386 Zenbakia 2007-03-16 / 2007-03-23
Herran anaiak izan ziren Vasco Navarro trenbidearen proiektuaren sortzaileak, baina bere ametsa ez zen beteta ikusi, 1882. urtean estatuak lizentzia eman arte. Handik aurrera oso ibilbide gorabeheratsua izan zen.
Hasiera batean, Ega ibaiko baserri lurraldea, Durangoko esparru industrialarekin lotzea zen asmoa Gasteiz erdigune zela.
Herrandarrek Europara jo behar izan zuten diru bila haien proiektua aurrera eraman ahal izateko. Ingalaterrako kapitalistek eskaini zieten, horrela 1866an The Anglo Vasco Navarro Railway Company Limited izeneko elkartea sortu zen.
Obrak nahi baino motelago zihoazen. Hala ere, 1889ko otsailaren 13an, Gasteiz eta Leintz Gatzaga arteko 18 kilometroak inauguratu ziren; hau Vasco-Navarro trenbidearen jaiotza izan zen.
Handik urte gutxira krisi ekonomiko larria piztu zen eta kapital ingelesak sortutako hainbat zorri aurre egiteko gaitasunik ez zegoela zirudien, horren ondorioz estatuak esku hartzea erabaki eta trenbidea nazionalizatu egin zuen. Ordutik aurrera soilik Vasco Navarro deitzera pasa zen.
13 urteko geldialdiaren ostean, lanak hasi zituzten berriz ere, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako diputazioek estututa. Modu horretan, 1923an Oñatirainoko zatia amaitu zuten; lehen fasea hemen amaitzen da.
Zazpi urteko buruhausteen ondotik 1927an amaitu zituzten obrak, baina elektrifikatze prozesuan desoreka itzela nabarmendu zen. Trenbide osoa inauguratu eta bi urtera lurrun makinak atera zituzten Gasteiz-Lizarra lerrotik, baina 10 urte pasa arte ez zuten argindarra parekatzea lortu.
1927ko irailaren 21ean, Vasco-Navarro trenbidea ofizialki inauguratua izan zen Miguel Primo de Ribera jeneralaren eskutik; honela Euskal Herriko hiru lurraldeek konexio bat izan zuten haien arteko erlazioak indartzeko.
1929ko abenduaren 21ean, elektrifikatutako lehen zatia inauguratu zen, zati hau Lizarra eta Gasteiz artekoa izan zen eta sei urte geroago ekin zioten gainerako azpiegituren prestaketari.
1948ko maiatzaren 2ra arte, ez zen, beraz, guztiz bukatu 60 urte lehenago abian ipinitako egitasmoa.
Eta hori guztia, 1967ko abenduaren 31ko gaueko hamabietan, estatu dekretu batek aginduta, trenbidearen zerbitzuak betiko desagerrarazteko.
Gaur egun, Arabako diputazioko Ingurumen Sailaren ekimenez, Vasco-Navarro burdinbidea berreskuratzeko plana abiatu zen eta horrezkero, makina bat kilometro berri inauguratu dituzte. Txirrindularientzat behar bezala egokitua egon ez arren, trenbide zaharrari segida polita ematen dio horrek.