
Gaiak
Euskal enpresen nazioarte harremanen laguntzarako ekimenak
Globalizazioa gaur egungo gizartearen ezaugarri bereizgarrienetarikoa da, beraz, baita euskal gizartearena ere. Merkatu eta lehiakide berrien (Europar Batasuna eta Asiako merkatuak) agerpenak aukera ezin hobea eta kanpo hedapen bideak zabaltzen dizkie gaurko eta iraganeko euskal enpresei1.
Hasiera batean globalizazioa mehatxu gisa jasoa izan zen zenbait enpresa, erakunde eta gizartearen aldetik. Hala ere, egungo datuek frogatzen dutenez, azken urteotan euskal ekonomiak nazioarte-garapen mailan urrats garrantzitsuak eman ditu eta eboluzio eta aurrerapen argia erakusten dute. Euskal enpresek 1500 bat ezarpen dituzte kanpo herrialdeetan, horietatik 1266 inguru (84.4%) merkataritzakoak dira eta 234 (15.6%) produkzio ezarpenak. Merkataritza ezarpenen %60a Europar Batasunean koka ditzakegu, %27a Ameriketan eta azkenik %5.7 inguru Asia mailan. Esportazioei dagokienez, Euskal Herriak hazkuntza tendentzia garbia azaltzen du, gehien bat teknologi produktuen hedapenak bultzaturik. www.euskosare.org
Azken txostenen arabera, euskal enpresek aurrera eraman dituzten nazioarte hedapen prozesuak arrakastaz egin dira eta bidean topaturiko zailtasun eta mehatxuak kanpo hedapenak irekitzen eta areagotzen dituen aukerez guztiz konpentsatuak suertatu dira.
Nazioarteratze prozesuetan enpresek aurre egin behar dieten zailtasun aipagarri edo nagusienak administrazio aginduak, agindu politikoak, garraio kostuak eta dibertsitate kulturala dira. Bestalde, kanpo herrialdeetan bazkide estrategikoak nahiz kontaktuak (bezeroak, instituzio publikoak, saltzaileak,…) topatzea erabakigarria da kanpo hedapenak edo ezarpenak berez sortzen dituen eragozpenak murrizteko. Azkenik, enpresa-kulturaren igorpena, desberdintasun kulturalak eta atzerrira bertako langileak bidaltzeak dituen eragozpenak, giza baliabideei erlazionaturiko kontzeptuak dira. Azken arazo hauen agerpena areagotzen doa eta berriki, garrantzi handiko gai bilakatu da.
Euskal enpresak, enpresa irekiak izatekoa jarraitu behar diren pausu beharrezkoenak ematen ari dira. Baina zer da enpresa ireki bat? Enpresa mota hauek, mundua beraien aktibitateak edo jarduerak osatzeko eremu kontsideratzen dute, aukera anitz eta garrantzitsu identifikatzen dituzte bai salmenta eragiketetan, nahiz ikerketa eta garapen, produkzio, distribuzio…prozesuetan. Guzti horretarako kanpo hedapenerako bokazioa sortarazi beharra dago. Baina helburuak lortzearen arrakasta ez dago enpresen eskuetan soilik, baizik eta euskal unibertsitateen, instituzio publikoen, anitz erakunderen, etab, hau da, gizarte osoaren esku dago. Beraz, guztien artean sorturiko sinergiak, euskal ekonomiak atzerri harremanetatik eta elkartruketik eratortzen diren abagune eta aukerei onura ateratzeko aukera garbia izango du.
Guzti hau kontutan izanik, hainbat eta hainbat erakunde pribatu nahiz publiko ekimen eta akzio ugari abiarazten ari dira. Ekimen hauen helburua nazioarteratzeak eragiten dituen arazoei aurre egiteaz gain, nazioarte mailan euskal enpresen garapena bultzatzea da.
Hala ere, gaur egun ez dago euskal enpresen (ikuspegi integral edo osoari dagokionez) beharrak, zailtasunak, informazioa eta jakituria biribiltzen eta biltzen dituen ekimen edo jarduerarik. Ikuspegi bateratu honek zazpi herrialdeetan kokaturiko entitateak hartzen ditu erreferentzia gisa, hau da, Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Behe Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoa.
Guzti horregatik, eta enpresen kolektibo horren, eta diaspora osoaren beharrei eta eskariei erantzuna emateko Eusko Ikaskuntzak, Euskomedia Fundazioaren berme eta laguntzarekin, ekimen bat aurrera eramateko lehen urratsak ematen ari da: EuskoSare ekimena.
