33 Zenbakia 1999-04-14 / 1999-04-21

Gaiak

Piarres Xarriton - Iparraldeko XX. mendeko euskaltzaletasunaren lekuko

OIHARTZABAL, Beñat

Piarres Xarriton Iparraldeko XX. mendeko euskaltzaletasunaren lekuko Piarres Xarriton Iparraldeko XX. mendeko euskaltzaletasunaren lekuko Beñat Oihartzabal (Labayru elkartearen baimenarekin, hona Piarres Xarritoni Beñat Oihartzabalek besteak beste 1998ko uztailaren 10ean Derioko ikastaroko omenaldian eskaini zion hitzaldia.) Lehenbizikorik, eskerrak bihurtu nahi nizkioke Labayru elkarteari, Iparraldeko euskal idazleen eta kulturaren aldera beti erakutsi duen gogo onaren erakusgarri, egun, hemen Bizkaian, gorazarre hau antolatu baitu, eta karia horretara P. Xarritonen omenez zenbait hitzen errateko parada eskaini baitit. Gonbit hori egin zidanean Adolfo Arejitak duela zenbait egun, erakutsi xedeaz goresmenak eman ondoan, nekez egin baitzitekeen hautu hoberik, berehala ihardetsi nion segurki baietz, plazerekin parte hartuko nuela omenaldi horretan, eta eskatu bezala zenbait solas eginen ere, laburzki erakustera emanez nola ikusten nuen nik Piarres Xarriton mende honetako Iparraldeko euskaltzale aipagarrienen artean. Alabaina, Iparraldeko euskaltzaletasunaren haria mendearen bi buruei lotzeko, eta molde horretan mende guziaren kurritzeko, ba ote da hura baino egokiagorik ? Hari esker berriz bereganatu du euskalaritzak mende honen hastapeneko eukaltzale bat, mendeko goiti beheiti nahasi eta tarrapatatsuetan ahantzixea genuena, hots, Pierre Broussain, Xarritonek Bordeleko unibertsitatean egin duen doktore tesian hain ongi ezagutarazi diguna. Halaber, hari esker eskuen artean ditugu, Iparraldeko bi idazle, mende honetan beren sailetan guziz preziagarri eta emankor izan direnen lanak : Jean Etxepare medikuaren kronikak alde batetik, eta Piarres Larzabalen antzerki lanak eta bestelakoak, beste aldetik. Ez dakit berak zer dioen ideia horretaz baina iduri zait eni, Broussaini buruz sendi dukeela Xarritonek hurbiltasunik handiena, ez bakarrik biak hazpandarrak direlakotz, baina oroz gainetik zeinek bere gizaldian biek erakutsi dituztelakotz euskaldungoaren ikusteko eta senditzekoara bertsuak, erran nahi baitu, euskaldungo bat mintzairaren gainean finkatua, euskaldungo bat estatu mugen gainekoa, denbora berean bat, eta, orain Harriet zaharrari jarraikiz batzuek erraten duten bezala, anitza, euskaldungo bat, hats gorakoa segurki, baina beti halere herritarrei lotua, azkenik euskaldungo bat gizatasunaren balioak herritasuna ukatu gabe errespetatzen dituena. Ez du alferretan seinalatzen Xarritonek Broussaini buruzko bere estudioan nola lehen gerla handiaren akabantzan Frantziako parlamentuak lege bat egin zuelarik Frantziako herri guzietan gerlan hil soldadoen oroitzapenetan harri bat eraikia izan zedin, Hazparneko herriak herriko oroit hil harrian ez zituela beste herrietan bezala « Frantziaren alde » edo « Frantziarentzat » hil zirenak omendu, baizik ere « Zuzenbidearen eta justiziaren alde » bizia eman zutenak. Broussain zen orduan oraino Hazparneko auzapeza eta haren eskua ikusi du Xarritonek egiteko molde, garai hartako doi bat bitxi horren gibelean. Uste dut euskaldun kontzientzia duen edonork uler dezakeela zer erran nahi izan zezakeen horrek Broussain batentzat. Biek ohitzako eta mende berriko moldeen artean beren buruak erdi eginak bezala ikusten, baina biek jakin ez dela denbora gelditzerik eta euskaldunek irautekotz gizarte berriaren pleguei plegatu behar direla gizartearen antolakuntzan. Ezen Broussain