372 Zenbakia 2006-12-01 / 2006-12-08

Gaiak

Pío Baroja, Luis Martín-Santosen gogoan

GORROTXATEGI GORROTXATEGI, Pedro

Medikuntzan Doktorea, Euskal Herriko Unibertsitatean BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA



Egun hauetan, Pío Baroja, Donostiako idazlerik garrantzitsuenetarikoa, hil zeneko berrogeita hamargarren urteurrena ospatzen ari gara. Hori dela eta, nahi nuke gogorarazi haren iritziei, ideiei eta narratibari buruz Luis Martín-Santosek Akademia Errantearen bilera batean esandakoa. Akademia errantea

Pio Baroja Sarrera gisa, “Akademia Errantea” izeneko instituzio kultural horrek izan zuen garrantzia laburbildu nahi nuke. Hainbat ideologiatako euskal intelektualak (sozialistak, nazionalistak, komunistak, etab.) elkartzen ziren bertan, eta gai kultural anitzi buruz hitz egiten eta eztabaidatzen zuten. Bilera horien meritua Ángel Cruz Jaka Legorbururena izan zen, langile nekaezina eta partaide guztien arteko lotura. Zazpi bileren berri dugu: horietariko lau “Colección Auñamendi” bilduman argitaratuak eta hiru oraindik argitaratu gabeak. Garai “oparoenaren” ostean, 60 eta 63 urteen artean, bilera horiek egiteari utzi zioten behin betiko. Ordena Publikoko Epaitegiaren itzal beltzak, Melitón Manzanas komisarioak ordezkatua, horiei amaiera eman zien1. 98ko belaunaldiari buruz. Baroja-Unamuno

“98ko Belaunaldiari” eskainitako Akademia Errantearen bilera gogoratu nahi dugu. Bilera hartan, “Baroja-Unamuno” bikotearen azterketa egin zuen Martín-Santosek. Bi euskal intelektual horien arteko antzekotasunak eta desberdintasunak aztertuz hasi zen:

Miguel de Unamuno “Bien artean desberdintasun handiak daude, baina, badituzte antzekotasunak ere, orain azpimarratuko ditudanak: Biek dute agresibitate indibidualista, hau da, biek pentsatzen dutena esaten dute, gauzak izendatzeko dagokien hitza erabiltzen dute, iraindu egin behar denean iraindu egiten dute, kritikatu egiten dute kritikatu egin behar denean, gaizki dagoena salatu egiten dute, bortizkeriaz, zakar hitz eginez”.2

Ondoren, bere iritzia eman zuen Barojaren narratibaren ezaugarri nagusiei buruz, bere intelektual posiziotik Barojaren literaturan eta narratiban aurkitutako bertuteei eta hutsuneei buruz.

“Barojak, bere pertsonaien bitartez, ez du arazo metafisiko, filosofiko edo sozial zehatzik azaltzen. Bere pertsonaiak estanpa erara aurkezten ditu, kanpotik ikusita, eta horien psikologia azalekoa da. Egiten dituzten ekintzak benetakoak dira, baina ez du ekintza horien barneko mekanismoa aztertzen.

Obra bat bere osotasunean garatzeko, nire ustez, behar-beharrezkoa da ekintzan zehar pertsonaiak bilakaera bat izatea. Ezinbestekoa da pertsonaiak arazo moral bat izatea (bi betebeharren arteko gatazka, sarritan) eta horri irtenbidea aurkitzea, eta arazoa konpontzerakoan pertsonaiak aldaketa izatea. Pertsonaiari aurkezturiko arazoaren bilakaerarekiko eta konponbidearekiko paraleloa den haren bilakaera ikusi dezakegu obra benetan garrantzitsu batean”.3

Luis Martín-Santos Behin Martín-Santosek Ricardo Domenechi literaturan erakutsi nahi zuena azaldu nahian esan ziona gogorarazten didate esaldi horiek: “uste dut beharrezkoa dela erotasunen deskribapen estatiko soiletik kontraesanen benetako dinamika azaltzera igarotzea “en actu”.4

Kontzeptu horiek Martín-Santosen literatura-teoria pertsonalaren zati dira, urratsez urrats eta presarik gabe, landuz joan zen “Errealismo Dialektikoarenak”. Larachen jaiotako idazleari, adopzioz donostiarra, heriotza oso goiz heldu zitzaionez, ezin ditzakegu sakonki ezagutu bere literatura-teoriaren ezaugarriak. Oteizaren oroitzapenak

Jorge Oteiza Bestelako balorazioa egiten zuen Jorge Oteizak, “Akademia Errantearen” bilera horietan Martín-Santosen solaskide zenak. Bilera hura eta Martín-Santosen arrazoibide hura gogoratuz, honako hau esan zuen:

“Bilera horietariko batean, eztabaidan jardun nuen berarekin, Baroja babesteko. Eleberriari buruzko esperientzia eta ideia berrien ikuspegitik Barojari eginiko kritikak ezin ditzaket esan bidezkoak ez zirenik, baina, bere hitzetan garbi ikusten zen Baroja ez zuela begiko, ez zuela bat ere maite.”5 Amaierako gogoetak

Ez dut Martín-Santosek Baroja maite zuen ala ez eztabaidatzeko asmorik. Hori ez da lan honen xedea.

Honen helburua honako hau azaltzea besterik ez da: Akademia Errantea izeneko instituzioak jardunaldia antolatu zuela 98ko Belaunaldia aztertzeko, eta proposaturiko gaietariko bat Barojaren narratiba izan zela. Bilera hartan, Luis Martín-Santos idazle donostiarrak Barojari buruzko bere iritzia eman zuela, oinarri estetikoen ikuspegitik, “Errealismo dialektikoaren” kontzeptua laburbildua. Bilera hartan eztabaida izan zela, 60. hamarkadako Euskadiko bi intelektualik garrantzitsuenen artean, Luis Martín-Santosen eta Jorge Oteizaren artean. Momentu honetan, Don Píoren heriotzaren berrogeita hamargarren urteurrena gogoratzen ari garenean, gertaera eta gogoeta horiek gogoratzea “Itzeako” jakintsuaren inguruan euskal gizartea egiten ari den gogoetari ekarpen bat egitea da. 1 GORROTXATEGI GORROTXATEGI P “Cultura y tolerancia. Significación de la “Academia Errante”. Euskonews & Media 127 zk. (2001/6/15-22) 2 MARTIN-SANTOS, L., “Baroja-Unamuno”. HAINBATek idatzita, Sobre la generación del 98. La Academia Errante Nº 3, Donostia, Auñamendi bilduma, 1963, 106-108 or. 3 Ibiem 103-113 or. 4 DOMENECH, R., “Luis Martín-Santos”. Insula, 208 zk. (1964), 4 or. 5 OTEIZA J. Luis Martín-Santos en el recuerdo de Oteiza. Zarautz, 1988ko abuztua. GORROTXATEGI P., Luis Martín-Santos Historia de un compromiso. Kutxa Fundazioa, 1995, Donostia, 360 or.