38 Zenbakia 1999-06-18 / 1999-06-25

Gaiak

BARTZELONA - DONOSTIA zubiaren bila

ORONOZ, Belén

BARTZELONA DONOSTIA zubiaren bila BARTZELONA DONOSTIA zubiaren bila Euskal Kantagintza Berria ("Ez dok Amairu") eta La Nova Cançó Catalana ren ("Els Setze Jutges") arteko azterketa konparatiboa * Belen Oronoz LABURPENA: "Asko hitzegin genuen haiekin kanta berriaren mugimenduari buruz. Harreman haren ondorioz beste kantari batzuk izan dizkiagu. Nola nahi ere, esango nikek, sekula ez direla harreman estuak izan, sakonak pertsona artean bai, amistadeak sortu hituen, baina bi mugimenduen arteko harreman sakonik ez duk sekula egon." (Xabier Lete, "Jakin" aldizkaria, 1977ko abendua, bigarren aldiko 4.alea) Aipamen hau izan nuen lanaren abiapuntua eta euskal eta katalan taldeen arteko harremana zein izan zen aztertzea, haien arteko azterketa konparatiboa egitea, helburua. "Bartzelona Donostia zubia" deitu dudanaren bila abiatu nintzen, halako loturarik benetan egon zen jakin nahi nuen eta izan bazen nolakoa izan zen. Taldeok ulertzeko ezinbestekoa da beren garaian testuinguratzea, hirurogeigarren hamarkadan mundu mailan eman zen fenomeno zabalago baten barnean kokatu behar baitira, Kantagintza Berriaren barnean. Garai eta leku bakoitzari bere kantagintza mota dagokio, hots, une eta toki bakoitzean gizarteak bere islada aurkitu ohi du kantagintzan. Hirurogeigarren hamarkadan ideologia eta ikuspegi berriak zabaltzen hasi ziren munduan zehar eta, tokian tokiko ezaugarriez, hauek beren islada aurkitu zuten kantautoreengan. Hainbat izen datozkigu burura, batzuk aipatzearren: Argentinan, Atahualpa Yupanqui Héctor Roberto Chavero ;Txilen, Violeta Parra, Victor Jara edo "Quilapayún" taldea; Estatu Batuetan, Bob Dylan, Pete Seeger, Joan Baez edo "Simon and Garfunkel"; Ingalaterran, Tommy Steel edo "The Beatles"; eta abar. Estatu espainiarrean lehen kantari "ofizialak" 1959 aldean hasi ziren beren ahotsa entzunarazten, merkatu arauak medio ekonomia, politika eta, beraz, kulturan bere lehen integrazio urratsak ematen hasi baitzen Espainia. "Dúo dinámico" bikotea eta José Guardiolakatalana izan ziren joera berriko lehen ahots horiek. Baina hauez gain,orduan indarrean zegoen errejimen frankistaren aurrean , berpizkunde kulturala, eta zenbaitetan linguistikoa, aldarrikatzen zuten zenbait eskualde mugimendu sortu ziren. Raimon ek "recuperación de la memoria colectiva" deritzona zuten helburu. Ofizialak ez ziren beste mugimenduon artean lehena Kataluniakoa izan zen, 1961eko abenduaren 19an "Els Setze Jutges" taldea izango zenak Bartzelonako CICFen lokaletan egindako aurkezpen publikoarekin. Euskalduna jarraitu zitzaion, "Ez dok Amairu" 1965ean biltzen hasi baitzen, bere lehenengo jendaurreko emanaldiak 1966ean emanaz. 1968an, gazteleraz egindako Kantagintza Berriaren abiagune bezala, Madrilen "Canción del Pueblo" sortu zen, Ipar amerikako "People's song"en omenez. Eta, azkenik, Santiagoko Xavier eta Benedicto ikasle unibertsitarioek "Voces Ceibes" sortu zituzten Galizian 1969 aldean. "Ez dok hamairu" taldearen partaideak 1970. urtean (Argazkia: Auñamendi Entziklopedia) Zenbaitek, 1965 inguruan ezartzen dute Kantagintza Tradizionalaren eta Berriaren arteko mugarria. Ordurarte, XIX.mende bukaeratik Gerrate Zibilera arte eta baita gerora ere , ia erabat hedaturik zegoen "marco polifónico y coral" delakoa; Kantagintza Tradizionalaren garaia osatzen zuten: koruek, zortzikoteek, kantutegi tradizionalek, musika klasikoaren ildoari jarraitzen zitzaizkion zenbait tenorino eta opera kantariek...Kantagintza Berriak, arestian aipatutako ideologia berriak abesteaz gain, kantautorearen irudia ekarriko du eskenatokira. Taldeetan abesteko ohituraren aurrean, kantautoreak "bakardadearen aroa"ri emango dio hasiera J.A.Artze ren hitzetan; kantautorea bakarrik dago taulen gainean, munduari, bizi dituen arazoen aurrean, askatasun mezu bat kantari. Oinarrizko girotze sarrera honen ondoren, azterlana nola egituratu dudan azaltzera noa. Erabilitako baliabideen artean elkarrizketena dago, eta hau hautatu dut ,hain zuzen, lanean barrena gidatuko gaituen hari moduan; hots,egindako elkarrizketa galderen arabera egituratu dudala lana. Hona ikututako puntuak:1) Harremanak; 2) Jaiotza;3) Komunikabideak; 4) Politika; 5) Talde batasuna; 6) Profesionalizazioa; 7) Eragin musikalak (jasotakoak / hartutakoak); 8) Kritika falta; eta 9) Desegitea. * Lanak, gehigarritzat, data garrantzitsuenen KRONOLOGIA bat eta DISKOGRAFIA dakartza. Ezinezkoa zait azalpen labur honetan hauek guztiak bat banaka azaltzea, horregatik azterlanean ateratako ondorio orokorra ekarriko dut sintesi gisa. Nolako harremana izan zuten Euskal Kantagintza Berriaren hastapeneko "Ez dok Amairu" taldeak eta Nova Cançó Catalana ko "Els Setze Jutges" ek? Edo lanaren izenburuari erreferentzia eginez, nolakoa izan zen "Bartzelona Donostia zubia"? Uste izatekoa da Mikel Laboa kantariak 1964ean Bartzelonan egindako egonaldi batean ezagutu zuela katalan taldea, eta Euskal Herrira itzultzean bertan "antzeko zerbait egiteko ideia" ekarri zuen. Ordurako gure lurretan bazen Berreskurapen Kulturalaren aldeko mugimendu bat hasia, bakarlari nahiz taldeak beren kasa zebiltzan lanean barreiaturik. Laboak Kataluniatik hauek guztiak TALDE batean biltzeko ideia ekarri zuela esan daiteke, lehendik hemen genuena batzeko ideia. Kontaktuak egiten hasi zen, jendea piskanaka biltzen, taldea eratu zen arte. Hortaz, hasierako txinparta gisa eragin zuen talde katalanak euskaldunarengan, TALDE ideia aportatuaz. Baina horrez gain bestelako harremanik egon al da taldeon artean? Taldetik taldekako harremanik ez da egon, baina bai, ordea, taldeotako zenbait partaideen artekoa. Ziurrenik helburu amankomunek bideratutako aurresinpatia batek eraginda urteetan zehar amistadeak sortzen joan dira kantari batzuen artean. Gauzak horrela, abiapuntutzat hartu nuen X.Lete ren aipamena baieztatu beharra daukat nolabait: TALDE ideiaren txinparta hasieran eta banakako amistadeak ondoren, hori litzateke sintesian zubia. Belen Oronoz, irakaslea