343 Zenbakia 2006-04-14 / 2006-04-21

Artisautza

Carmelo Boneta Lopetegui. Altzari etnografikoen erreprodukzioa: Historia

AGUIRRE SORONDO, Antxon

GARMENDIA IARTZA, Koro

HISTORIA

San Andreseko erlikiategia. Harira etorri baino lehen, eman ditzagun azalpen apur batzuk “altzari etnografikoen” inguruan.

Denok dakigu altzari bat zer den: “etxe, bulego edo gelatan beharrezkoa edota apaingarria den tresna higigarria”.

Altzari etnografikoak: “etnografiarekin zerikusia daukaten altzariak”.

Etnografia: “herrien ohitura eta tradizioak deskribatzen dituen arloa".

Etnografia, “kultur antropologia” ere deitua, XIX. mendean hasi zen zientzia modura garatzen, antropologia fisiko edo biologikotik banandu zenean. Beraz, “altzari etnografikoak” egiten dituela esan beharrean, “altzari herritarrak” edo “altzari tradizionalak” egiten dituela esan zezakeen gure artisauak, edo, besterik gabe, “lehenagoko moduko altzariak”; hau da, garai batean Lizarra inguruetan ohikoak ziren altzariak.