Hazparneko auzapez gisa eta kontseilari jeneral gisa ari izan bazen herrigintzako lanetan, Piarres Xarriton ere sail horretan ari izana da, jadanik hogei urtetan arras garbiki ikusten baitzuen euskararen eta euskal herriaren geroa eta zortea ororen buru gizarte auzia ere bazela. Aski da Alemanak Frantzian egon ziren denboran Uztaritzen ateratzen zuten Aintzina aldizkarian Xabier Gasteiz edo beste goitizen batzuk baliatuz Xarritonek ateratzen zituen artikuluen irakurtzea horretaz jabetzeko : gizona ez baitu mintzoak bakarrik egiten, baina gogoak, sinesmenak, bizibideak eta bizimoldeak, bai eta, oroz gainetik beharbada, besteekilakoekere. Geroztik ere, ez dira tipiak izan, Iparraldean engaiamendu, eta hegoaldean konpromezu, deitzen den horrengatik Xarritonek izan dituen atsekabeak eta eneguak. Gogoan dut hemen nola 1965ean, Frantziako agintariak oldartu zitzaizkielarik Hazparneko kolejioan lanean aritzen ziren Hegoaldeko zenbait irakasle ihesliarri, haien artean Txillardegi zelarik, Xarritonek ikastetxe hartako buru gisa, eta euskaldun gisa, haien alde agertu eta auzitegian ere agerian mintzatu zen, ez baitzen eskandala tipia izan, orduan bereziki, estatuko edo elizako agintarien aitzinean isil eta umil egotera ohitua zegoen Iparralde hartan. Gizartean eta berdin politikan engaiatua izanki, Xarriton ez da halere baitezpada politika gizona, ez hitza bere erran nahi arruntenean hartzen bada bederen, nahiz hautetsi ere izana den zenbait denbora, duela ez aspaldi hura izan baitzuten Iparraldeko abertzaleek eta ekologistek Baionako hiri kontseiluan edo udal batzarrean ordezkari. Zenbaitek hiru jende mota bereizten dituzte politikan dabiltzanen artean. Ahalaren arabera aritzen direnak lehenbizikorik, horiek baitira egoera arruntetan, oraingoan gal, ondokoan irabaz, jokoan kartak eskuetan aritzen direnak. Nahikeriaren edo nahikundearen arabera aritzen direnak bigarrenekorik, ameslariak edo iraultzaileak, krisi eta kraskatze egoeretan bereziki sartzen baitira hauek jokoan, haatik, karta egile izanik orduan. Eta azkenik, kartarik hartu eta eman gabe, jokotik kanpo kasik beti, zina ezinaren aztaparretarik kentzera bermatuz egin beharraren edo eginbidearen arabera aritzen direnak : arrakasta tipia gisa horretako politikariek, desorduan baitabiltza gutiz gehienetan, noiz norentzat, edo aitzinegi edo gibelegi baitaude. Piarres dudarik batere gabe sailkapen horretan kokatu behar balitz hor eman behar genuke. Horrengatik erran nezake ondorio handiago izan dutela hark politikatik kanpo egin gizarteko lanek eta sortu erakundeek, politikan sartuz egin dituen edo egin zitzakeenek baino. Biga bereziki aipa ditzakeguhemen : bata, Parisen deusetarik sortu zuen Eskual Etxea deitu euskal gunea, oraindik ere Pariseko euskaldun guzientzat biltoki eta aterbe dena ; bigarrena, gero Hazparnen sortu zuen langintzako ikastegia, haren helburua baitzen barneko aldeko euskaldun laborari gazteentzat eskolabide egokien eskaintzea gero herrian bizi ahal izateko. Urrundu naiz doi bat euskalaritzako mundutik, itzul nadin hartara. Errana dut jadanik Xarritoni zor diogula Broussain berriz gureganatua izana, eta gisa horretan duela ehun urteko euskalaritzako kontu asko berriz agerian eman izana, dela euskararen ortografiaren ingurukoak, dela hiztegigintzakoak, dela euskalarien egiteko premiatsuenez izan ziren orduko eztabaidak. Zinez ekarpen baliosa, esperantza baitut, bere ikerlan hori baliaturik, Xarritonek eskainiko digula noizpait, euskaraz ordean, orok preziatzen