374 Zenbakia 2006-12-15 / 2006-12-22

Gaiak

Etengabeko formazioa: izena eta izana

ZALDUA, Luis María

Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa ren zuzendaria



Hasteko, zilegi bekigu “etengabeko formazioa” eta antzeko esamoldeez hitz batzuk esatea. Izan ere, sarritan, iritziak nahasi ibiltzen dira heziketa/hezkuntza, ikaskuntza, formazio eta antzeko hitzak ahotan hartzen ditugunean. Nahaste-borraste hori, gainera, areagotu egiten da aurretik edo atzetik beste hitz batzuk eransten dizkiegunean: etengabeko (formazioa), bizitza osoan zeharreko (ikaskuntza), (heziketa) iraunkorra, eta abar.

Goian aipaturiko esamoldeak nahiko berriak direlakoan gaude, itzulpenak baizik ez direla ez esateagatik. Baina gatozen harira.

Formazio hitza latineko formatio, -onis terminotik dator eta, jatorriz, “forma eman” esan nahi du. Sail berekoak dira formal (ibili, portatu) eta formala (izan). Hitzak hizpidea ekarrita, diogun, formazio jatorraren ordez, formakuntza erabiltzen dugula sarri askotan, jakinaren gain egon ala ez egon.

Hezkuntza hitza hezi aditzaren eratorria da. Berez, hezi-k hiru esanahi dituzke: “zuzendu”, “trebatu” eta “otzandu, etxekotu”.

Hirugarrenik, ikaskuntza dugu, ikasi aditzetik eratorritakoa. Ikaskuntza-ri loturik, hor dago ikastuna (aprendiz; apprenti, -e) hitza ere, espainoleko aprendizaje-rekin nahiz frantseseko apprentissage-rekin uztar daitekeena, hain justu, termino horretatik baitatoz biak. Azpimarra dezagun, hortaz, espainoleko aprendizaje eta frantseseko apprentissage terminoa ofizio edo ogibide bat ikastearekin daudela lotuak jatorriz. Horrelakoetan, jakintza, ikastetik edota eskamentua izatetik datorke.

Horrenbestez, antzekotzat badauzkagu ere, eta erabili, sinonimoak balira bezala badarabiltzagu ere, hiru hitzen esanahia ez da bera; ez dator bat, erabat behintzat. Formazioa ikasle edo ikastunaren izaerarekin dagoke lotua, alegia, pertsona bati “forma ematearekin”. Horrekin duke zerikusia, lehen aurreratu moduan, norbaiti “formala” dela esatea (ala ez). Formazioa, beraz, jaso egiten da, edota —nahiago bada— jasan.

Heziketa edo hezkuntza, ostera, “norabide” kontzeptuarekin lot genezake, hau da, norbaiten (bizitzaren) nondik norakoarekin. Ez luke “izaerarekin” aurrekoak duen lotura estua, jatorriz bederik.

Azkenik, ikaskuntza subjektuaren esku legokeen garapena litzateke neurri batean eta, formazioak eta heziketak ez bezala, ikastunaren aldeko jarrera eskatuko luke. Hitz batean, ikasteko, ikasmina izan behar du ikasleak, edo ikastunak, apur bat bederik. Aitzitik, hala formaziorako nola heziketarako, teorikoki, ez da nahitaezkoa hartu behar duenaren aldeko jarrera.

Bada beste hitz bat, —zergatik ez aitortu— oso gustukoa duguna gainera, baina beste baterako utziko duguna: jantzi (zerbaitetan jantzi, pertsona-jantzia...)

Jakina, egun ez ditugu jatorrizko esanahia gogoan dugula erabiltzen, baina, hala ere, ez dugu uste, ogibidetzat ditugunontzat behinik behin, behinola zuten esanahiari buruzko azalpen txiki horiek erabat tokiz kanpo daudenik.

Etimoaz landa, aztergai ditugun hitzen nondik norakoa zehazteko, badaude bestelako irizpideak, non, nola eta zergatik galderen erantzunak esaterako.

Formazioa formala, ez formala nahiz “informala” izan liteke. Formala denean horretarako egokituriko guneetan (ikastetxeetan, unibertsitatean...) burutzen da, eta egiten edo jasotzen duenak, bukaeran, titulu edo agiri “ofiziala” jasotzen du. Hitz batean, arauturiko zerbaiti buruz ari gara, “sistema” baten barruan garatzen den zerbaiti buruz.

Ez formala denean, horretarako egokituriko guneetan burutuagatik, formazioa amaitzen denean ez da titulu ofizialik luzatzen. Damurik, balio gutxiago ematen zaio askotan alderdi honi, hain justu ez arautua delako, hots, “sistematik” kanpo dagoelako, askotan arauturiko sistema horren osagarri izaten bada ere.

“Informala” denean, formazioa ez da ezinbestean subjektuak jakinaren gain burutzen duen zerbait, eta gerta liteke, gainera, ikasle edo ikastunak aintzat ez hartzea, alegia, baliorik ez ematea. Ikaskuntza “informala” nonahi eta nolanahi gerta liteke, sarri askotan ikaslea bakarrik dagoelarik. Noski, ez zaio inolako titulu ofizialik ematen inori.

Bada aurreko hiruak biltzen dituen termino bat, bizitza osoan zeharreko ikaskuntza edo etengabeko ikaskuntza. Esamoldeak berak adierazten du, argi eta garbi, zer den. Hain justu, horixe da gero eta indar gehiago hartzen ari den eredu edo ikuspegia, bizitza osoan zeharreko ikaskuntzarena alegia. Besterik da ikuspegi berri horren zergatikoak egiazki zeintzuk diren jakitea (pertsonaren garapena edo bizi-poza handitzea, lan-alorreko ekoizpena hobetzea...), baina labur beharrez, hemen utziko dugu. Guztiarekin, bizitza osoan zehar ikasten dugun horren guztiaren osagai bihurtu bazaizu, lortu dugu lerro hauek idazterakoan genuen helburua, irakurle.