EuskoSare ekimena Interneteko gune bat da eta bere helburua Munduko Euskal Komunitate osoa biltzeko sare bat sortzea da, ez bakarrik ekonomia eta enpresa mailan, baita gizarte, hezkuntza eta kultura arloetan ere.
EuskoSare sare irekia, hierarkiarik gabea, deszentralizatua eta anitza da; euskaldun guztiena da eta euskaldun guztien zerbitzura dago. Lankidetzan oinarrituta dago; hortaz, mundu osoko euskaldunen borondateak bateratzeak eta lankidetzarako ekintzak antolatzeak berebiziko indarra du, eta horrek sarean dabiltzan norbanakoen aukerak izugarri handitzen ditu.
Munduaren ingurumarian sortuko diren era askotako harreman pertsonal eta instituzionalen sare aberatsaren bitartez, kultura, hezkuntza, gizarte eta ekonomia emariak areagotu egingo dira, eta horrek Euskal Herriaren eta euskaldunak bizi diren herrialde guztien hazkuntza eta garapena lagunduko du.
Ekonomia eta enpresa mailan, ekimen honen bidez honakoa lortu nahi da: Informazio oinarri integrala sortzea. Nahiz enpresa zein norbanako erabiltzaileen informazio beharrak eta eskariak asebeteko dituen datu baseak, Euskal ekonomiaren eta enpresen inguruko informazio gaurkotuenari esker. Zerbitzu bereziak eskaintzea. Kanpo harremanetarako jardueretan enpresariei sortzen zaizkien beharrei erantzuna eman eta nazioarteratze prozesuetan sorturiko arazoak murrizteko laguntza eta bermea ( atzerrian produkzio zentralak dituzten euskal enpresen datuak, bazkide estrategikoei buruzko informazioa, atzerrian kokaturiko instituzio aipagarrienak,…)
Bestalde, euskal enpresek atzerrian daramatzaten “inbertsio zuzenen” eraginez, gero eta gehiago dira beste herrialdeetara doazen euskal langileak. Langileen kanporatze mugimendu hau gero eta gehiago hedatzen ari da azken urteotan. Gutxi gora behera 3000 bat langile daude atzerriko euskal enpresetan. Pertsona guzti hauek, “atzerriratuak” deituak, neurtezinezko garrantzia dute kanpo edo atzerri merkatuei, arazoei, errealitateari eta etorkizunari buruz pilaturiko esperientzia eta jakituria dela eta.
Hala eta guztiz ere, gai honi ez zaio behar adina garrantzia eta arreta ematen ari. Horregatik eta “atzerriratuei” buruzko datuen goranzko eskaerarengatik, behar garbi bat identifika daiteke, eta EuskoSarek beharrizan honi erantzuna eman diezaiokeen ekimena jarri nahi du martxan.
Hasieran batean aipatu bezala, globalizazioa, nazioarteratzea eta atzerriratzea ukitu negatibo edo mehatxagarri gisa jasotzen ziren. Hala eta guztiz ere, ez dugu ahaztu behar, globalizazioak aktibitateen lurralderatzea areagotzen duela, nahiz herri edo herrialdeetan, eta Euskal Herrian potentzial nabarmena sumatzen dela gai honen inguruan. Berriztapen sareek, teknologi parkeek eta clusterrek lehiakortasun abantaila garbia ematen die euskal enpresei; atzerritar enpresak, eta hauen inbertsio helburuak, gure lurraldera erakartzeko erreklamo bihurtuz. Beraz, Euskal Herri osoak eta euskal gizarteak nazioarte mailan, nahiz eta gure iragan historian urteak eta urteak direla ekin, gaur egun gure gizarte eta ekonomiarentzat biziki garrantzitsu den prozesua bermatzen jarraitu beharko luke. Hainbat erakundek aurrera daramatzaten lan eta ekimenei laguntza eta bultzada emango genieke sare bat, euskaldunen eta euskaltzaleen sare bat sortzea lortzen badugu eta euskal-irudia moldatu, nazio-ikurraren bidez nazioarte merkatuetan euskal enpresen irudia bermatuz eta Euskal Herri osoaren kanpo irudi bilakatuz. 1 Euskal enpresak aipatzen ditugunean ez dira Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa soilik kontutan hartzen, baizik eta Euskal Herria bere sentzurik integralenean, hau da, baita Nafarroa, Behe Nafarroa, Zuberoa eta Lapurdi ere.