302 Zenbakia 2005-05-27 / 2005-06-03

Gaiak

Gaizka Barandiaran. Omenaldia

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari



Adiskide batek beste adiskide berri bat ekarri zidan. Euskaltzale handi batek beste batenganako bidea ireki zidan. Herrikide batek bestearen gaineko zubi lana egin zidan. Eta bi pertsona horien adiskidantzaz ohoratu naiz ni, zorionekoa. Ohorea baita Gaizkaren lagun izatea, Iokin Zaitegirena izatea suertatu zitzaidan bezalatsu. Iokinen eskuz hurbildu nintzen Gaizkarengana. Eta bi mailatako katea zoragarria izan da, horien bitartez lehen eskuko testigantza izan baitut, gizarte euskaldunean XX mendearen zati luze batean gertatutakoa hobeto ulertzeko.

Gaizka Barandiaran. Zaitegik azaltzen digun moduan, bera eta “Loramendi” olerkaria ikaskide izan ziren Arrasateko haur eskolan. Eta hark aitortzen duenez, txikitako urte haietan inbidia zion atxabaltarrari (orduan Bedoña auzoa Aretxabaletakoa zen) azken honek landare eta animalien izenak ezagutzen baitzituen. Iokinek, aldiz, bere burua “kalekume zango zuri”-tzat zuenak, ozta-ozta bereizten zituen belak eta kurriloak, pikoak eta mizpirak.

Bere idazkietatik Gaizka Barandiaran ezagutu nuenean – hain zuzen ere, Iokinen “Euzko Gogoa”-ren orrialdeetan- askoz hurbilago jarri nuen – izaeraz- “Loramendi”-rengandik Zaitegirengandik baino. Begi bistan zegoen Gaizkak – edo artean Salvador?- herri muina barne barnean zeramala. Eta urte batzuk geroxeago – Salvador hura Gaizka bihurtuta- ahalegin guztiak egiten zituen bere sentimenduak herri poesiaz adierazteko.

“Goxa zan. Euzkixak Aloña mendi bixkarretik nini erdi atara euan eta urriñeko tontor buruak odol gorrixaz jazten euazan. Marko Etxeberriko goiko zelaixa oiñdio ez euan jantzi...”

Horrela diosku Gaizkak, justu orain dela mende erdi bat, Arrasateko hizkeraz, Guatemalan argitaratutako “Euzko Gogoa”-ren urtarrila-otsaila zenbakian. Gaizkak bere ingurua deskribatzen digu, gogoan daramatzan bere bi herrietako bazterrak uztartuz. Oñati eta Arrasate edo Arrasate eta Oñati. Oñatiarra jaioa eta “mundrautarra” hazia. Eta bi toki izen handi horien erdian beste txikiago bat: Marko Etxeberri, barandiarandarrek euren eskuz eta izerdiz 1920 inguruan eraikitako baserria, alegia. Julian aitak benetan ausardia erakutsi zuen, industriaren ildoetatik apustu gogorra egindako Arrasate hartan fabrikara jo beharrean baserri berri bat jaso baitzuen. Baserriaren askatasuna nahiago izan zuen lantegiaren seguritatea baino. Marko Etxeberri baserriak zer nolako uzta eman behar zuen jakin izan balu...! Ez natzaio ari, noski, etxeko abereak elikatzeko ereiten zuten artoari edo ogitarako gariari. Ez. Hori, edozein baserriri eska dakiokeen gutxienekoa da. Marko Etxeberrik emandako giza uztari buruz ari naiz, noski.

Zilegi bekit – eta zure baimenarekin, Gaizka- aipamen berezia egitea ekitaldi honetan zure anaia Bixenteren gain. Berriki joan zitzaigun, eta Arrasateko historia txikia ezagutzen dugunok badakigu zein meritu izan duen Gaizkaren anaiak, bere ofizioan. Bixente “errementarixie” nolabait mugatu beharko banu, berezko bere jakintzatik erakutsi zigun apaltasun eta eskuzabaltasunarengatik egingo nuke. Beti zegoen prest laguntzeko, eta hamaika ikasgai eman dizkigu bere lan xumetik.

Ezin dut esan nolakotasun horiek Barandiarandan sendian berez ematen ote diren, baina – Gaizka- zure ibilbidea ikusita... eskuzabaltasuna erruz praktikatu duzula garbi dago. Zure jakintza nola irradiatu duzun, zure erein jardunak zein nolako emaria loratu duen eta zure irizpideek zein nolako argibide eder eskaini dituzten, hori guztiaz ohartzeko, zure Curriculuma irakurtzea nahikoa da. Horren bitartez zure lanaren tamainaz jabetzen gara.

