30 Zenbakia 1999-04-23 / 1999-04-30

Media

Eskarmentua lege

KALTZADA, Pili

Eskarmentua lege Eskarmentua lege * Pili Kaltzada Elhuyar Kultur Elkarteak urteak daramatza zientziaren dibulgazioa euskaraz lantzen. Ibilian ikasi dugula esan izan diogu elkarri behin baino gehiagotan. Gainbegiratu zabal bat atzera bota eta berehala konturatzen naiz ikasi ez ezik, jardunean zabaldu eta aberastu ere egin dela euskarazko dibulgazioaren eremua. Bistan denez, ez da soilik geurea horren guztiaren meritua; irakurleak aurki ditzakeen hutsuneak, guzti guztiak bederen, geureak ez diren bezala. Nork esango luke duela, adibidez, 25 urte, Elhuyar aldizkariak lehen aldiz argia ikusi zuenean, urte gutxiren bueltan zer dira 25 urte herri baten historian? euskarazko zientzi dibulgazioa arrunt zabalduko zenik irrati, telebista nahiz idatzizko komunikabideetan? Orduko bultzagileei galdetu beharko genieke, noski. Geroago iritsi naiz ni dibulgazioaren gurdira Elhuyarren eskutik, eta Eusko Ikaskuntzako lagunek hala eskatuta, urte hauetan egindako lanari, zuen aurrean, bistadizoa botako diot. Titularrak dioena beti ere gogoan dudala: eskarmentuak erakutsi digu; esperientzian gaitu da euskara bera eta hizkuntza hau eguneroko jardunean baliatu nahi dugunok. Kultura Unibertsala Gero eta gizarte teknifikatuagoa da geurea. Edozertarako, edonon gaudela, zientzia eta teknologia gure eguneroko bizimoduaren oinarrizko osagai dira. Askotan, gehienetan, oharkabean baliatzen gara zientziak eta teknikak eskura jartzen dizkiguten bitartekoez, berezkotzat, naturaltzat hartzeraino kasu gehienetan. Izan ere, garapen teknologikoaren eskutik hazi, egituratu eta trinkotzera jo nahi duen gizartea da mende bukaerako hau. Inoiz baino gehiago, Kultura Unibertsalaren zatia da kultura zientifikoa, zenbaitzuek ikasketa programak oraindik horri bizkar emanda atontzea erabakitzen badute ere. Bizitzaren paradoxak! Garapenaren menpekoak gara inoiz baino gehiago, baina inoiz baino banaketa handiagoa dago gizartea eta klase zientifikoaren artean. Gidarien "kasta" berria sortzeko kapaz izango algara! Herritarrontzat zientziak txanpon beraren bi aldeak erakusten dizkigu ia etengabe: Jainkoa ala deabrua izan daiteke garapen zientifikoa, unean uneko edo komenentziazko gertakarien arabera. Ulerterrazagoa izango litzateke honelako balitz, baina, zer egingo diogu, zientzia eta teknika ez dira geure bizimodu moderno hau bere horretan antolatuko digun makiltxo magikoa. Jainkotu egiten dugun zientziak deabrukeriak egiteko balio dezakeela jakiteak, nolanahi ere, irakasbide argi bat ematen digu: zientzia "per se" ez da ona edo txarra; horretaz gizakiok egiten dugun erabilera izango da, izatekotan, kaltegarri edo onura iturri. Hau guztia paperaren (edo ziber paperaren) gainean egindako hausnarketa dela pentsa dezakegu; haatik, irispide luzeko eztabaida da, nire ustez. Formatik haratago doan demokrazia batean herritarrok parte hartze zuzena eduki beharko genuke oinarri oinarrizko gaietan eta zientzi politika, nire ustez, esparru horietako bat da. Azken bi mendeotan, gizarte garatuetan aurrekaririk gabeko garapen zientifiko teknikoa ezagutu dugu. Gaur egun, hedapen horrek izugarri azkarra izaten segitzen du; aurkikuntza berriak, aplikazio berriak eta oro har orain dela oso gutxira arte pentsaezinak ziren perspektibak ikusten ari gara. Bistan denez, garapen zientifikoaren azken helburua herritarra da eta izan