372 Zenbakia 2006-12-01 / 2006-12-08
Urte literario hau beharbada ez da historiara pasako, ezpada Ramon Pinilla getxotar idazleari Espainiako Narratiba Saria eman diotelako -gero eta gehiago dira sari horren jabe diren euskal idazleak- baina bai egon behar dugu seguru historia berehala literaturara igaroko dena. Aurtengo gertakaririk garrantzitsuenak, literaturaz kanpokoa beronek, hau da, ETAren su-etenak, ez ditu literaturaren bazterrak erabat harrotu, gure herriaren historia aldatu badu ere. Hobeto esanda, ez du astirik izan, eta ez da ustekabean harrapatu gaituelako -bazetorrela genekusan- baizik eta literaturak denbora behar du historian eta gizartean izaten diren aldaketez gogoeta egiteko; funtsean, literatura ere gogoeta delako, isla bat. Baina, aspaldian gatoz idazten bai ETAz, bai une historiko honi lotutako aferez, eta hobe ez, identitateaz ere. Ez da berria. Berria dena su-etena bezalako gertakariak uneari ematen dion dimentsioa da, historikoa esango genuke, eta testuinguru honetan gaiari buruz argitaratzen diren lanek ere beste dimentsio bat berenganatzen dute, horren premiazko dugun katarsia egiten laguntzen dutela esatera ausartuko ginateke. Ildo horretatik ekarri digu urteak Joseba Zulaika antropologoaren saioa, ETAren hautsa (Alberdania), unerik egokienean ekarri ere iraganaren katarsia egin eta etorkizunaren gogoeta egiteko. Gogoeta kontakizun bihurtzen da Ardotxiren eleberrian, Mentxakaren aitorpena (Elkar), zeinak 70ko hamarkadan atxilo baten gorabeherak kontatzen baitizkigu. Eta beste saio bat, Joseba Gabilondoren Nazioaren hondarrak (EHU), non eta beste paradigma bat proposatzen digun orain arte nagusi izan den literatura nazionalaren eskema zaharkitua gainditzeko. Horren aburuz, benetako euskal literaturaren historia kontatzekotan, erdaraz idatzi izan duten eta idazten duten hemengo idazleak ere kontuan hartu beharko genituzke. Boladan diren kontzeptuak ez baditugu argi, horra hor Xabier Arregiren Herri, hiria, nazioa. Zibilismoaren sustraiak (Pamiela). Identitatea, gatazka, identitatearen gatazka eta antzeko gaiak ez dira liburu hauetan agortzen, eta ez dira agortuko hurrengoetan ere; gehiago aipatzearren, Joseba Aurkenerenaren indigenismo xumea Iparraldean gaindi (Gero) liburuan aipa genezake.
Ikusten denez, gaiok saiakera eta narrazio liburuetan banatzen dira. Bestelako saiakerak izan ditugu Manu Lopez Gaseniren Literaturak umeei begiratu zienean (Pamiela), ezinbestekoa ume eta gazte izeneko literaturaz jantzi nahi duenarentzat; eta Iñaki Arranzen Hitza azti (Alberdania), euskaren berezko baliabideen gainekoa eta Mendebaldearen mintzo mindua (Euskaltzaindia / BBK) Joseba Azkarragarena.
Iaz benetan urte ipuintsua izan bazen, honetaz ezin da gauza bera esan, genero horren argitalpen kopuru dezenteri eutsi arren. Iazko bilduma bik, Koldo Izagirren Sua nahi, Mr Churchill? (Susa) Eta Harkaitz Canoren Neguko zirkoa (Susa) bildumek bide arrakastatsua egiten segitu dute 2006an. Baina, ipuingintzak ondo merezitako saria erdietsi du Iban Zalduaren eskutik, aurtengo narratiba alorreko Euskadi Saria berarentzat izan baita, berarentzat eta iaz argitaratu zuen Etorkizuna (Erein) bildumarako. Beharbada, kritika ez da batera etorri liburu hau Zalduaren onena dela esatean, baina dudarik ez dago Iban Zalduaren ipuinek leku nagusia lortu dutela hamarkada honetako ipuingintzan, eta bide batez, jakina, gure garaiko narratiban. Azken urteetan ipuingintza gogor zetorren eta Zalduari emandako sari hau etorri da nabarmentzera, baita aitortzera ere, euskal ipuingintza garaikideak lortu duen maila. Badira ipuingintzaren plaza handira jauzi egin duten idazle berriak, Rafa Ugalde kasu. Gure gerretako heroiak (Elkar) dimoztarraren bigarren bilduma izanik ere, lan mamituagoa lortu du honetan eta leku bat egin dio ipuingile petoen artean. Petoa ere Laudioko Patxi Iturregi, Dioramak (Elkar) bilduma galtzarbean daukala itzuli dena, bere hirugarren ipuin bilduma. Iturregiren ipuin berriok, zertzelada labur eta eskematikoetan atonduta, bat datoz azken urteotan boladan dagoen ipuin biluzi mota horrekin. Eta benetako harribitxi bat, oraingo honetan itzulpenen alorrean, Leonid N. Andreiev-en Zazpi urkatuak narrazio bilduma. Andreiev Errusiako maisu handien artean dugu, Txejov eta Gorkiren pare, ipuingile aparta. Bere ipuinek XX. mendearen hasierako errusiar gizartearen krisia eta gizakiaren gogo-aldarterik ilunenak dakarzkigute.
