37 Zenbakia 1999-06-11 / 1999-06-18

Gaiak

Euskal Festak Zestuan, 1898

ALBERRO, Luzia

Euskal Festak Zestuan, 1898 Euskal Festak Zestuan, 1898 * Luzia Alberro Eusko Ikaskuntzak Euskal Herriko udaletxe desberdinekin egindako hitzarmenen harian, Zestoako Udalarekin egindakoaren ondorio dugu Luzia Alberro Goikoetxeak orain ehun urte herri honetan izan ziren euskal festei buruz egindako azterketa. Ondorengo lerroetan lan honen berri emango digu egileak berak. Burutu dugun lanaren helburu nagusiena 1898. urtean Zestuan izan ziren euskal festen azterketa izan da. Hasteko, ordea, "euskal festa" kontzeptuaren definizioa ematea egokia dela deritzogu, ezin baitugu banakotasuna ulertu lehenik orokortasunaren nondik norakoak ezagutu gabe. "Euskal festa" diogunean, euskal kutsua zuten festa eta lehiaketa desberdin ugari biltzen zituen ekintza multzoaz ari gara. Euskal lurretan, Anton Abbadia izan zen XIX. mende erdikaldean festa hauei hasiera eman ziena. Urruñan hasi eta Sara, Donapaleu, Maule... herri ugaritan ospatu ziren euskal festak. Abbadiaren izpiritu eta grina zabaldu egin ziren gainerako euskal lurralde eta erakundetara. Gisa honetan Nafarroan Asociación Euskara de Navarraren eskutik, Bizkaian Euskal Erria bilguneak antolaturik... euskal festen zabalkundea eman zen. Donostian, Donostiako Euskal Itz jostaldien Batzarrea izan zen jai hauen eragile nagusi. 1879. urtean hasi ziren donostiarrak Donostiako euskal jaiak antolatzen. Hauetan literatur eta musika lanek toki berezia zuten. Helburu nagusitzat lehiaketen bitartez "gure izkuntz ederra eta oitura on eta zarrak mendi oetan gorde eta alditeken geiena zabaltzea" eta "estimular el cultivo de su especial literatura (...) conservación y propagación de nuestra música popular" zuten. Nola eman zen ordea Donostiatik euskal jaiak Gipuzkoara zabaltzea? Noren eraginez? Gipuzkoako Aldundiaren lan eta nahiarekin egiten dugu hemen topo. 1894. urtean erabaki eta 1896an hasi zen Donostiako bilguneak antolatutako euskal festei ganadu lehiaketak gehitu eta ospakizun hauek probintzia guztira zabaltzen. Zein zen hau egitearenarrazoia? Ezinbestekoa zaigu une honetan garaiko kontestu soziopolitikoari erreparatzea. 1876. urtean guda karlistak galtzeak euskal foruen indargabetzea ekarri zuen. Honek Batzar Nagusien aldaketa ekarri zuen. Batzar Nagusien ospakizunen aldaketak, ez zuen jadanik agintariek gipuzkoar herriarekin zuten lotura ziurtatzen. Larramendik bere Corografian deskribatzen zigun festa giroa, bertan behera gelditzen zen. Nola berreskuratu galdutako hura? Nola herri eta agintarien arteko loturak mantendu? Gipuzkoako aldundiak aukeraz baliatzen jakin zuen. Euskal jaiak eta ganadu lehiaketak aitzakia harturik, galdutakoa berreskuratzeko saiakera egin zuen (jakina da, ganadu lehiaketen bitartez gipuzkoar abeltzantza eta nekazaritzaren hobekuntza ere bilatzen zituela, eta euskal jaien bitartez euskal kulturaren sustatzea). Honen lekuko ditugu 1898ko irailaren 17, 18 eta 19an Zestuan izan ziren euskal festak. Cubako gerra zela medio, ez ospatzeko zorian izan ziren euskal festa hauek. Herri xehe eta zenbait erakundek egindako eskakizunek ordea agintariak komentzitu eta festa egitaraua aurrera eraman erazi zuten. Festak ospatu edo ez ospatu eman zen eztabaidan, batzuentzat jai hauek zuten