377 Zenbakia 2007-01-12 / 2007-01-19

Euskonews Gaztea

Gaiak: Euskara Laudion

CARRERO, Jon Ander MARTINEZ, Ernesto

3B DBH mailako ikaslea3B DBH mailako ikaslea



L Argazkia: www.eustat.es audio lehen, XX. mendean, herri euskalduna zen, baina pixkanaka-pixkanaka gaztelaniak euskarari lekua kendu zion, baina badirudi gauzak aldatzen ari direla. Egun Laudioko kaleetan euskara entzutea oso ohikoa ez bada ere, gero eta gehiago entzuten da, zorionez. Esan behar da irakaskuntza ereduek zerikusi handia izan dutela: B eta D ereduetan matrikulatzen direnak A ereduan matrikulatutakoak baino gehiago dira. Honek esan nahi du gurasoak umeen hezkuntzaz eta etorkizunaz arduratzeaz gain, gure kulturaz ere arduratzen direla.

Bittoriano Gandiagak zioen bezala hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik. Edozein estatistika (www.eustat.es) begiratuta, konturatuko gara ezagutzak ez duela erabilera ekarriko. Ezagutza beti erabileraren gainetik dago, zoritxarrez. Beraz, horren gainean zerbait egin beharko dugu, guztion lana baita (hiztunik gabe ez dago hizkuntzarik eta alderantziz) erakundeetatik hasita.

Laudion hainbat plan jarri du Udaleko euskara sailak:

1. PARRANDAN ERE, ESADAZU EUSKARAZ kanpainaren helburu nagusia hauxe da: jai giroan euskararen ERABILERA suspertzea. Horretarako ezinbestekoa da identifikatzea zein zerbitzari (txosnetan eta hainbat tabernatan) den euskaldun eta euskaltzale. Hori elastiko gorri batekin egiten da. Kanpainari laguntzeko beste hainbat elementu banatzen da. Kanpaina hau auzo guztietako jaietan eta herriko jai nagusietan garatuko da, hau da, urte osoan zeharreko ekimena da. Orain artekoetan, oso arrakasta ona izan du eta euskaren erabilerak gora egin du nabariki.

2. Merkataritza eta ostalaritzan ere plan bat jarri zuen martxan udalak. Elhuyarrek hartu zuen honen ardura. Egoera aztertu ondoren, ekintzak antolatu zituzten eta horretan dihardute gaur egun, euskararen egoera hobetzeko.

3. Iaz Udaleko euskara teknikariak Laudioko ikastetxe ezberdinen koordinazioa lortu zuen herrian euskararen aldeko ekintzen berri eman eta parte ahal izateko (Euskararen Astea, Euskara Kontseilua, Euskoabentura, Berbalagun...). Aipatutakoen artean, azkena da berriena. Berbalagun izeneko plan hori euskara hitz egin nahi dutenei zuzenduta dago. Sortuko diren taldeen barruan euskaldun oso bat egongo da taldea bideratzeko.

4. Aurten, gurasoei ere aukera berezia eman zaie euskara ikasteko ordutegia haurrak klasean zeuden bitartean eta dirulaguntza izanik.

Proiektuak martxan badaude ere, gure udaletxean bertan ez dago aukera askorik euskaraz mintzatzeko langileek ez dakitelako edota hitz egiteko beldur direlako, batek daki.

Eusko Jaurlaritzak ere hainbat proiektu abian jarri ditu baina garrantzitsuena ULIBARRI izenekoa da, ikastetxe mailan egiten dena. Honekin euskara normalizatu nahi da. Esan behar dugu proiektu ederra dela baina, hezkuntza-erkidegoa osatzen dutenen ustez, hankamotz geratzen da ez duelako kontuan hartzen kanpotik datorren jendea.

Arazoa zein den irakasle bati galdetu diogunean ondorengoa erantzun digu:

“Geroz eta etorkin gehiago daukagu, eta geroz eta laguntza gutxiago. Etorkin horiek ezin dute euskara ikasi edo eta ez dute behar bezala ikasten ez baitaukagu giza baliabide nahikoa. Hau dela eta, euskara ikastetik salbuetsita daude. Beraz, ez ditugu bertaratzen edo integratzen, guztiz kontrakoa esango nuke. Horrela normalizatuko dugu gure hizkuntza eta bertaratuko ditugu?

Eusko Jaurlaritzak argitaratu zuen Harrera Planak zera dio: 4. DBH bukatzean, edozein ikasle gai izan behar da euskaraz zein gazteleraz komunikatzeko. Nola? Badirudi sail ezberdinen artean ez dagoela koordinaziorik, eta hori ez da batere justua ikasleentzat eta are gutxiago euskara normalizatu nahi dugunontzat”. Euskara sustatzeko aurrera pausoak eman nahi baditugu, guztion artean koordinazio eta adostasunak lortu eta erabakiak hartu beharko genituzke. Ateak zabalik utzi behar ditugu euskara normalizatu eta jendea bertaratu ahal izateko.