385 Zenbakia 2007-03-09 / 2007-03-16

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Iñaki Iturain. Hezkuntza teknikaria eta idazlea: Jende askok du iragana goraipatzeko ohitura baina nire ustez, bizitza berez aldakorra da

ATORRASAGASTI, Josu ETXABE, Ane ITURRALDE, Aitor LIEBANA, Ilazki MURGIONDO, Aitor SALSAMENDI, Goizane

DBHko ikasleak

Iñaki Iturain, oriotarra, 50 urte. Idazlea da afizioz. Bereak dira Orioren arlo desberdinei buruz egindako liburu asko eta gaurkoan Historia Argazkitan liburuaren gainean solasean aritzeko elkartu gara.

Zein liburu idatzi dituzu? Lehenengo liburua udaleko beka baten laguntzarekin Orioko euskarari buruzko ikerketa izan zen, ilusioz beteta aurkeztu nintzen baina ez nintzenez filologoa, Lauren Loidiri laguntza eskatu nion. Liburu honek, Orioko hizkuntzaren atal desberdinak aztertzen ditu. Bigarren liburua, Ibai Esoain eta Xabier Sukiak eskatuta idatzi nuen, hau da, hiruron artean eta Orioko bertsolaritzari buruzko liburua izan zen. Liburu hau idazteko orduan ere, udalaren beka baten laguntza izan genuen. Hirugarren liburua, Orioko arraunaren historiari buruzko liburu bat izan zen, eta hau izan zen benetan idazteko gogoa nuen lehen liburua. Orioko arraunaren historia kontatzen da bertan eta historia patroien bidez antolatuta, eta aro bakoitza patroi baten bidez kontatzen da. Liburuan, pasadizoak, xelebrekeriak eta arraunlariei buruzko informazio desberdinak ematen dira. Laugarren liburua, Orioko argazki zaharren liburu bat izan zen. Bertan herriko argazkiak ageri ziren, gaika sailkatuta eta argazki bakoitzak bere komentarioa du. Oso berezia izan zen liburu hau idaztea, eta honen bidez herriko hainbat eta hainbat historia eta argazki liburu batean jarri nituen. Bosgarren liburua, zerbait oso berezia izan zen. Hau, Orioko emakume batek eskatu zidan biografia idatzia izan zen, gurasoei urrezko ezteietarako opari gisa emateko. Bertan, gurasoen historia kontatzen da eta oso tirada bajua izan zuen, 50 bat aletakoa.

Zerk bultzatzen zaitu idaztera?

Ikasketaz Ekonomia ikasi nuen, baina gero euskaltzaletu egin nintzen. Hizkuntza landu eta ikasi ahala, hizkuntzaren alde eta haren zabalkuntzaren alde egin nahi nuen herrian. Eta herriko aldizkaria sortu genuen: Karkara. Hor hasi zen guztia eta hortik gaur arte.

Historia Argazkitan liburuan zentratuz, ikusten denez, Oriok berezi egiten dituen hainbat faktore ditu, ohiturak, landa eta itsas giroaren nahasketa...Baina gauza aldatzen ari da. Aldaketak gauza positibo ala negatibo bezala hartzen dituzu?

Jende askok du iragana goraipatzeko ohitura baina nire ustez, bizitza berez aldakorra da eta aldaketa hauek beharrezkotzat ikusten ditut. Hala ere, uste dut gure identitatea zaindu eta mantendu beharreko zerbait dela, azkenaldian kultura kontsumista amerikarra “jaten” ari baitzaigu. Aldaketa ondo dago baina beti ere muga batzuk errespetatuz. Argazkia: Ane Etxabe

Zein pauso jarraitu zenituen liburua idazterakoan?

Lehenik eta behin, bi iturri nagusitatik hartu nuen informazioa. Batetik, Kutxak daukan fototeka eta bestetik, herriko zaharren laguntza ere izan dut. Urteetan zehar, herritarrei entzunez eta argazkiak eskatuz liburua osatuz joan naiz, ez da egun batetik besterako lana izan. Esan beharra daukat, zenbait pasarte eta historiarekin duda izan dudala, historia berdin bateko bertsio ezberdinak entzutea suertatu baitzait. Hauek idazteak eman dit lan handiena, seguru egon gabe ez bainuen astakeriarik idatzi nahi.

Idatzitako liburu guztietatik, zeinekin geratu zara gusturen?

Bat aukeratzekotan, Historia Argazkitan liburua aukeratuko nuke, lan handiena honek eman baitit. Gainera nire ustez herritarrei hau gustatu zaie gehien eta gainera bat baino gehiagori emozio bereziak sortu dizkio liburuak. Hala ere, azkeneko hirurekin geratu naiz gustukoen, lehenengo biak kanpoko dei baten eraginez idatzi bainituen, aldiz, azken hirurak ehuneko ehunean nire gogoz idatzi nituen.

Motzean:

Gustura irakurri duzun liburu bat? Obabakoak Irakurtzen lo hartu duzun liburua? Oraingoa, El Clan del Oso Cavernario Film bat? Txikitan ikusitako “Ben-Hur” Lo hartu duzun film bat? Robert Redforden pelikula bat baina ez dut gogoan izena Miresten duzun pertsona bat? Gandhi Eta gorrotoa diozuna? Gorrotagarri egiten zait inperialismo anker biolentzia zale arriskutsu eta gezurtia den George Bush eta gertuago dugun antzeko biboteduna Zerk sortzen dizu irribarrea? Bertso on batek Eta negarra? Ama zenaren oroitzapenak Afizioak? Pilotan jokatzea, idaztea, arraunlarien martxa jarraitzea, mendira joatea, jatea... Zerk aspertzen zaitu? Askotan telebistak Gustuko janaria? Marmitakoa Gorroto duzun janaria? Tripakiak Kolore bat? Horia Iñaki Iturain

Orion jaio zen orain 50 urte Iñaki. Hezkuntza teknikaria izan arren, idazle ere bada gipuzkoar hau. Batez ere bere herriari buruz idatzi ditu liburuak: hizkuntza, bertsolaritza, arrauna eta argazki zaharrak izan dira bere liburuen ardatza. Bosgarren liburua, aldiz, enkargu bidez egin zuen, emakume batek bere gurasoen biografia idazteko eskatu zion Iñakiri, hala urrezko ezteietan oparitzeko. Hortaz eta gehiagoz mintzatu da hurrengo elkarrizketan.