
Artisautza
Luis Iglesias Baldeón. Bitxigilea eta Engastatzailea: Prozesua
GARMENDIA IARTZA, Koro
Bezeroak zer nahi duen azaltzen dio artisauari, dela argazki bat eramanez, dela artisauak berak aurkezten dion katalogo edo album batean oinarrituz.
Batzuetan artisauak jartzen du material guztia, eta besteetan bezeroak eramaten du harria -adibidez, bidaia batean erosi duena, edo antzinako bitxi bat-. Zenbaitetan, urrea ere eramaten diote, urtu eta berriro erabiltzeko. Artisaua lanean.
Egin beharrekoa zehaztu ondoren, artisauak aurrekontu bat prestatzen du, eta, bezeroak onartuz gero, lanari ekiten dio. Gure artisauak ez du aurrez diru kopururik eskatzen, ohikoa hori den arren; konfiantza izaten du bezeroarengan.
Lana bukatutakoan, bezeroari eman eta kobratu egiten dio. Lanabesak Aliketak: buru biribila, erpin moduko punta, eta laua. Hainbat mailu. Enbutitzeko makina, enbutitzaile batzuk burdinezkoak direla eta beste batzuk egurrezkoak -markarik utzi nahi ez bada-. Hainbat iletako segeta (00-0-1-2). Gasolinazko sopletea, bere hauspoarekin. Butanozko sopletea. Hainbat lima: lauak, erdibiribilak, hirukiak, puntadunak,
etab. Hainbat limatoi. Harriak ezartzeko beranak. Tasa. Konpasak, kalibreak, lupak, etab. Tornuzila. Txapa tenkatzeko laminagailua. "Errail" edo kuadradrila tenkatzeko laminagailua. Urtzeko arragoa, bere moldeekin. Eskuzko motor elektrikoa, funtzio ugari betetzen dituena: mailua, zulagailua, fresatzeko makina, leuntzeko makina, etab. Burdinezko "ileordea" -sopleteak erabiltzean piezak ipintzeko espartzuzko euskarri modura-. Euskarri edo "adreilua" -beira-zuntzezkoa gaur egun, eta amiantozkoa garai batean-, beren gainean soldatu beharreko piezak ipintzeko. Leuntzeko motorra: alde batean bildots diskoa du, eta beste aldean zorrozteko harri zuridun diskoa. Bainuak emateko talde elektrolitikoa (rodiozkoak emateko erabiltzen ditu batez ere).
