377 Zenbakia 2007-01-12 / 2007-01-19

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Kepa Sojo. Zinemagilea: Euskaraz lanen bat egitea gustatuko litzaidake, baina dirua lortzeko arazoak izaten dira

ESCONDRILLAS, Arantza FERNANDEZ, Nahikari

Kepa Sojo Laudiokoa da eta pelikula munduan lan egiten du. Honez gain, unibertsitatean klaseak ematen ditu. Filmeak egiteari buruzko zaletasun hori nahiko berantiarra da, 20 urte zituenean-edo sartu zitzaion grina. Ondoren bere lanari buruzko gauza gehiago jakiteko aukera izango dugu.

Orain arte laburmetraiak egin dituzu, esaterako, “100 maneras de hacer pollo al chilindrón”, “Looking for Txentxo” edo “Cuando puedas”. “El síndrome de Svensson” izango da zure lehenengo luzemetraia, zer duzu gustokoen laburmetraiak ala luzemetraiak egitea?

Azken finean gauza bera da. Denbora gehiago behar duzu baina... Adibidez zazpi urte eman ditut pelikula hau egin ahal izateko. Jendeak uste du berehala egiten dela baina ez da horrela. Gauzak atzeratu egiten dira arrazoi desberdinak direla eta, batzuetan dirua da beste batzuetan aktoreen gaisotasunak direla...

Lan erraza al da?

Hegazkinak, oso lan nekagarria da, kasting bat egitea... Gainera guk, Valentzian eta Cuencan grabatu genuen pelikula, eta autoa hartu eta filmatzera joan behar genuen. Eta gero pelikula filmatzeko zazpi urte egon ginen.

Eta filmatzearena lan laburra al da?

Bai, bueno laburra baina oso nekagarria, astelehenetik larunbatera lan egin beharra; eta hamar-hamaika orduz! batzuetan bakarrik, baina... Gero filmaketa egin behar da eta ondoren muntaia eta soinu nahasketa. Konplikatua da eta pazientzia asko eduki behar da aurrera jarraitzeko.

Zer nahiago duzu idazlea ala zuzendaria izatea?

Gidoiak egitea gustatzen zait, baina pelikulak egitea eta planoak egitea nahiago dut, kamarekin egotea eta aktoreekin tratatzea oso dibertigarria da, nik egindako pelikuletan behintzat.

Klaseak ematea ala pelikulak egitea?

Irakaslea izatea beti gustatu izan zait eta argi dago momentuz pelikula egitetik ezin naizela bizi. Momentuz biak egiten ditut eta inoiz bien artean aukeratu beharko banu ikusi dut zein.

Ba al daukazu gertaera harrigarriren bat?

Bai, kanposantu batean egon ginen filmatzen eta efektu bereziekin etorri zen mutikoari atzamarretatik kea ateratzen zitzaion eta guk galdetu genion ea zer gertatzen zitzaion eskuetan. Berak erantzun zigun ez zitzaiola ezer gertatzen eta aurrera jarraitu genuen.

Zer egiten duzu zuzendaritzan?

Aktoreekin bildu, entseatu eta gero planoetan lehendik ateratako ideiak komentatzen ditugu, musikari buruz hitz egin...

Zer behar dugu pelikula bat egiteko?

Pelikula bat egiteko behar duzun lehenengo gauza dirua da, eta horretarako gidoi bat izan behar duzu, dirua jarriko duenari gustatuko zaion gidoia. Gauzarik zailena dela uste dut eta dirua lortzeko handik hona ibili behar da derrigor.

Zeuk jasotako sarietatik zein da garrantzitsuena?

Azken pelikularekin bakarrik bi sari izan ditugu Valentziako mostran eta Albazeteko zinemaldian, publikoaren saria zen, eta niretzat publikoak filma gustokoa izatea oso garrantzitsua da azkenean beraiek izango direlako pelikula ikusiko dutenak.

Ikusten duzu zeure burua beste maila batean, esaterako estatu mailan edo Hollywooden?

Estatu mailan banago pixka bat kokaturik, baina atzerriari dagokionez... gustatuko litzaidakeela ezin uka.

Noiztik datorkizu zaletasun hau?

Gaztetan zinemara joaten nintzen baina ez zitzaidan ezta burutik pasa ere egin zuzendaria izatea. 20 urterekin hasi nintzen kontu honekin. Doktoradutza egin behar nuen eta gai bat aukeratuta neukan arren irakasle batek esan zidan beste gai bati buruz egiteko. Galdetu zidan ea zinema gustokoa nuen eta nik baietz erantzun nion. Zinemari buruzko doktoradutza “Mister Marshall” pelikulari buruzkoa egin eta unibertsitatean zinemaren historiari buruzko klaseak ematen ditut ordutik.

Zaila al da mundu honetan sartzea?

Konplikatua da, baina ni oso ausarta izan naiz beti eta esperientzia berriak izatea gustatu zait. Hasieran, nire diruarekin egiten nuen arren beranduago sariekin berreskuratu nuen diru hori.

Noiz estreinatuko da azken pelikula?

Oraindik ez dakigu. Lehen emanaldia pelikula amaitu genuenean eskaini genuen. Orain dela bi urte filmatu genuen, gauzak oso astiro doaz mundu honetan.

Zerbait euskaraz egiteko asmorik edo? Jakina, baina euskaraz pelikula bat egiteak “arazoak” dakartza, dirua lortzeko, adibidez. Hemen bakarrik ikus daitekeenez... ba dirua ez du edonork ematen. Kepa Sojo(Laudio, 1968)

Gaztetatik ikus-entzunezko munduari loturik egon da, EHUn Zinemaren Historia eta bestelako Ikus-entzunezko komunikabideetako irakaslea da. Bienvenido Mister Marshall pelikulari buruzko tesiarekin doktoratu zen EHUn. Hiru film labur zuzendu ditu: 100 maneras de hacer el pollo al txilindron (1997), Looking for Txentxo (2002), eta Cuando puedas (2003). Lehenengoarekin sari ugari irabazi zituen. Horien artean, Logroñoko Actual’98n Publikoaren Laburmetrai onenaren saria edota Publikoaren saria Laburmetrai onenari Gasteizko XIV. Euskal Zinemaren Astean. Lehen film luzea ere zuzendu du: El síndrome de Svensson. Eta Platos Sucios telesailerako kolaborazio lanak egin ditu ETBrentzat.