354 Zenbakia 2006-06-30 / 2006-07-07
E Euskal Herriko Unibertsitatea. Bizkaia. Leioa. uskal Herriko Unibertsitateak, data hauetan urtero egiten duen legez, amaiera eman dio aurtengo ikasturte akademikoari, eta datorrena prestatzen ari da. Balantzea egiteko eta datorren irailetik aurrera sartuko diren berrikuntzak aurkezteko garaia heldu da.
Udako oporraldia iristear dago EHUko lehen eta bigarren zikloetako titulazioetan izenemanda dauden 50.000 ikasle ingururentzat. Hauez gain, unibertsitateko ikasgelek 2.000 ikasle baino gehiago hartu dituzte hirugarren zikloan, eta Esperientziarako Geletan ere izan da parte-hartzailerik, hots, Giza Zientzien titulazioak 55 urtetik gorakoentzat eskaintzen duen ekimenean.
200 doktore berri ditugu adar ezberdinetan, 600 ikasle baino gehiago doktore izatear, eta milaka lizentziadun. Datu hauek eskuan hartuta, balantzeak ezin du positiboa baino izan.
Eta orain zer? Tituludun berriek erronka aparta dute aurrean, batzuetan konplexua izan daitekeena: enplegu bat aurkitzea. Estatistikei so eginez gero, EHUko ikasleek ez dute zailtasun handiegirik izango lan bat eskuratzeko orduan. EGAILAN txostenak adierazten duenaren arabera -unibertsitateko tituludunei graduatu ondorengo hiru urteetan egiten die inkesta-, 2001eko promozioko ikasleen %83ak aurkitu du enplegurik, edo jarduera independiente bat garatzen du -egindako azken inkestaren emaitzak dira-. Ezberdintasun batzuk suma daitezke sexuen artean
EGAILAN txostenean ikus daitekeenez, oraindik ere bada ezberdintasunik gizon eta emakumeen artean. Aldea, lehenik eta behin, ikasketak aukeratzeko orduan nabari da -nahiz eta azken bost urteotan zifrak orekatuagoak agertzen diren-; izan ere, Irakaskuntza Teknikoetan gizonezkoak dira ikasleen %73, eta Osasun Zientzietan emakumezkoak dira %82. Lan esparruari dagokionez, gizonezkoek denboraldi osoko enplegua aurkitzeko orduan erraztasun handiagoa daukatela nabarmendu behar da, eta, halaber, gizon zein emakumeen arteko soldaten artean dagoen desoreka, nahiz eta azken datu hau berdintasunerantz jotzen ari den. 1998az geroztik hazi egin da industriaren sektorean aritzen den emakumeen portzentajea, eta sektore pribatuetan ere pixkanaka berdinduz doa beren presentzia. Kanpoaldera zabaltzen
Azken urteotan, eta Unibertsitateak sinatu dituen lankidetza hitzarmen ugariei esker, handitu egin da EHUn seihilabetekoa edo urte osoa eman duten ikasle atzerritarren kopurua, eta mantendu egin da beste herrialdeetako unibertsitateetara joaten diren euskal ikasleen zenbatekoa (612 ikasle joan dira EHUtik ikasturte akademiko honetan zehar, eta 854 ikasle atzerritar etorri dira beren ikasketak Euskadin egitera, Erasmus-Sócrates programaren eta nazioarteko hitzarmenen bidez). Italia, Frantzia, Alemania eta Portugal dira euskal ikasleek gogokoen dituzten herrialdeak, eta hona etortzen diren ikasle atzerritar gehienen jatorria. Euskal Herriko Unibertsitatea. Gipuzkoa. Ibaeta. 2006-2007 ikasturterako berrikuntzak
Datorren ikasturte akademikotik aurrera, EHUk, lehen eta bigarren zikloko ia ehun titulazioez gain, beste ehun bat titulu eskainiko dizkie bere ikasleei, master, doktoradutza eta titulu propioen bidez. Eskaintza zabala da: irakaskuntza teknikoetan aurkituko dugun “Egur, paper eta biomaterialen ingenieritza” titulutik hasi, eta Gizarte Zientzien baitako “Migrazioa” titulaziora bitartekoak. EHUk, gainera, Kriminologiaren Euskal Institutuarekin batera antolatuko duen “Detektibe pribatuaren” graduaurreko titulua jarriko du ikasleen eskura.
Aipamen berezia merezi dute datorren ikasturtetik aurrera Unibertsitatean txertatuko diren 13 master ofizialek. Nagusiki, ikasleak enpresaritzaren munduan integratzera daude zuzenduta. Ikastaro hauek aurrerapauso bat suposatzen dute Goi Hezkuntzako Europar Espazio Bateratura egokitzeko orduan, horixe baita Boloniako Prozesua bezala ezagutzen den konbergentzia prozesuaren helburu nagusia. Onartu diren hamahiru masterretatik bederatzik, Hezkuntza eta Zientzien Ministerioaren Kalitate Aipamena jaso zuten doktoradutza programetan dute jatorria. Bestalde, eta ikastaroak nazioartekotzeko nahiari erantzunez, horietako hiru ingelesez emango dira beren osotasunean, eta beste hiruren kasuan euskaraz eskainiko da materiaren hein handi bat. Honela, bada, ekainaren bukaera iritsi eta ikastaroa amaitu zaigula, ikasleek merezi duten atsedenaldiaz gozatzeko aukera izango dute; Unibertsitatea, bien bitartean, datorren ikasturterako azken xehetasunak prestatzen ari da.