Zaldibiko plazan Zaldibiko plazan Mikel Legorburu * Txikitatik oso maite dudan abestitxo baten berri eman nahi nuke, Zaldibiko plazan kantuarena, hain zuzen ere. Anttoni Otaegi amoñarengandik jasoa dut. Frantziska Antonia Otaegi Aroztegi, 1897an Beizamako Orue baserrian jaio eta 1919an Julian Arzamendi Larrea erremontelari ospetsuakin Donostiara ezkondu zen. Haren gaztaroko Beizama inguruko kontu eta komeriek adi adi izaten gintuzten hiriburuko bilobok: pasadizo ilunak, mitologiari buruzko esamesak, txikitako eskola nahiz baserriko xelebrekeriak... Haien artean, zenbait aldiz entzun izan genion abesti hau. Behin, hogei bat urteekin, 1978an edo, kantua grabatu nuen, hitzak idatzi, musika paper lerrotuan jarri. Hona hemen kanta: Zaldibiko plazan, Zaldibiko plazan, Amar atso dantzan. Amarrak ez dute Ardi bana poltsan. Ai! Oi! Ai! Ardi bana poltsan! Ai! Oi! Ai! Ardi bana poltsan! Kantuz leun hasten bazen ere, interjekzioetan etenak eginez eta biziki amaitzen zuen. Bi aldiz segidan kantatzen zuen, eta amaitzeko azken silaba pittin bat luzeago uzten zuen. Hitzak direla eta, esaldi bitxi bat agertzen zaigu, bestela ederki uler dezakegun istoriotxoan: "Ardi bana poltsan". Zaldibian (Santafetan akaso?) hamar agurez osatutako koadrila omen zebilen, jaietan edo. Baina, ez zutela ardirik poltsan? Patrikan edo sakelean? Nolatan sartuko zuten, bada, ardi bat poltsan, gainera hamarrek ardi bana (agian gutxitxo ere irudituko zitzaion kantuaren sortzaileari...)? Eta erne, hala dantzan aritzeko herriko plazan! Ez da zaldibitarrak izanda ere! Eskerrak arratsalde hartan animalia haietaz galdetu nion! Misterioa ez zen hainbesterakoa: aintzinako herri hizkerak ez zuen amoñarentzako izkuturik: mende honetan (lehen erdian batez ere) hain ezagunak izan diren txakur txiki eta txakur handien antzerakoen aurrean ginen! Ardia txanpon bat zen!! Hala zion. Izenaren zergatiaz galdetzerakoan, garai bateko halako txanpon bakarren batek kate batetik zintzilik arditxo bat omen zuen: Urre Ardilarruedo, gazteleraz Toisón de Oro deritzan ordenaren ikurrean ageri zen ardi bera, hain zuzen ere. Bertako Maestre Nagusia (Gran Maestre, alegia) Espainietako erregea da. Honela bai, atso dantzari haiek ez zuten diru gehiegirik jaietan xahutzeko! Numismatikan zaletua naizen arren, ez nintzen izen hartako txanponaz sekula entzuna. Arditeaz bai, Aro Modernoko erreferentziarekin, baina ez ardiaz; gainera, amoñaren adierazpena nuen tiratzeko hari bakarra, eta ez zen hasieratik baztertu behar. Anttoni XIX. mendearen amaiera aldekoa izanda, abestia dezente zaharra zela antzematen nuen. Espainiako txanponen bilduma katalogoak aztertuz, Urre Ardilarru sinboloa jantzi zuen azkena 1851koa izan zen, Isabel II.aren garaikoa. Ikurra zeramatenak lehendik ere baziren, baina ez zegoen zehazki jakiterik zeini deitzen zitzaion ardia. Gainera, subirano bakoitzaren hainbat baliotako txanponek agertzen zuten bitxia: zilarrezko lau errealekoetatik urrezko txanpontzarretara, baina kobrezkoak ez. Azken honek kezkati ninduen. Geroztik beste numismatikari batekin solasean Nafarroa, Aragoi eta Gaztelako txanpona izandako arditea etorri zitzaigun. Hemen ote zen gure "ardia"? XVI XVIII. Mendeen diru baten baliokoa bazen ere, gerora balore gutxieneko edo gutxienetako txanponen izen generikoa zen, ochavo, obolo, cuarto, cuartillo, perra... Gero Euskararen Orotariko hiztegian begiratu, eta hara! Kobrezko txanpontxoa izango zen, eta ez zilar edo urrezko Urre Ardilarrua zeramaten horietakoa. Honela, ez zitzaigun astakeri iruditu abestiko ardia. Gipuzkoako herrialdean erabiltzen ziren ardit edo ardite gaztelera ala nafarrera identifikatzea. Nolanahi ere, ez litzateke zaila bururatzea abestiaren kontestoan bete betean datorkigunaren interpretazio hat. Hurrengo hitza "b" hizkiz hasten zaigula eta, ulergarria litzaiguke ahozko transmisioan "t" azken hizki horrek sonoritatea galtzea, "ardian" geldituz. Kantura itzuliz, 84 urteko Inazio Garmendia zaldibitarrak ere abesti hau daki, baina ez dut sekula argitu ahalizan Zaldibiatik bertatik ikasia, ala Anttoniri berari entzunagatik kantatzen ote duen, izan ere hau amaginarreba izan zuen. Bi iturri hauetaz gain, ez dut ohiko euskal kantutegietan inolako erreferentziarik aurkitu. Hala ere, oraintsu izan ditudan gestio batzuk direla eta, kantu honen beste bertsio baten berri jaso izan dut, Bruno Imazek armonizatutakoa. Beraz, kanta bezala jasoa dago. Bertsio hau bitxia eta argigarria zaigu ari garen gaian: ardi edo balizko arditen ordez txanpon baitio. Gure zalantza gehienak argitu zaizkigu ... Amaitzeko, kantatzeko derrigorrezko ere eskainiko dut, gure amoñaren eran, ustez galtzear genuen abestitxo hau ondorengoengana iritsi, eta ganbaran neukan aletxoa folklorearen baratzean lora dadin. Norbaitek beste iturriren batetik edo, kanta honen berri izango balu, eskertuko genioke informazioa ematea. Mikel Legorburu, folklorezalea
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.