Apaltasuna aipatu dut anaia Bixenteren kasuan. Apala zen, ziur asko, jesuitekin ikasi ez zuelako. Zuri begira, berriz, nire galdera honako hauxe da: apal ager al daiteke zurearen moduko lan historialarekin? Nik ez dut zalantzarik horretaz: Ez! Begira: Zaitegi– bere obraz kontziente genuelako- ez zen bat ere apal azaldu. Areago, harro zegoen. Ez dut esan harroa zenik, baizik harro zegoela. Bizitzan zerakutsan jarrera bere obraren ondorioa zen. Zaitegiren gisako beste kasu gehiago jar nitzake, batzuk zuzenean bizi izan ditudalako eta beste asko erreferentziaz.

Baina nire gogoeta honi muga estuagoak jarri nahi dizkiodalako Gaizkaren orbitako adibide batzuk gogoratuko ditut: Ignacio Errandonearekin gutxi baina harreman batzuk izan nituen eta klasikoetako maisu nafarra harrotasuna zerion, bere hoztasunean; bestalde, pertsonalki ezagutu ez nuen arren, ez dirudi “Orixe” apaltasunaren eredutzat har genezakeenik. Jesuitekin ikasi nuen bost urtez, goi mailako irakasleak izan nituen (Ostolaza, Elizegi, Tamayo, Altuna, Goena eta abar) eta gain girotik bederen konpainiako kideen lan eta bizitzarako estiloarekin ohitu nintzen. Beharbada – Gaizka- honez gero asmatu duzu nora nahi dudan joan; izan ere, aurreko nire burutapen horrek beti narama ondorio berdinera: nik uste dut jesuitak euren lorpenaz harro senti daitezen hezitzen dituzte. Horixe da iruditzen zaidana, bederen. Zuen lan ekarpena dela eta, mundutik burua goi eta tente joan zaitezten hezitzen zaituztetela.

Beraz, Gaizka: horren konbentzimendutik adierazita, harro egon zaitezke egindako guztiarengatik. Ad Maiorem Dei Gloriam jardungo ote zenuen epaitzea ez dagokit niri. Baina gaur zuen aurrean agertzeak eskaintzen didan aukeraz baliatuta, zure lanean Euskal Herriaren aintzak mugiarazi zaituela azpimarratu nahi dut. Eta euskal gizaki arruntontzat, duda izpirik gabe, horixe da funtsezko meritua.

Josulagun batzuen izenak aipatu ditut. Gaizkak 1928an erabaki zuen, Jose Markiegik lagunduta, Konpainiarako urratsa. Durango, Belgikako Tournai, Marneffe, Durango ostera, Oña, Bartzelona (soldadu gisa, anaia bat salbatzearren. Eskuzabaltasunaren beste adibide bat), Xabier, Oña ostera (hemen apaiztu zen 1947ko uztailaren 30ean), Gandia, Tutera (hamabost urtez), Alemaniako Mainz, Austriako Innsbruck (hiru urte), Donostian (1967tik 1992an jubilatu arte, San Ignacio ikastetxean) eta orain Loiola.

Barandiaranen biografia txiki bat idatzi ahal izan nuen 1997an, beraren konplizitatearekin. Ez da lehen aldiz hitz hau erabiltzen dudala, Gaizkaren eta bion artean sortutako lan giroari nagokionean. Lehenago, 1981ean, Iokin Zaitegiren bizitza argitaratu nuen askoz liburu lodiago batean. Ezingo nuke ziurtatu, Zaitegiri buruzko bezain lodia gertatuko zatekeenik, Gaizkak bere buruari autozentsura jarri izan ez balio. Baina hortxe ibiliko zitzaion, nonbait. Zaitegi, Konpainiarekiko lokarrietatik aske zegoen bitartean Gaizkak askoz zuhurrago jokatu behar izan baitzuen nirekin izandako elkarrizketetan... eta berarentzat bakarrik gorde nahi izan zituen ia-ia hirurogeita hamar urtetako bizipen asko eta asko. “Dei Gloriam” –ek isiltasuna exijitzen ei du, beste hainbat sakrifizioren artean.

Gaizka Barandiaran bere garaiko seme zintzoa izan zen. 1916ko martxoaren 3an Oñatin jaioa, bi urterekin aldatu zen sendiarekin Arrasatera. Eskolan, Zaitegik eta Gaizkak maisu berdina izan zuten, Francisco Urrutia, alegia. Bestalde, Jose Markiegi abade zenaren eraginpeko taldekidea zelako euskal kulturarako lehen hurbilketa bizi izan zuen Gaizkak. Arrasaten 1927an antolatutako Euskararen Eguna, esaterako, umearen une handi haietako bat jazo zen: jendaurrera azaldu behar izan zuen euskaraz irakurtzera. Eta Markiegiren eskutik ere antzerki lanetan hasi zen... eta euskal abestiak ikasten... eta dantzan. “Ni dantzaria izan nintzan mutikotan” - diosku Gaizkak- “Eta Durangoko ikastetxean nengoenean sortu zitzaidan euskal dantzak zaintzeko gogoa”. Gaizka Barandiaran Euskal Herriko Txistulari Elkarteak eta Euskal Dantzarien Biltzarrak eginiko omenaldian.

