385 Zenbakia 2007-03-09 / 2007-03-16
Gure herriak, Oriok, XX. mendetik aurrera, musikak hedapen handia izan du. Musika munduan, lehenengo urratsak XIX. mende inguruko bertsolariek eman zituzten, besteak beste, Gaztelu, Errikotxia, Benta...Gainera, musikak izan duen arrakasta Euskal Herri osora zabaldu dela argi dago, adibidez, Benito Lertxundiren eskutik.
Esan dugun bezala, Orion, musikak izan duen eragina oso handia izan da, horrela, lehen musika taldeari buruzko informazioa 1927tik aurrera aurki dezakegu, hain zuzen ere, Orioko Udal Musika Bandaren ingurukoa. Banda hau, Marin extremadurarrak eta Felipe Arostegik sortu zuten. Bertan mutilek bakarrik zeukaten sartzea, eta igandero jotzen zituzten plazan 8-10 kanta inguru. Manuel Lasarte.
Udal bandaren ondoren, Euskal Herri osoan ezaguna bihurtu zen bertsolari bat etorri zen Oriora, Manuel Lasarte Arribillaga. Berez leitzarra bazen ere, Oriok eragindako xarma dela eta bertara etorri zen gaztetan bizitzera, burdinlari bezala. Gizon hau, bertsolari ona izateaz gain, hizlaria eta umoretsua da. Gutxi dira bera bezala bertsoen neurria ibiltzen dutenak. Haren puntuak ere entzutekoak dira, eta hau da beraz, Orion denbora askoan izan den bertsolaririk onena. Bertako musika zabaltzen lagundu du, izan ere urte askotan izan da Orioko bertso eskolako irakasle. Besteak beste, gaur egungo Orioko bertsolariek bertsotan berarekin ikasiak dira.
Honen ondoren, Oriok ezagutu izan duen musikari garrantzitsu eta ezaguna dator. Euskal Herriko musikari eta kantari handienetakoa den Benito. Orion jaio zen 1942. urtean. Sensiblitate oso fineko gizona da, sakontasun bereziko sortzailea. Urte askotan, Euskal musikaren ordezkari nagusia izan da. Hasiera batean ez zen bakarlaria, Ez dok Amairu, hirurogeigarren hamarkadako talde famatuaren partaideetako bat baitzen, baina talde hau desegitean (1972), bakarlari izateko erabakia hartu zuen. Nahiz eta lehenengo diska 1970ean kaleratu zuen, bigarren diska 1974ean kaleratua, famatuagoa izan zen “Oro laño mee batek” izena zuena. Diska pilo bat atera ditu, tartean, Xuberoari laguntzen, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, eta azkenengo diska bikoitza, lehengo urtean kaleratua bere kanta gustukoenez osatua.
Musika eskola bat ere badu Oriok. 1986/1987. urtean sortua, hain zuzen ere. Musika eskola honetan, musika eta instrumentuak ikasteaz gain, euskal dantzen oinarria ere irakasten da. Hasiera batean, udaletxe atzeko lokaletan zegoen kokatua eta gerora, udaletxe zaharreko laugarren solairura pasa zen. Azkenik, 2001ean, Goiko Kalera pasa ziren musika eskolaren izena ere aldatuz, Danbolin Musika Eskola. Udalak proposatu zion eskolari Danbolinen izena ematea, Patxi Danbolinek aspaldian haurrei musika erakusten egindako lanaren ohoretan.
Gaur egungo musika aipatzen ari garela, Salatxo abesbatza ere aipatzekoa da, Orioko abesbatzarik garrantzitsuena. 1993an sortu zen, azaroaren 22an, Santa Zezilia egunean (musikarien eguna). Denbora guzti honetan, kontzertu ugari eskaini ditu herrian nahiz kanpoan: Lleida, Bartzelona, Errioxa, Frantziako Sait Ciers Sur Gironde eta Italiako Orio Canavasen, esate baterako. Lantzen duten musika moten artean, polifonia, honen barruan musika erlijiosoa nahiz profanoa aurki ditzakegu. Hala ere, euskal folklorea lantzen du bereziki, beraien berezko bertsioak sortuz. Bultzatzaile nagusienetako bat Marina Lertxundi izan zen, bera izan baita abesbatza honen lehenengo zuzendaria. Gozategi.
Trikitixak beti alaitu izan ditu Euskal Herriko festak. Gozategi musika talde oriotarra honen adibide garbia da. Triki-pop delakoa egiten dute, trikitixa jatorra eta gaur egungo estilo modernoago batzuk uztartuz. Oraingoz plazaratu dituzten bost diskoekin ezagun eta arrakastatsu bihurtu dira Euskal Herrian eta atzerriko beste zenbait tokitan ere. Gozategiren lehen diskoak Gozategi du izena. Ainhoa izan zen Gozategiren bigarren lana. Disko alai eta modernizatua, reggae edo dub musika motak aurki baititzakegu. Hirugarren diskoak Kalanbreak izena du, bertako singleak bezala. Egunon izena darama Gozategiren laugarren lanak. Azken disko kaleratu berriak, Goztg.kom du izena, eta gure gizartearen isla paregabea da, beraien ikuspegitik begiratua beti ere.
Azkenik aipatzekoak dira, gure herriko Rock taldeak, herriko gazteek osatuak. Orain dela urte batzuk herrian famatua egin zen Gaitza taldea bi maketa plazaratu zituelarik, horietako bat “Begiak ireki”, baina, talde hau desegin egin zen, bertako partaide batzuk, gaur egungo beste talde batera pasaz: Arrautz Ustelak, hala ere, badira beste talde batzuk, Kenon, Panoramix...
Aipatu beharra daukagu, oraintxe bere lehen disko atera duen Mikel Aranzabal bakarlaria. Gitarra eskuetan duelarik, estilo propio bat sortzen saiatzen ari den gaztea.