37 Zenbakia 1999-06-11 / 1999-06-18

Gaiak

ARRESSATEtik ARRASATEra

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

ARRESSATEtik ARRASATEra ARRESSATEtik ARRASATEra (edo, Pero Ferrandes da erruduna) * Josemari Velez de Mendizabal Lehengo maiatzaren 15ean, 739 urte betetzen ziren Mondragón hiriaren sorkuntzatik. Hain efemeride irregularrak ez zukeen nire arreta irabaziko, Euskonews eko 33. Zenbakian albistea irakurri izan ez banu. Eta hain zuzen ere, horrexek ipini nau ordenadorearen aurrean, ene ustez behin betikoz garbi utzi beharko litzatekeen puntutxo bat argitu asmoz. Nik badakit, ongi jakin ere, hutsaren hutsez infinituraino hel daitekeela eta historian zehar emandako desproposito askoren lekukotzak ideia horretan tinkoagotu beharko gintuzke. Jarraian hari irtenbidea emateko, noski. Lerro hauek ez doaz ezelako teoria zientifikorik azaltzera. Gehienetan egin dudan bezalatsu, irakurle naizenez geroztikako ondorio apala da hemen aurkezten dudana. Hori bai, Internet ek eskainitako babes mundialaren baitan. Beraz, nire hitzak ez direla berriz ere lur eremu idorretan eroriko pentsatu nahi dut, eta nonbaiteko irakurleren batek nire honen hariari helduko balio, ez nintzateke etorkizunean desertuko ahots bakartia izango eta, zori on apur batekin, zenbait teoriazale fantasiotsuen tesi erabatekoak desmontatu ahal izango genituzke. Ea bada. 1260ko maiatzaren 15ean, Alfontso X.ak Jakintsu gaitxizenarekin ezagunagoa nortasuneko agiria eman zion, une hartan bertan sortarazi zuen Mondragón hiriari. San Esteban del Puerton izenpeturiko jaiotze agiri hartan honela irakurtzen dugu: "Por fabor que avemos de fazer bien e merced a todos los pobladores de la puebla que es en Leniz, que avie ante nombre Arressate, a que Nos ponemos nombre Montdragon" Kurtsiba ez da garai hartako eskribauaren detailetxoa, nirea baizik. Arrasateko Udaletxean gordetzen den agiri horretan, nik baino askoz lehenago ere beste historialari batzuek ere irakurri dute hori. Baina ez bide diote garrantzi handirik eman, gaur honetara nakarren gaiaren gainean argi apur bat jartzeko. Nik dakidalarik eta horretarako EuskoIkaskuntzak 1992an argitaraturiko "Colección documental del Archivo municipal de Mondragón. Tomo I. 1260 1400" liburura jo dut Udaletxean badira beste dokumentu batzuk ere,1262 (2), 1270, 1280, 1281, 1282, 1294, 1302 (2), 1304, 1315, 1317 (3), 1326, 1332 (2) eta guztietan Mondragon izena azaltzen zaigu, aldaeraren bat edo bestearekin (Mondaragon, adibidez). Goiko dokumentu horien ostean datorren 1334.ko ekainaren 6koan, berriz, egon daiteke, urte luzetan gure "intelektual" askoren buruhaustea adierazi duenaren arrazoia eta, ondorioz, arazoaren giltza. Begira: aipatutako agirian, Alfontso XI.ak San Juan de la Peñan izenpetuan, honako hau irakurtzen da: "...sus procuradores con su procuracion seellada con su seello. E mostraronnos en commo el rey don Alffonso, nuestro visavuelo, que poblo la dicha villa de Montdragon, les ovo dado un previllegio en que se contiene que por saber que avia de faser bien e merced a los pobladores de la puebla que es en Lenis que avia antes nonbre Arrassate a que el puso Montdragon..." Halehoop! Horra hor, Mondragón sortu eta handik laurogeita lau urtetara Pero Ferrandes eskribau gizaraxoak eginiko transkripzioko hutsa. Jakin izan balu Ferrandesek zer nolako burukominak sorraraziko zizkien bere despiste haren ondorioz gure tokizenetako zergatikakoen hainbat bilatzaileri! Laburbilduz, mezua ikertzaile afizionatuei: edozein izenen etimologiaz aritzeko, arren, irakur ezazue pixka bat historian. Bidea erraztuko zaizue eta. Josemari Velez de Mendizabal, idazlea