrikidea, garai hartan —Venezuelatik bueltan- Marneffen teologiako ikasketak burutzen ari zena. Eta bi nortasun ausart haien uztarketatik emaitza aberatsa sortu zen, bien arteko lankidetza zintzoa elkarri agindu ziotelarik. Tournairaino heltzen zen Marneffeko euskal taldearen oihartzuna, eta gazteagoek zin egin zioten Zaitegik, Agirre-Zeziagak eta gainerakoek adierazten zuten izpirituarekin bat zetozela.

Baina espainiar gerrak haustura ekarri zuen, nola gainera!, gazte sutsu haientzat. Haietako askok, beldurrak eraginda, bertan behera uzi zuten euren asmoa eta Konpainiaren uneko tronpetaren martxara egokitu ziren, buru makur. Gaizkak, ordea, aurrera egitea erabaki zuen, zuhurtasunez, hori bai, izan ere itsu-mustuan jotzeak betiko galera adieraz zezakeen. Une itzel haietan ezagutarazi zion Aita Estefaniak Arrasateko Arin, Markiegi eta Guridi abadeak fusilatu zituztela. Albiste gogorra, bere lanaren bitartez Ad Maioren Dei Gloriam ez ezik baita Euskal Herriaren eta horren kulturaren aintzaz saiatzen ari zen gaztearentzat.

Hurrengo ikasturtea Marneffera joan zen Gaizka filosofiako ikasketak egiteko baina urtebete bat bakarrik egin zuen han, Konpainiak Espainiara bidali baitzuen, Oñara. 1938an soldadutzara joan behar izan zuen, Bartzelonan. Gerra amaituta ostera itzuli zen Oñara. Filosofiako ikasketak amaituta Xabierrera bidali zuten, magisterio egiteko. Nafarroako egonaldi hura primeran etorri zitzaion Gaizkari, alemanera ongi ikasteaz gain txistuaren sekretuetan barrena egin baitzuen. Folkloreari helduta ere, nafar dantzak jasotzen saiatu zen. Noski, euskalgintzako lehengo betebeharrak ez zituen ahaztu eta Iliadaren itzulpenekin jarraitu zuen.

Xabierretik Oñara itzuli zuten Gaizka 1944an, Teologia egin zezan. Hala egin zuen eta bitartean Salas de Bureba herriko erretoreak eskatu zion bertako eta inguruko dantzen bilduma gauzatzea. Baita horrela egin ere.

Oñako San Salvador elizan apaiztu zen Gaizka, 1947ko uztailaren 27, 28 eta 30ean burutu ospakizunen barruan, Zenon Aranburu gotzainak eskuak jarri zizkiolarik. Hilabete bat geroago, abuztuaren 24an, lehen meza eman zuen Arrasateko parrokian. Gaizka Barandiaran Euskal Herriko Txistulari Elkarteak eta Euskal Dantzarien Biltzarrak eginiko omenaldian.

Ikasketa guztiak amaituta Tuteran izan zuen Gaizkak lehen lantokia. Ordurako Konpainiaren barne txostenen arabera Barandiaran “regionalista exagerado” bide zen. Eta Tuterako ikastetxean mutilen begirale ipini zuten, lan gris batean hain zuzen, nolabaiteko zigor gisa. Gaizkarekin, ordea, ez zihoan bat etsipena ezta amore ematea ere eta Tuteratik sekulako lana irradiatu zuen Erriberako herrietara: Murtxante, Kaskante, Milagro, Kortes eta abar luze bateko folklorea jasotzen ahalegindu zen hamalau urtetan zehar. Tuteran filosofia irakasten zuen eta lan horrek ateak ireki zizkion itzulpengintzan segitzeko. Kant, Aristoteles, Sokrate, Seneka, Heidegger, Scheler eta beste filosofo askoren obra ikertu ahal izan zuen, geroko lanetarako gaia emango ziona. Eta iturri originaletatik irakurri ahal izateko hizkuntzak sakon ikasi behar izan zituen. Euskara, gaztelera, frantsesa, ingelesera, alemanera, heberkera, gerkera, latera, errusiera eta katalanaz irakurtzeko eta hitz egiteko gai zen. Ez zen makala, ez alajaina, Marko Etxeberriko babesetik mundura atera zen gizon haren formazioa! 1 “Lurreko piztien ekiketak” (Arrasate´ko-Mundrau´ko euzkelgiz) (Euzko Gogoa 1955eko Urtarrila-Otsaila) 2 Aipatu bi abade horiek eta Leonardo Guridi fusilatuak izan ziren 1936an. :: Gaizka Barandiaran (II/II)