dugun bere euskara eder aberatsean, garai hartako mugimendu euskaltzalearen historia. Baina euskalaritza aipatzen baitut ez nagoke bi hitz erran gabe Xarritonek alor horretan aitzindari izan zuen beste euskaltzale batez : Piarres Lafittez. Xarritonek Uztaritzeko apezgaitegian irakasle izan zuen Lafitte, eta haren gerizapean hazi zuen bere baitan euskararen eta euskal herriaren alderako sentimendua. Sentimendu hori lehenagotik sortu zitzaion Xarritoni, lehenbizikorik izeba Maienaren ondoan, honek haurrean irakurtzen baitzion Laphitzen Bi saindu eskualdunen bizia eta irakurraldi horietan piztu bide baitzitzaion Piarres tipiari euskararen alderako atxikimendua ; bigarrenekorik, Hazparneko kolejioan, irakurtzea eman baitzitzaion Martin Landarretxeren liburuxka bat Aphurka deitua, eta mende hastapeneko euskalaritzaren berri emaiten zuena. Erran badut lehenago elkarren iduri bide zirela Xarriton eta Broussain, ez nezake gauza bera erran, haatik, Lafittez eta Xarritonez. Traka denaz bezanbatean lehenik, Xarriton enbor adarrak sendo eta azkar dituen pagoa badugu, Lafitte, berriz, ez zen segurki halakoa ; izaitekotz itsas bazterreko tamariz edomilazka, eri aire beti, erdi eihartua bezala ; beharrik, itxuraren hitsari kontra eginez, haren begi erne pindartsuek arteka barneko indar eta bixitasun berezia salatzen zuten. Jitez ere, biga, Lafitte eta Xarriton. Ez osoki desberdin bizkitartean, zein bere gisara kasko gogorren arrazakoak izanik, ororen buru, biek beti beren kontzientziari obeditu nahi izan diote beren bizitzetako harat hunatetan, ondorio mingarriak ere bildu baitituzte batzuetan, nola batak hala besteak, inguruko zenbaitenganik. Lafittek, ildo berari jarraikirik ere bizi guzian, beretako atxikitzen zituen ezinonetsiak zitzaizkionak, bere baitarik ateratzera utzi gabe, non ez zen zeiharka eta irriño batek eztiturik edo ozpindurik, ez zenekien zuzen noiz behinka hari edo honi egiten zion ximiko baten bidez. Behar orduetan, gaixtoa ez izateko amarrukeria ere baliatzen zitzaion Lafitteri. Ez maiz, egia erran, bereziki 1960tik aitzina. Xarritonekin, berriz, horrelako amarru eta jokutria gutiago oraino. Hark ezin atxik beretzat, makur zaionik. Ez da on barneko egoste horien isil isila jasaiteko. Bultaka, zuzenean, bitartekorik ez goxagarririk gabe, jakin arazten dizkio jakin beharrekoak aditu behar dituenari, bai eta emaiten ere, gordinki ez, baina garbiki bai, bere barneko berri. Haren erasialdien lekuko izan garenek, eta ez zalantzarik izan lekukotasun bera eman liezakezuela horretaz Xarritonekin lankidegoan hainbestetan ari izana den Jean Haritschelhar Euskaltzainburuak ere, badakigu horrelakoetan deus ezin egin daitekeela erauntsia ari deno, eta atertu arte hoberena dela haren elezko burrusta horren arrazoinari egotea. Ezen gutiz gehienetan probetxuzkoak izaten dira hitz galerna horiek, probetxuzkoak Xarritonentzat berarentzat, guk erraten dugun bezala, purgatzen baita orduan, eta ondotik berehala sosegatzen eta eztitzen, baina hala hala probetxuzkoak entzun behar dutenentzat ere, ez baita sekula Xarriton tipikerientzat edo ego kontuengatik haserratzen, eta samurtze gorrienetan ere ez baititu sekulajendeak mintzen edo kolpatzen, ez eta haienganako errespetua galtzen. Gaixtotasuna ez du bere baitan borrokatu edo goxatu beharrik Xarritonek. Arrazoin soil batengatik : jaidura hori guziz arrotz duelakotz. Broussainen eta Lafitteren artean Jean Etxepare medikua dugu, bien adiskide izan zena, eta Xarritoni esker bereziki orain hobeki