329 Zenbakia 2006-01-06 / 2006-01-13

Artisautza

Asun Gabarain (Dir Dai). Beirazko Artea: Prozesuak

AGUIRRE SORONDO, Antxon

GARMENDIA IARTZA, Koro

PROZESUAK

Asun Gabarainek hainbat teknika erabiltzen ditu bere produktuak prestatzeko: TIFFANY

Beirazko pusketak eztainuzko soldaduren bidez lotzean datzan teknika. FUSSING

Tenperatura altuko labe batean beirazko piezak elkarri itsastean datza. TERMOFORMATUA

Beira erliebeko moldearen formari egokitzean datzan teknika. Labean tenperatura altuak hartzen dituenean, oso bigun eta moldagarria bihurtzen da beira. BEIRA MARGOTUA

Grisaila eta esmalteak erabiltzen dira beira margotzeko, eta, ondoren, labeko beroaren bidez, itsatsi egiten dira. MOSAIKOA

Gainazal batean beira pusketak kola edo zementuaren bidez elkarri itsastean datzan sistema tradizionala. A.- Tiffany sistema

Honako pauso hauek ematen ditu: 1.- Diseinatu

Asunek paper batean marrazten du irudia, eskalan, eta ondoren zenbaki bat esleitzen dio kolore bakoitzari. 2.- Txantiloiak prestatu

Aurreko planoaren kopia bat egiten du, eta paper zatiak mozten ditu; horrela, pieza bakoitzeko txantiloi bat izango du. Normalean kartoi mehe bat erabiltzen da lan hau egiteko, erabilerrazagoa delako. 3.- Kristala prestatu

Txantiloiaren laguntzaz, kristalezko piezak banan-banan mozten ditu. Glass beira mota erabiltzen du; Frantzian erosi ohi du, metro karratuko eta 3 mm-ko lodierako xafletan. Logikoa denez, mota orotako kolore, marrazki zein uretakoak daude merkatuan. 4.- Ertzak leundu

Gero, mahai gainean jartzen den leuntzeko makina txiki baten bidez -gisa honetako lanak egiteko berezia, kristala hozteko ur zorrotada bat botatzen baitu, tenperatura igoz gero apurtu egingo bailitzateke-, pieza bakoitzaren ertza guztiak leuntzen ditu. Pauso honek sekulako garrantzia du, kobrea ertzean ondo finkatuta gera dadin. 5.- Ertza kobrez prestatu

Ondoren, kristalezko pieza bakoitzari kobre itsaskorreko xaflatxo bat jartzen dio ertz guztian zehar. 6.- Pieza muntatu

Hasierako planoa oinarritzat hartuz, mahai gainean jartzen ditu pieza guztiak, ondo egokitzen direla eta espazio hutsik gelditzen ez dela ziurtatzeko. 7.- Eztainuztatu

Beiratea prest dagoenean, soldagailu elektriko baten laguntzarekin eztainuzko tira bat jartzen du ertzetan. Kobreak sendotu egiten du pieza, eta estali egiten du ertzean ipinitako xafla. 8.- Soldadura margotu

Obra amaitu duenean, pintzel batekin kobre sulfuroa ematen dio gainean, soldadurari distira kendu eta kolore iluna emateko. B.- Fussing sistema

Piezak urtu eta elkarri itsastean datza teknika hau. Horretarako, labean sartu baino lehen, moztu eta muntatu egiten dira piezak, eta, ondoren, igo egiten da kristalaren tenperatura, piezak fusionatu arte.

Sandwichak ere egin daitezke, beiraren barruan elementu batzuk sartzen, eta itxura, bolumen zein kolore ezberdinak emanez. Prozedura honek daukan zailtasun nagusia da oso ondo ezagutu behar direla materialak, beira guztiak ez baitira bateragarriak; beraz, barne eraketa berbera daukaten beirak bakarrik elkartu ahal izango dira.

Labe elektrikoak dauzka gure artisauak, eta pirometroa daukate guztiek. Giro tenperaturatik hasi, eta 850º C arte erabiltzen ditu lanerako. D.- Termoformazioa

Termodeformazioa, edo beira laberatua. Pieza batzuk apropos deformatzen dira. Zeramikazko bloke bat jartzen da piezaren azpian, kristalak, biguntzen denean, azpian duen piezaren itxura har dezan. Gure artisauak erosi egiten ditu zeramikazko pieza hauek, baina zenbaitetan berak egiten ditu.

Labea erabiltzen den kasuetan, naturalki hoztu arte itxaron behar da, tenperatura bortizki aldatuz gero, kristala berehala apurtuko bailitzateke. Beirari material berriak eransteko aukera aztertzen ari da gure artisaua gaur egun; barruan kobrezko txirbilak dauzkaten pieza batzuk erakutsi dizkit, efektu kromatiko bereziak sortzen dituztenak, eta baita hondarrarekin egindako beste batzuk ere.