Harrez geroztikako soka luzea izan da. International Folk Music Center-en 1953ko bileran egon ahal izateko kapelau izendatu zuteneko anekdotak; Tuterako mojetako neskek txistulari bat behar zutela eta Gaizkarengana jo zutenean bezala, nesken taldea-Gaizka binomioak eman zezakeen joko diabolikoak beldurtuta, nonbait, Aita Nagusiak nesken eta txistulariaren artean gortina bat jartzea exijitu zuela, Gaizkak dantzarien mugimenduak ikustea eragotziz; Maxi Aranbururekin burutu lankidetza, euskal dantzak Nafarroan eragiteko; Iztuetarekin “topo egitea”; “Danzas de Euskalerri I, II eta III liburuen argitarapena, Auñamendi Bilduman; “Basque Music” ekarpen bikaina, Londreseko The New Grove Dictionary of Music” delakoan; “Txistulari”, “Dantzari”, Boletin de la RSBAP, “Cuadernos de Etnologia y Etnografia de Navarra”, “Príncipe de Navarra” “Egan”, Euskonews eta beste aldizkari askotan euskal folkloreari buruz publikatutako artikuluak; dozenaka hitzaldi, lankidetza eta erakuspen praktiko. Euskal folklorearen alde egin duzuna dela eta, Ez al da nahikoa, Gaizka, lehen niotsun moduan, harro egoteko?

Euskaragintzako abiapuntua, berriz, Belgikako Tournai hirian nobiziagoa egiten ari zeneko garaian koka daitekeela esango nuke. “Gerkerazko ikasketak barruz samintzen ninduen – dio Gaizkak- eta asuna bezain bizierregarria gertatzen zitzaidan. Beti nengoen pentsatzen, euskaraz larre-hizkuntza izatetik kultura hizkuntza izatera pasatu ahalko genuen” Hogei urte zituela ekin zion Homeroren Iliada euskaratzeari. Aita Estefania josulagun euskaltzaleak lagun, Lizardiren eta Orixe-ren poemak frantseseratu eta Konpainiak Parisen argitaratzen zuen “Etudes” aldizkarian publikatu ziren. Tournain ezagutu zuen Zaitegi. Eta bertan ere eman zion Gaizkari Aita Estefaniak, gerra zibileko burugabekeriaren ondorioz herriko Jose Markiegi, Joxe Joakin Arin eta Leonardo Guridi apaizak fusilatu zituztenaren berri.

Tuteran kaleratu zuen “Iliasena”, 1956an, herri hartan Gaizkaren ikasle izandako Rafael Moneo arkitektoaren marrazkiekin apaindua. “Nire adimeneko lehen semea - dio Barandiaranek- Iliasena izan zen; merezi zuen, bada, Homerek eta, noski, euskarak” Ordurako Gaizkaren artikuluak “Euzko Gogoa”-n irakurtzen ziren, batez ere filosofiari buruz osatuak. “Kant, Aristoteles, Sokrate, Platon, Heidegger, Marcel, Sartre, Seneca,... ditut atsegin” diosku. Urte askotako emaitza bezala “ Gauzaki, Izaki eta Gizaki” lanarekin Andima Ibiñagabeitia Saria irabazi zuen eta 1989an argitaratu zioten, “Unibertsitaterako liburuak” sailkapenean. Bitartean eta baita gero ere dozenaka artikulu azaldu dira Gaizkaren sinadurarekin eta baita lan mardulak osatu ere, nahiz eta argitaratu gabeak geratu diren, orain arte behintzat. Ulertzen al duzu orain hobeto zergatik egon behar duzun harro?

Azken hilabeteotan, Loiolako bere erretiroan lanean segitzen du, erretiroa ez baita geldirik egotearen sinonimoa. Eta Gaizka, lehengo askatasun mugatua murritzagotu egin bazaio ere, hantxe ari da, urtetako ezagutza aberatsari itxura ematen. Noizean behin, bere uzta bereziko ale berri bat heltzen zaigu existentzialismo, aristotelismo, humanismo eta ikusmolde desberdinetako zertzeladak azalduz, Saski Naski eder batean bilduta. Gaizka, eskerrik asko, gure herriaren alde burutu duzun obrarengatik. Zaude harro! Ez da bekatu eta. Zorionak omenaldi honetan, bihotzez, eta urte askotarako! Testua, egileak Gaizka Barandiarani Euskal Herriko Txistulari Elkarteak eta Euskal Dantzarien Biltzarrak, 2005eko maiatzaren 15ean Gipuzkoako Aldundiaren Jauregian eginiko omenaldian irakurri zuen.