
Artisautza
Bixente Marichular. Euskal Pastela: Museoa
GARMENDIA IARTZA, Koro
Ikustaldiak ordubeteko iraupena du, eta azalpenak frantsesez zein euskaraz ematen dira -Bixentek dioenez, baita ere “un poco en castellano”; ondo ulertzen du gaztelania, eta hitz egiten ere nahiko ondo moldatzen da-.
Bixentek dioenez, museoari handi samarra gelditzen zaio izena, berez jatetxe zein hoteletarako euskal pastelak artisau moduan egiteko lantegi bat baino ez baita. Bi neurritako pastelak egiten ditu: lau lagunentzat zein seirentzat; eta bi motakoak: pastel kremazkoak batzuk, eta gereziz betetakoak besteak.
Lantegiaren alboan, gela batean, gozogintzarekin lotuta dauden hainbat elementu biltzen ditu: eskuzko errotak, antzinako neurriak, baheak eta abar. Dena den, Bixentek bisitariei ematen dizkien azalpenak entzutea da gauza guztien artean interesgarriena. Azalpenak ematen dituen bitartean, gainera, euskal pastel bat egiten du.
Aipaturiko pastelez gain, galletak, marmeladak, gozokiak eta gozogintzako beste hainbat elementu egiten ditu artisauak.
Lantegia eta museoa hartzen dituen eraikina, Lapurdiko etxe tradizional bat da, gustu ederrekoa eta artistikoa oso, egur zaharrez, adreilu trikotzez eta abar egina. Interesa, beraz, barrualdeak ez ezik, kanpoaldeak ere sortzen du.
Hau guztia 1998an jarri zuen martxan, eta zabaltzeko asmotan dabil, beste gela batzuetan hainbat elementu etnografiko erakusteko.
ORDUTEGIAK 2006 urteko egutegia: Apirilaren 10etik maiatzaren 6ra: astelehenetik larunbatera, 11etan, eta astelehenetik ostiralera 14:30ean. Maiatzaren 8tik ekainaren 30era: astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan, 11etan. Uztailaren 6tik irailaren 2ra: astelehenetik larunbatera 11etan, eta astelehenetik ostiralera 15etan eta 16:30ean. Irailaren 4tik urriaren 20ra: astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan, 11etan. Larunbat arratsaldeetan eta igandeetan itxita, taldeekin aldez aurretik adostu ezean salbu. TALDEAK: Urte osoan zehar, aurrez 05 59 54 22 09 telefonora deituta. Euskal pastela egiten ikasteko ikastaroa, gutxienez 8 edo 10 lagunen taldeentzat. DENDA:
Astelehenetik larunbatera egoten da irekita, eta museoa irekita dagoen egunetan, eguerditik aurrera. Erreserbak 05 59 54 22 09 telefonora deituta edo mail bidez egin daitezke. SARRERAK:
BANAKOAK: helduek 5 ¤; 4 eta 12 urte bitarteko haurrek, heldu batez lagunduta, 4,20 ¤. Lau urtetik beherakoek, lagunduta doazenean, dohainik. TALDEAK (20 lagunetik gora): pertsona bakoitzeko 4,20 ¤ (4 urtetik gorakoak). Txoferra eta gidariak dohainik. Haur taldeek: zortzi haurreko bat dohainik.