ezagutzen ahal duguna, bost liburutan bildu baititu Eskualduna kasetan hark eginikako kronikak. Hau idazle gisa izigarri estimatzen badu Xarritonek, ez naiz segur gogoz harekin beti bat egiten duen, estetikoa baita oroz lehen Etxeparek euskal mintzairaz eta euskaldunez duen ikuspegia, eta ez baitut uste ikuspegi hori Xarritonek herrizaletasunaz eta, funtsean, gizatasunaz ere duen irudiarekin arras ongi ezkontzen den. Alderdi horretarik, eta kasik beste muturrera joanez, gogaide hurbilago zukeen Xarritonek Piarres Larzabal, nahiz nekez erran zitekeen gogo nortasun berekoak genituela bi adiskideak. Xarritonek gora eta urrun behatzen beti ; inguru hurbileko, haitzarte eta sasien artean, aldiz, kontrabandista semeak, norakoaz galderik egin gabe eta, aroa gaixtoenean izanik ere, duda gutirekin. Besteen baitan ororen dena eta nork berea duena berdin ezaguturik, kultura aniztasuna errespetatzen duen gizatasun unibertsal baten bila ibilki hazpandarra ; herriaren hatsa herritarren ezpainetan eta gogo bihotzetan biziarazi nahi azkaindarrak. Biek halere euskaltzalearen eginbideaz ikusmolde berak ; biak euskaltzain izanik, nork duda, Xarritonek osoki bere gain har dezakeela J.L. Davanten sartzearen egunean Larzabalek Euskaltzaindiaren eginbideak aipatzen egin zuen ateraldi hura : Gure euskaltzaindia ez dadiela sekulan bila hor barnean girenen ohorategi bat, baina beti izan dadila lantegi bat euskal populuaren zerbitzari ! Bururatzeko aipatuko dudan Xarritonen alderdia, uste dut den euskaltzaleen artean gutienik ezagutzen duguna : filosofiazalearena, alegia. Ene aburuz, funtsetara joan eta, hori da Piarresek bereenik daukakeen jakintza edo gogoetagaia,horretan menturaz Piarres Lafitte irakaslearen urruneko hatza kausi dezakegularik. Xarritonen zaletasun horren erakusgarri, hor ditugu alde batetik, azken urteetan eskaini dizkigun Vitoria, Tomas Morus eta Spinozaren latinezko lan zenbaiten itzulpen miresgarri, merezi bezala goraipatuak. Hor dugu, halaber, teologo eta filosofo gisa Tolosako unibertsitatean egin duen doktore tesia, azterkatzeko kulturak gizatasunaren ikuspegietan duen, edo ez duen, tokia. Haren tituluak ez du mamia gordetzen : Les droits des peuples à leur identité ; L’évolution d’une question dans l’histoire du christianisme. Zorigaitzez, Québec en baizik ez dute haren gogoetek argitaratzailerik aurkitu eta gutiegi zabaldu da haren lana, ez bakarrik Frantziako eta gure eskualdeko elizako kargudunen artean, baina bestalde euskal herrizaleen artean ere, hain segur, euskaldunek filosofia gaien aldera orohar erakusten ohi dugun hoztasun edo, banago ni, beldurragatik. Nonbait, gauzei errotik behatzeak euskaldunak lotsatzen gaituelako seinale. Piarres adiskidea, duela mende erdia abantzu, Parisen apez gazte laguntzaile zinelarik Saint Pierre de Chaillot parropian, igandeetan meza eman ondoan, elizaren gibeleko karrika iragan eta euskaldun hazpandar baten etxera heldu zinen goizeko askariaren hartzera. Hiru mutiko tzar baziren han, gazteena, ttipiegi baitzen orduan, zure bisita haietaz oroitzapenik atxikitzeko. Denbora iragan da hartaz geroztik, eta zu bezala hura ere biziaren itzulikek ekarri dute euskalaritzako larre horietara. Ez dakizu zer atsegina hartzen duen egun hemen, Derion, Bizkaiko euskaltzale adiskide horiekin guziekin bat eginik, Aña zure emaztearen, eta Naiara zuen alabaren aitzinean, Hazparne Bidekurutxeko urruneko aldaska hark zure omenaldi honetan esku harturik. Bihotz bihotzez zorionak Piarres ! Beñat Oihartzabal, ikerlea