357 Zenbakia 2006-07-21 / 2006-07-28
Hilabete bakarreko diferentziaz bi jaiotza garrantzitsuren lekukoa izan zen 1906an arrasatear gizartea. Aurrena Unión Cerrajerarena izan zen, ekainaren 22an. Uztailaren 26an, berriz, Iokin Zaitegi munduratu zen. Hartaz arrasatear gehienak jabetu ziren, ez baitzen txantxetako jazoera izan sei ehun bat langile biltzen zituen enpresa berri baten sorkuntza. Iokinena, suposatzen dut, ezkutuagoa igaroko zen, Zaitegi-Plazaola sendi hartan hirugarren kimua baitzuten eta, gainera, Iokinen ekarpena ez zelako urte batzuk igaro arte ernetu eta aintzakotzat hartu.
Mendeurrenak mendeurren, Zaitegiri ere iritsi zaio txanda, eta idazle/itzultzaile/kultura eragile/josulagun/apaiz eta abar izan zen gizon hartaz oroitzen naizen guztietan legez, eskerroneko sentimendua pizten da nigan oraintxe ere, hura izan baitzen hein handi batean - berarekin euskaltzaletasunaren gurutze bidean topo eginda- argi dorre bailitzan modu aproposean gidatu ninduena. Ez ziren urte asko izan, baina bai intentsuak. Euskalgintzan hasberria nintzelarik, 1972 urtearen hondarretan geunden, eta Arrasatera Guatemalatik heldu berri genuen Zaitegik halako xarma berezia irradiatzen zuen niretzat, berarekin zuzeneko langintzari urtebete inguru beranduago heldu banion ere. 1979ko abuztuan hil arte ordu ugari luze eta goxo eman genituen elkarrekin. Baita lan praktikoak burutu ere.
Ezagutu nuen Zaitegi idazlea, bere esparru literarioaren jorratzaile aparta. Lumaren bidez borroka emantzipatzailea azken punturaino eraman zuen arrasatearrak. Borroka heroikoa, epikoa. Baina gizarteak huts egin zion, kezka desberdinek arreta desbideratua, nonbait. Zaitegi garai okerrean jaio ote zen ere galdegin diot inoiz edo inoiz nire buruari. Baina ez dut erantzun borobilik aurkitu eta horrek abiapuntu berdinera eramaten nau, historian dagokigun espazioko nolakotasunen seme-alabak garela pentsatzera, alegia. Gure bideak gurutzatu orduko Zaitegiren ekarpena amaierako azken lerroak idazten ari zen. Poeta handia, idazle eta sortzaile trebea bere produkzioaren koadernoa ixten ari zen. Hala eta guztiz ere, euskararen defentsa etengabean egitasmo berriak diseinatzera ausartzen zen, frankismoaren diktaduratik askatzen ari zen gizarte hark norabide desberdinera begiratzen zuela igarri gabe.
Lagun izan nuen Zaitegi itzultzailea. Hizkuntza arrotzetik euskarara bihurtzeko bere baitan txertatutako hiztegi aberats ikaragarria erabiltzen zuen langile porrokatua izan zen Iokin. Paper orri zuritan esaera bakar bat hamaika moldetan itzul zezakeen literatoa genuen, urte luzetako ondorio argia, jakina. Arrasateko Erdiko Kaleko bere langelako desordenan han eta hemen barreiatutako ehunka esku izkribu solteak lan eskergaren adierazpen garbia ziren. Hizki ederrez idatzita, bere lanen orijinalak ziren! Han ibiltzen ginen gero biok, txukun-txukun ordenatzen, liburu gisa atera zezan Felipe Alkorta argitaratzaileari bidali aurretik.
Tratatu nuen Zaitegi erlijiosoa. Josu Lagundian hezia, erlijioaren pragmatismoaz zipriztindua egongo zela pentsatuko genuen. Baina Zaitegi desberdina zen. Edozein solasaldi eten zezakeen otoitz isilari ekiteko. Eta ahaztuko zen solaskideaz, gela berdinean egon arren. Baina ez zen mistiko, bere aszetismo erlatibotik begiratze mistikoa denbora alperrik galtzetzat jotzen baitzuen. Eta aszeta erlatibo idatzi dut, ez baitzuen Jainkoaren aintzarengatik soilik lanik egiten, Zaitegik utzitako altxor kulturalak garbi asko adierazten duen moduan. Mistikoen antzera, ordea, zalantzan ipintzen zuen batzuetan bera hil ondoren zeruetako erreinura iritsiko ote zen. Eta Zategiren mistizismoaren beste keinu bat daiteke arrazionaltasun ekonomikoaren kontrako bere jarrera kronikoa. Baina, hala ere, urruti zegoen mistikoetatik, Platonen gaineko aditua zenez gero egiaren objektibitateaz amets egiten baitzuen eta haren bilakuntzan jardun zuen Zaitegik eten gabe.