Itzulpenek, Durangon argitaratuko denaren zain, ezarri dute goia euskal letretan. Libururik interesgarrienak. Ugari izan dira eta itzuli diren hainbat izenburu benetan garrantzitsuak dira literatura unibertsalaren eremuan. Jules Renard-en Axenario (Alberdania/Elkar), Pasqual Alapont-en Martaren infernua (Erein), Nagib Mahfuz-en Mila eta bat gauen gauak (Txalaparta), Bertolt Brecht-en Kaukasiar kreazko borobila (Artezblai), Eric-Emmanuel Schmitt-en Ibrahim jauna eta Koranaren loreak (Erein), Lydia Flem-en Izua (Alberdania), Irene Nemirovsky-ren Dantzaldia (Txalaparta), Gianni Celati-ren Guizzardiren abenturak (Igela), Yasmina Reza-ren Desolamendua (Igela), Groucho Marx-en Groucho eta ni (Meettok), Dorothy Parkerren Hona hemen gu biok (Alberdania/Elkar), Paul Austerren Brooklyngo erokeriak (Alberdania), Danilo Kis-en Hildakoen entziklopedia (Alberdania/Elkar), Gianni Celati-ren Paradisuko almanaka (Igela), Michael Morpurgo-ren Paeceful soldadua (Alberdania) eta Raymond Queneau-ren Estilo-ariketak (Igela) izan dira aurten argitaratu diren itzulpenetako batzuk. Zaila da aukeratzen liburu hauen artean, baina, irakurleen arreta gehien erakarri dutenak Flem-en Izua eta Austerren Brooklyngo erokeriak izan dira.
Euskal narratibara itzuliz, esan beharrean gaude urtea joan zaiola gehiegi nabarmendu gabe. Ez da egon beste liburuekiko aldea nabarmen ezarri duen libururik, ikusi beharko dugu urte hondarrean, Durangon hain zuzen, zer gertatzen den, baina ematen du azken urteetako joera garbia dela, izen handiek eleberririk argitaratzen ez dutenean, generoa atzean gelditzen da. Narratibari gagozkionean, nagusiki eleberriaz ari gara, baina, badira erraz sailkatzen ez diren lanak, horra hor Juan Luis Zabalaren Inon izatekotan (Susa) eta Karlos Linazasororen Bestiarioa, Hilerrikoiak (Elkar) literatura koadernoak, non eta gogoetak, ipuinak eta olerkiak ere nahasten dituzten. Fikzioa eta saiakeraren artekoa dugu, kasu honetan zinema eta filosofia elkarlotzen dituena, Fito Rodriguezen Kasandra Leihoan (Txalaparta). Hausnarketatik hurbil ere dago Pablo Sastreren Enpleguaren arbola (Susa) eleberria, lanak dakarren morrontzaren gainean gogoeta egiten duena. Irati Jimenez, Bat, bi, Manchester (Elkar), Zubikarai saria jaso duena; Peru Magdalena, Lile (Elkar), Igartza saria; eta Karmele Jaio, Amaren eskuak (Elkar), Igartza saria, ditugu argitaratzen hasi diren idazle berrien artean, emaitza ezberdinekin argitaratu ere. Genero eleberria da gutxitan huts egiten duena, irakurle batzuen artean behintzat, eta hori ondotxo daki Alberto Ladron Aranak, beti interesgarriak diren Arotzaren eskuak (Elkar) moduko thriller-egilea. Modako gai bat, teknologiak gure bizimoduan daukan eraginaren berri jaso nahi duenak Patxi Zubizarretaren Txantxa. Quick liburura baino ez du jo behar. Martxosoa eta gogorra, betiko legez, etorri zaigu Paddy Rekalde bere bigarren eleberrian, Ragga-ragga dator gaua (Susa). Urteak ere utzi dizkigu Laura Mintegiren Ecce homo (Txalaparta), berriro politikaren presentzia nabarmentzen duena; eta Javi Cilleroren Ero hiria (Alberdania), sarri ez, baina argitaratzen dutenean, beti lan interesgarriak eskaintzen dizkiguten idazle bi. Eta urtero utzi egiten ez duen bat, Xabier Mendiguren Elizegi, Arima enkoniatuak (Elkar) liburuarekin. Olerkigintza ere gorabehera gehiegirik gabe joan da. Urte hondarrean Sonia Gonzalezen Poema amiotikoak (Kutxa) eta Karlos Linazasororen Denbora aleak (Pamiela) izan genituen. Linazasororen lan poetikoa nabarmentzekoa da oso, une honetan gure olerkari moderno nagusia delarik. Aurten, berriz, besteak beste, argitalpenetan sendo abiatu diren olerkari bi nabarmendu beharko genituzke: Leire Bilbao, Ezkatak (Susa), eta Castillo Suarez, Bala hutsak (Elkar).