esanahi politikoaz ohar gaitezke (ez soilik esanahi ekonomiko edo kulturala, alor guztiak biltzen dituen proiektu politikoari lotuak baizik): izan ere festaren zati edo atal batzuk ospatu eta besteak ez ospatzeari (ganadu lehiaketa bai, literatur lehiaketa ez), ezezkoa eman baitzioten, Gipuzkoak aurrera osoki egin behar zuela arrazoituz. Orohar Zestoako euskal festek ohikoa zen egitura mantendu zuten, aurrerago ikusiko dugun bezala. Antonio Arzac izan zen hauen antolaketaz arduratu zen gizona. Zestoako Udal agiritegi eta Gipuzkoako agiritegi Orokorra aztertzeaz gain, garaiko egunkari eta aldizkariak (Euskal Erria dugu egokien) izan ditugu Zestuako euskal festa haien berriemale nagusi. Hiru izan ziren Zestuako festa haietan ekintzarik nagusienak: ganadu lehiaketa, prozesio eta Meza Nagusia eta literaturlehiaketa. Orain ehun urte, irailaren 17garrena, larunbata zen. Ganadu lehiaketa ospatu zen larunbatez: zezen, behi, txerri, ahari, asto, oilo... abere ugari zen bertan, bai eta lurra lantzeko tresna eta baserriko produktuen (gazta, ezti...) erakusketa eta lehiaketa ere. Arratsaldean, Aldundiko kideak bertan zirelarik, Salvea izan zen. Hilaren 18an, igandea, Meza Nagusia izan zen goiz partean behintzat, ekitaldirik garrantzitsuena. Elizara bidean, prozesioan joan ziren Zestuako alkate, Aldundiko kide eta Gipuzkoako zaindari den Inazioren irudi eta Ama Birjinarenarekin batera Zestua eta inguruetako herritarrak. Txomin Agirre lehenengotako euskal nobela diren Kresala eta Garoaren autore dugu berau sermoigile izan zen bertan. Euskal baserritarra idealizatu eta goraipatu zuen bere hitzaldian. Ganadu lehiaketako sarien banaketa ere igandez eman zen. Biharamonean, astelehenez, goizean goiz eman zitzaien hasiera festa ekitaldiei: diana, lasterketa... Zalantza izpirik gabe ordea, literatur lehiaketaren sari ematea izan zen gertakizunik nagusiena. Nekazarien bizimoduari buruz osatu beharreko lanen sailean Emeterio Arrese eta Biktoriano Iraola suertatu ziren irabazle. Gipuzkoako lege zahar edo foruei buruz idatzi beharreko lanetan berriz Franzisko Lopez Alen nagusitu zen. Sari banaketaz gain, danbolinjoleen lehiaketa, dantzarien saioa eta bertsolariak ere izan ziren astelehen arratsaldez. Laburbildu dugu Zestuako euskal jaiei buruz aztertua. Piskanaka piskanaka, atalez atal, ikerketa txikiak direla medio, euskal festa ezberdinen berri izaten eta ematen ari gara. Ez al da jada euskal festen izaeran sakontzen hasteko garaia? Hala uste dugu. Horretarako ez da nahikoa aztergai herrixka batetan emandako jaiak aztertzea: gutxieneko, euskal jaiak antolatu zituen erakunde baten azterketa sakona (izaera, helburua, partaideak, gainerako erakundeekin izandako erlazioak, antolatutako euskal festa ororen azterketa) egin beharra dugu. Euskal jaien ikerketan pauso hau eman beharra dugu jakintzanaurrera egin nahi badugu. Ulermen osoagoa nahi badugu gainera, ezinbestekoa izango zaigu euskal feston fenomenoa garaiko kontestuari lotzea, garaiko egoera sozioekonomiko eta politikoari lotzea. Modu berean, argigarri izango zaigu historialarioi era honetako gertakizunen azterketa gure lanetan barneratzea, orain arte kontutan izan gabeko iturriok, euskal herriaren historia global edo osoa ulertzen lagunduko baitigute. Luzia Alberro Goikoetxea, Historian lizentziatua