328 Zenbakia 2005-12-23 / 2006-01-06

Euskobooks

Aipamena. Poema argitaragabeak: Bitoriano Gandiaga

Argitaratzaileak: Elkar, Labayru, Arantzazu Orrialde kopurua: 175 inguru liburu bakoitzak Prestatzaileak: Sebastián García Trujillo, Iñaki Sarriugarte, Paulo Agirrebaltzategi, Patxi Ezkiaga ISBN: 84-9783-307-4 Ezaugarriak: Bitoriano Gandiaga hil zenean, ehunka paper, ohar, apunte eta koaderno utzi zituen, eskuz edo makinaz, orraztu samar edo gordinean, denak ere argitaragabeak. Paper haiek denak aztertzen, sailkatzen eta txukuntzen ibili da aditu batzorde bat, material guztia digitalizatuz (Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz) ikerlarien esku jartzeko. Horrez gain, baina, poemetako batzuk hautatu eta publiko zabalari eskaintzeko modukoak zirela pentsatzen zen, eta orain iritsi da hori plazaratzeko unea. Gaika sailkatuta, lau poema-bilduma aurkituko ditu irakurleak kaxa dotore batean, denak ere Gandiagaren gaineko espezialista batek aukeratu, ordenatu eta prologatuak. Biziminez izenekoan bizitza, denbora eta heriotza bezalako gaiak lantzen dira, Sebastian García Trujillok atondurik. Izadiminez deritzanean egunaren atalak, urtaroak eta naturaren elementuak aurkituko ditugu, besteak beste, Iñaki Sarriugartek paraturik. Euskalminez bilduman Euskal Herriak eta gure hizkuntzak sortzen zizkioten kezkak agertzen dira, Paulo Agirrebaltzategik prestaturik, eta Jainkominez liburukian bizikizun eta arazo erlijiosoak azaltzen dira, Patxi Ezkiagaren ardurapean.