379 Zenbakia 2007-01-26 / 2007-02-02

Euskonews Gaztea

Gaiak: Gasteizko Santa Maria Katedrala

URKIOLA, Aitor

Argazkia: L y C arkitektoak Hiriaren hastapenen habia izan zen muinoaren goialdean dago kokatuta Gasteizko Santa Maria katedrala, lehendabiziko harresiek mugatu zuten esparruan. Iparraldetik hegoalderantz hedatzen den menditxo luzexkaren ipar-muturrean dago beraz, inguruan duen Arabako Lautada baino 20 bat metro gorago. Katedral-barruko zoruan nabaria da altuera-desberdintasuna, hego-mendebaldea -goilautadako hiri zaharrerantz begira dagoena- ipar-ekialdea -magalaren erdian kokatua- baino bederatzi bat metro gorago baitago. Ezaugarri orografiko eta historiko horiek direla medio, eraikinaren lur-azpian betelanetarako eta zorua berdintzeko erabili izan den lur artifizial asko dago. Gainera, aipatu ezaugarrien eraginez, eraikinaren aldeetan dauden itxidurek izugarrizko altuera-desberdintasunak dituzte. Gunerik zaharrenaren bilakaera historikoa adierazten duten planoetan argi ikusten da katedrala Erdi Aroko harresiaren osagaia izan zela. Horregatik dira hain sendoak garai batean itsuak ziren iparraldeko hormak. Eta horregatik egin zuten eraikinaren egitura osoa zeharkatzen duen harresiko erronda-pasabidea ere. Gurutzaduraren hegoaldetik atariko ipar-mendebaldeko izkinaraino heltzen zen pasabidea, eta girola osoa, transeptua eta elizaren iparraldeko nabea inguratzen zituen. Gaur egun katedralak ez du ia inolako defentsa-ezaugarririk, hein handi batean ekialdean egin dituzten etxebizitzen eta zerbitzu-eraikinen ondorioz. Alde horretan, girola benetan ikusgarria izango zen kanpotik ikusita, gurutzaduraren iparraldeko buru-horma orain den antzera, erronda-pasabidean altuera desberdintasun izugarriak baitzeuden, eta orube naturalak ere hamabi metro inguru baitzituen. Katedrala erabilera anitzeko eraikinek osatutako multzoaren barruan dagoenez, eta benetako fatxadarik ez duenez, ez du erlijio eraikin bitxiek izan ohi duten monumentu itxura garbi hori. Hiriaren bilakaerak, azkenean, lekua utzi du eraikin multzoaren hego-mendebaldeko angeluan, Santa Maria enparantzan, eta bertatik katedral barruan sar daiteke. Sarrera horretan lurraren maila zertxobait baxuagoa da. Mendebaldean eta iparraldean, Frai Zacarias Martinez kaleak eta Santa Mariako kantoiak enparantzaren eta Aiztogileen kalearen arteko desnibelari aurre egiten diote, mendebaldeko eta iparraldeko fatxadak inguratuz, hurrenez hurren. Aiztogileen kaleak muinoaren magalaren erdialdeko kurbari jarraitzen dio, hiriaren ekialdeko harresia izan zenaren azpitik, eta bertara begira daude katedralaren ondoan beranduago egin zituzten eraikinen fatxadak. Gasteiztar guztiok ezagutzen dugu edo eta gutxienez entzun izan dugu Gasteizko Santa Maria katedrala berritzeko proiektuaren inguruan zer edo zer. Izan ere, honako hau ez da gauza berria, orain dela mendeak hasi baitziren Santa Maria katedrala berritu nahian, honek eraikuntzan zituen arazoak nola edo hala konpontzeko. Lehenengo aldaketa garrantzitsuak Alfontso VIII.ak agindu zituen. Hala ere, Santa Maria elizak aurretik hainbat aldaketa izan zituen. Gaur egun arte, katedralak aldaketa ugari eta garrantzitsuak izan ditu eta oraindik, hainbat proiektuk jarraitzen dute mahai gainean. Beraz, zientifikoek diotenez, urteak geratzen dira katedrala guztiz berrituta ikusi arte. Historia guztian zehar jaso dituen aldaketak garrantzitsuak izan dira, baina azken 50 urteetan egin den lana aipatzekoa da benetan, eta arkitekto aipagarrienetako bat Manuel Lorente izan zen. Honakoak izan ziren urte haietan (1960-1967) gauzatutako lan nagusiak: -Ukondo-arkuak kendu egin zituzten. -Luzitu historikoak kendu egin zituzten. -Habe berriak ireki zituzten. -Santa Anaren portada agerian utzi zuten. 1: 1962. urteko argazkia. Santa Anaren portada estalita dago oraindik. Saracibar arkitektoak 1856an eraikitako kontrahorma, gurutzadurari atxikita zegoena, argi eta garbi ikusten da. 2: 1963. urteko argazkia. 1856ko kontrahorma kentzeko eta Santa Anaren portada agerian uzteko lanak egiten ari dira. Lorente Junquera arkitektoak zuzendu zituen. 3: M. Lorentek 60ko hamarkadan Iparraldeko gurutzaduran irekitako habea. 4: Erdiko nabetik “beldurraren arkuak” (ukondo-arkuak) kentzeko eraiki zuten egitura. Aurrez aipatu dizuedan bezala hauek izan dira azken 50 urteetan elizak izan dituen aldaketak, ez bakarrak baizik eta nabarienak. Gainera kontuan izan behar dugu katedralean oraindik aldaketa gehiago gauzatuko direla. Beharbada ez dira historian zehar gauzatu diren aldaketak bezain garrantzitsuak izango, baina aldaketak dira eta hauek kutxu berri bat emango diote hiriari.