Adiskide izan nuen Zaitegi hiztun aparta. Kultura unibertsalaz bikain jantzia gauza zen orduak emateko bere gustuko gaietaz. Ezagutu ditudan pertsona kulturadunetatik gehien harritu nauena izan dela esango nuke. Klasikoen ezagutzan tinko jarria, koherentzia ematen zien bere irizpideei, Sofokles, Euripides eta abarren iturriek hondar aberatsa utzi zutelarik bere izpirituan. Bizitza osoa eskaini zion ikasketari, arrazoitzeari, eta bera bere burua “buru langiletzat” hartzen zuen, horren adierazpenak noraino behartzen zuen arras jabetuta.
Pertsona hausnartzailea zenez gero, bakardadea maite zuen, eta zoriontsua zen bere paperen artean, bere liburuekin. Hantxe gozatzen zuen gehien, ideiak ordenatzen, orriak esaerez betetzen eta bere bokazio intelektualari aukera ematen. Zaitegi humanista bat izan zen, euskal historiak eskaintzen zion konpromisoarekin zeharo identifikatua. Zaitegik bere “euskal ametsa” bizi nahi izan zuen zuzen-zuzenean, lantegian zer inbertitu behar zuen aldez aurretik neurtu gabe. Hausnartzaile, intelektual, ameslari,... eta utopiako maisua; horiexek ditugu bere bisita txartel hipotetikoan jarriko zituzkeen tituluetako batzuk.
Zaitegi argi errainu bat izan zen XX mendeko berrogei eta berrogeita hamar urteetako euskal kulturaren hodeiertzean. Argi zuzentzaile eta aberasgarria izan genuen, euskarazko ekoizpenean zinezko aitzindaria. Pionero gehienen ukitu adierazgarriarekin, hori bai, ausarta izan behar baita, eraiki zuen kultur espazioari berak eutsi zion indarraz heltzeko. Ausarta... eta - zergatik ez esan?- baita inozoa ere! Bere lan emaitza urrezkoa gertatu zen, urre trinkoa.
Zaitegirekin gizon harroa ere ezagutu nuen, Iokin ez baikenuen bat ere apal. Josulagunen arragoan zizelkatua, nabarmen hazi zen beste askoren artetik. Bere itzalean sinesten zuen, lurrean proiektatua bere gorputzarekin angelu zuzena egiten zuen itzal ahalik eta luzeenean. Uste zuen bere ekarpen intelektuala euskal gizarteak inoiz aintzat hartuko zuela. Eta atsegin zuen urlia edo sandiarengandik beraren gaineko laudorioak entzutea. Arlo horretan gainerako hilkor guztien antzerakoa genuela esan genezake, denoi baitzaigu kilikagarri hitz lausengarriak aditzea. Baina Zaitegi handitasunaren mugetara biltzen zen eroso, bere egoskortasunean.
Zaitegik, intelektual gehienen antzera, gutxitan onartzen zuen errua. Deslilura, etsipena samurrago ametitzen zuen errakuntza baino, etsipenak amorrua besteengan proiektatzea ahalbidetzen baitzion. Ariketa horrek iluntasuna zekarkion maiz izpiritura. Horren ondorioz gizakienganako fedea ahultzen zitzaion tarte luzez. Antzuak ziren orduan Zaitegiren ahaleginak. Alde horretatik euskal gizakiak askotan sufriarazi zuen Zaitegi, horren bizitzan garbi asko antzeman daitekeen moduan.
Zaitegi euskaltzale eta abertzalea izan zen. Euskadi bere aberria zen – “Euskadi eta kito!” esan ohi zuen- baina harenganako bere maitasuna ez zen hitz arranditsutan edota – bere hitza erabiltzearren- oturuntzetan erakusten, erbesteratze luzeko pena garratzetan baino. Aldarrikapenetan apostolua izan zen – berak “Bidalia” idatzi zuen- eta euskalgintzako gudaria. Euskadirengatik gaztaroko poeta hura kazetari bilakatu zen, argitaratzaile eragilea, euskararen aldeko doktrinario eta borrokalaria. Zaitegi ezagutu eta maite egin nuen. Orain, bere heriotzatik hogeita zazpi urte laster izango direlarik, berarekiko nire sentimendua begirunez eta eskerronez jantziagoa agertzen da, eta harro sentitzen naiz eskaini zidan adiskidetasunarengatik. Mende oso bat igaro da Zaitegi jaio zela eta bere heriotzako orduan idatzi nuen bezala, eskain geniezaiokeen omenaldirik zintzoena bere obraz jabetzen joatea litzateke. Omenezko hitzak ez daitezela hitz hutsak izan! Iokin Zaitegiren biografia (Josemari Velez de Mendizabal)