372 Zenbakia 2006-12-01 / 2006-12-08

Gaiak

Argentinako Mar del Plata-ko “Denak Bat” euskal etxearen ARTABURU EUSKALTZALE ELKARTEA
ENE Sariaren irabazlea

ARTABURU EUSKALTZALE ELKARTEA



Zer sentitzen da euskarazko klaseak ematen, Euskal Herritik milaka kilometrotara?

Sentimendu bereziak sortzen zaizkigu, bi hitzetan azaltzeko zailak direnak.

Alde batetik ez gara benetako irakasleak, edo beste modu batean esateko irakasle profesionalak ez gara, baizik eta dakiguna irakasten saiatzen gara, horregatik ez dugu ikusten geure burua irakasle gisa. Euskara ikasi bitartean irakatsi behar dugu, hau da, euskalduntze prozesua amaitu gabe euskara irakatsi behar dugu euskal etxean.

Beste aldetik, gure klaseetara datorren jendeak, oro har, inoiz ez du euskaraz hitz egiten entzun, ez dakite ezer ez euskarari buruz, ez Euskal Herriari buruz. Batzuk euskaldunen ondorengoak dira, orduan ideia pittin bat dute, baina beste batzuk ez, eta ezer jakin gabe pixkanaka-pixkanaka lehenengo euskarazko hitzak esaten hasten dira, eta une hori, guretzat benetan hunkigarria da, haur txiki bati irakastea bezala da, berriro jaiotzea da, euskaldun jaiotzea. Eserita, ezkerretik eskuinera, Esteban Capurro irakaslea, Adolfo Mendizábal eta Amparo Arregui ikasleak, zutik Gabriela Churruca (bere kartelarekin FEVAK antolatutako lehiaketan 3. saria lortu zuena) eta Osvaldo Destandau (bere kartelak 1. saria irabazi zuen).

Horretaz aparte, euskal etxeko haur eta nerabeekin euskaraz jolasten eta abesten saiatzen gara, eta hori beste sentsazio bat da, indar gehiago eskatzen digu, baina nabaritzen dugu nola ikas daitekeen pentsatu gabe, bakarrik abesten edo jolasten, haurrek beraien freskotasuna eta alaitasuna ematen diote klaseari.

Zer da euskara, klaseetara joaten diren ikasleentzat?

Kasu batzuetan arbasoen hizkuntza da eta horregatik errespetu handia daukate hizkuntzarenganako. Beste kasuetan kuriositate bat baino ez da, arrunta ez den hizkuntza deritzote, baina laster ulertzen dute euskara euskaldunon nortasuna dela, nahiz eta beste hizkuntzen menpean bizi izan, aurrera doala, eta euskara maitatzen ikasten dute, hizkuntza ikasteko zaila izan arren. Haurrak “Kmk”ko egunean “Intxixuak” pintatzen, ekintza euskara klasearen markoren barruan egin genuen.

Mezu bat, munduan zehar euskara ikasten ari diren pertsonentzat. Bernardo Atxagak “Soinujolearen semea” liburuan diona, oso gustukoa dugu; “Euskaldun batek euskaraz hitz egiteari uzten dioen bakoitzean, euskara hiltzen da pixka bat, galtzen da” eta gauza bera gertatzen da ikasle bat euskarazko klasetara joateari uzten dioenean. Euskara galtzeko zorian dago, hilzorian, euskara oraindik bizirik dago baina behar gaitu, horregatik jarrai ezazue euskaraz ikasten, euskaldunon nortasun marka baita, euskararik gabe euskaldunak ez gara euskaldun.