Euskonews Gaztea
Gaiak: Auzolandegiak
Historia apur bat Auzolandegiek udako aisialdia eta ordaindu gabeko lana uztartzen dituzte eta beste hiri, kultura eta herrialde batzuetako pertsonekin bizi izateko aukera eskaintzen dute. Proiektu honen ideia Lehen Mundu gerraren amaieran sortu zen. Giza laguntzarako hainbat boluntarioen azpiegitura eta sarea aprobetxatu zuten udako hilabeteetan zehar suntsitutako herri eta hirietako azpiegiturak berritzeko. Hamarkada ugari pasatu ondoren ere, bere horretan jarraitzen du uda oporretako hamabostaldiak boluntario gisa arkitektura proiektuetan, ingurumen arlokoetan eta ekintza humanitarioetan aritzeko. Arestian esan dugun moduan, auzolandegietan urtero leku askotako europar gazte ugari biltzen dira, euren borondatez eta ordainetan ezer ere jaso gabe, aldi batez elkarrekin bizi eta gizartearen onurako izango den proiektu batean parte hartzeko asmoz. Hauetan ematen diren ekintza osagarrien artean elkarbizitza, tolerantzia, elkartasuna, parte-hartzea eta kultura aniztasunean bizitzea bultzatzen dira. Mota desberdinetako auzolandegiak antolatzen dituzte, kultur ondarea berreskuratzea helburu dutenak. Natura zaintzea, ingurunea eta ekologia xede dituztenak, edota giza ekintzak sustatzen dituztenak.
Ezaugarriak Udako auzolandegiek, dena den, ezaugarri bereziak dituzte: Lehenengo eta behin auzolandegien inguruak ezagutzeko, hainbat txango, ibilaldi eta ekintza antolatzen dira, nekazal inguruneak ezagutzeko parada emanez. Horrez gain, esperientzia berriei bidea zabaldu behar diegu, pertsonek euren kultura eta ohitura trukaketa, elkarrenganako errespetu eta elkartasun printzipioak elkarrekin bizi eta musu truk helburu batzuk lortuz. Honela errealitate kultural, ekonomiko... desberdinak ezagutzeko aukera emango du. Azkenik, auzolandegietan komunitatearen aldeko lanak egin behar dira, hala nola parte-hartze aktiboa eta guztien artekoa, eta jarduerak era sortzailean eta elkarlanean egitea, aisialdi konbentzionala alde batera utzita, taldean ondo pasatzeko asmoarekin eta taldera moldatuz. Honekin argi gelditzen zaiguna da ez direla auzolandegiak lan egiteko toki hutsak, ez udalekuak ezta turismo merkea egiteko modu bat ere.
Baldintzak Autonomia Erkidegoko erakundeek tramitatzen dituzte auzolandegiak eta parte hartzeko baldintza batzuk bete behar dira: 16 -25 urte bitartekoa izan eta topaketako 15-20 egunetako ostatu mantenuaren truke 60 euro ordaintzea. Ez dute luxurik ezta erosotasunik ere eskaintzen, kanpin-dendetan oinarri-oinarrizko geletan lo egiten da, eta sarritan ohearen lekuan koltxonetak aurkituko ditugu lurrean. Proiektuaren arabera otorduak prestatzea eta logistika talde ardura ere izaten dira. Proiektua zuzentzeko monitore espezializatuak egoten dira eta batzuetan aisialdirako beste ekintza batzuk ere eskaintzen dituzte, baina parte hartzaileak izaten dira denbora librearen arduradunak. Badira ere auzolandegietan bete behar diren hainbat arau; esaterako, ezarritako lan zehatzak betetzea, ordutegiak betetzea, alkoholdun edaririk eta bestelako drogarik ez hartzea, e.a. Baina, ahaztu ezin dena da hor daudenak proiektu bat garatzeko daudela eta erantzukizuna eurena dela. Bukatzeko, animatzen zaituztegu gazteei zuzendutako proiektu hauetan parte hartzera, tolerantzia, elkarbizitza eta bestelako baloreak gureganatuz eta elkarbizitzaren aldeko ekintzak bultzatuz guztion artean.