Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Ines Lajas eta Juan Jose Anton. Sukaldariak: Gero eta konpetentzia handiagoko pintxo lehiaketak daude
Parte hartu al duzue aurreko pintxo lehiaketetan?
Hauxe izan da Euskadi mailan egin den lehenengo lehiaketa, baina bai, aurretik beste lau lehiaketetan hartu dugu parte.
Bigarren saria zein pintxorekin irabazi duzue?
Bakailaoa “klub ranero” eran, hauxe da ditugun jatetxeen ikurra. Ikusten duzuenez ideia tradizionala da, baina guk berritu egin dugu. Bakailao mota honek eramaten dituen osagaiak bereizi ditugu hainbat zatitan: bakailao, pil-pila, bizkaitarra eta barazkiak. Guk zatitan egin dugu: bizkaitarra gelatinan, bakailao takoa, pil-pila eta barazkiak tenpuran. Itxura erabat ezberdina izanik, zaporea betikoa zen.
Zer nolako lehia egon zen?
Gero eta konpetentzia handiagokoa da. Pintxoak baino, plater txikiak egiten ari dira, goi mailako sukaldaritza pintxoetan.
Egia al da pintxorik onenak Donostiakoak direla?
Ez, ez... hobeak Bizkaikoak. Fama baino ez da. Lurralde guztietan daude pintxo onak, fama hangoek baina...
Zergatik daukate hain garrantzia handia pintxoek?
Ba, zuk pintxo barra ederra ikusten baduzu, begiekin jaten duzu, erakartzen zaitu, zerbait jateko gogoa pizten dizu eta bide batez, zer edo zer edaten duzu. Tabernan gosez sartzen zara eta pintxoak ikusten dituzunean gogoa sentitzen duzu, dastatzen duzu.
Trapagako tabernetan maila ona dago, konpetentziarik bai?
Bai, konpetentzia dago eta hori ona da, jende gehiago etortzen da eta gehiago ahalegintzen zara pintxo onak sortzen.
Nondik datorkizue inspirazioa?
Guk azkenaldian antzinako platerak bilatzen ditugu, banandu eta berriro moldatzen ditugu. Antxoarena izan ezik besteetan berregin egiten ditugu. Antxoarena egiteko pentsatu genuen jendea bermuta, olibak eta antxoak jatera ateratzen zela igandeetan. Guk egin genuen bermut gelatina, antxoak ia gordinak kipularekin eta oliba beltzak...
Eta nondik dator zaletasuna hau?
Zure ama sukaldean ikusten duzu, konturatzen zara zeuk ere ondo pasatzen duzula… gainera animatzen zaituzte, bermatzen zaituzte...
Garrantzitsua da gustukoa izatea...
Bai, noski!.Sukaldaritzan ordu asko lan egiten duzu, jendeak jaia duenean zeuk egiten duzu lan. Gaur egun jendeak ez du honelako lanik nahi, are gutxiago gazteek.
Eta, lehiaketa irabazi eta gero, bazaudete hurrengo pintxoa zein izango den pentsatzen?
Martxoan “Bizkaia martxan” lehiaketa egongo da eta parte hartuko dugu. Jendea ezagutzen duzu, beste sukaldariekin egoten zara, ezagutzen dituzu gauza berriak, ideiak hartzen dituzu eta sukaldarien giroan murgiltzen zara... Egunez egun gauzak aldatzen dira eta ezin zara geldirik geratu. Gu lau lehiaketatan egon gara eta orain jendeak deitzen gaitu aurkezteko, ondo pasatzen dugu, giro ederra sortzen da.
Pintxoak aurkeztu baino lehen norbaitek dastatu zuen?
Bai epaimahaikide batzuk etorri ziren batzokira, baina ez zituzten pintxoak soilik baloratzen, barra osoa baizik, zerbitzatzen zen era... Hemen Bizkaian 18 partaide izan ginen, handik bi sailkatu ziren; Mungiako bat eta geu. Gero lurralde bakoitzetik bi sailkatu ziren, bost lurralde hamar sailkatuta, Gipuzkoa aldean jende gehien aurkeztu zen 60 inguru. Gero finalean epaimahaikoek dastatu zituzten berriro pintxoak, lau egunetan Hondarribiko tabernetan egon zen jendeak botoa eman zezala gero. Guk zori txarra izan genuen zeren gure pintxoa egin behar zuen sukaldaria joan egin zen eta gure pintxoa ez zuen inork dastatu, baina... hona etorri da jendea dastatzera.
Eta egin zenuten pintxo hori egunero izaten duzue hemen barran?
Ez, asteburuetan , igandeetan. Jendeak asteburuetan gauza bereziak dastatzen ditu baina astegunetan tortilla, urdaiazpiko bokata... asteburuetan jendea lasaitu egiten da.
Eskerrik asko, hau izan da dena, zorte izan hurrengo lehiaketan!!! Ines Lajas eta Juan Jose Anton
Ines eta Juan Jose Trapagako batzokiko sukaldariak dira. Udan Hondarribiko ostalaritza elkarteak antolatutako pintxo lehiaketan bigarren suertatu ziren. Ez dira lan horretan hasiberriak, eta aurretik ere parte hartu izan dute halako lehiaketatan. Esaterako, 2006ko ekainean Ondarruko Antxoa Egunako pintxo lehiaketa irabazi zuten.