behar du, horrengana zuzentzen baitira honen guztiaren lorpenak. Alabaina, informazio egokirik ezak komunitate zientifikoaren eta gizartearen arteko banaketa areagotu egiten du. Egoera honek gure komunikazio egiturak akasdunak direla erakusten digu garbiro. Ez da, hortaz, harrigarria kontrajarriak diruditen jarrerak batera ikustea gizartean; batetik, garapen zientifikoa gure gizartearen gaitz guztien erruduna dela pentsatzen dugu eta, bestetik, aurrekoa bezain kaltegarria izan daitekeen kontrako ustea ere zabaltzen da; hots, garapen teknologiko eta zientifikoa gure arazo guztien konponbide miragarritzat jotzea. Batere interesik ez agertzea, mesfidantza eta batere funtsarikgabeko iritzi arinak ere gaur egun gure artean zientzia eta teknologiaren inguruko tendentzien artekoak dira. Eta honi guztiari gehitu behar zaio, gainera, informazio egoki, zuzena eta egiaztaturik ez egoteak sortzen duen sinesgarritasunik eza. Zoritxarrez, oso ugariak dira esandako guztia erakusten diguten adibideak. Gizarteak, halaber, informazio zuzena eskatzen du, finantzatzen ari denaren inguruan jakinaren gainean egon behar duelako: bere balioa, bere aplikazioak, sortzen dituen aukera berriak, konpon ditzakeen arazo sozialak eta baita, bistan denez, ekar ditzakeen arazo berriak ere. Kultura zientifikoa hedatzeak ez dio erantzuten gizartearen eskakizunari soilik; garapenaren beraren mesedetan ere jotzen du informazio horrek, zientziaren beharrekiko sentikortasuna duen gizartea ekinbide berritzaileak gogoz sustatzeko moduan egongo delako. Masa komunikabideak zientziaren aurrean Komunikabideek milioika herritarrei eragiten die zuzen zuzenean; gero eta gaitasun handiagoa dute, gainera eta, beraz, informazioa helarazteko ahalmena ere biderkatzen joan da urteotan. Komunikabideek kultura zientifikoa bere osotasunean bultzatu beharko lukete, baina oro har ez da hori gaur egun sumatzen den jarrera nagusia. Salbuespenak salbuespen, informazio zientifikoa modu jarraian ez da ia agertzen gure inguruko komunikabideetan; agerpen horiek, gainera, inpaktuaren eta ikusgarritasunaren arabera baino ez dira neurtzen eta, argi dagoenez, irizpide horiek ez datoz bat normalean zientzi ekoizleen beharrekin. Agerpen horietan jorratzen diren edukiak ez dira izaten, gainera, egokienak. Unean uneko inpaktu handia duten albisteak, ikusgarriak, polemika eragiten dutenak eta sarritan negatiboak baino ez dira ezagutzera ematen. Albiste hauek, bistan denez, ez dute ia zerikusirik garapen zientifiko teknikoaren egiazko dimentsioarekin. Eta hala ere, bagabiltza… Elhuyarren, arestian esan dugun bezala, urteak egin ditugu honen guztiaren inguruan lanean. Hain justu ere, aurten 25 urte beteko dituElhuyar. Zientzia eta Teknika aldizkariak. Inondik ere, geure ikurra da aldizkaria, haren itzalpean gauzatu baitira jadanik errealitate ukigarria den proiekto sorta. 1992. urtearen inguruan ZETIAZ zerbitzua sortu genuen, zientziaren dibulgaziorako albiste zerbitzua, hain zuzen ere. Euskadi Irratian Norteko Ferrokarrila ekoiztu eta gidatzen du Elhuyarrek astero astero. Urtarrilaz geroztik, bestalde, Teknopolis/Tecnópolis saioa ekoizten dugu ETBko lehen eta bigarren katearako. Honen guztiaren harira, handitzen eta zabaltzen ari da Euskal Herrian zientziaren dibulgazioa egin eta hedatu nahi duen kolaboratzaileen sarea. Testuingurua azaltzen saiatu naiz. Etorkizunean gero eta garrantzi handiago izango duen esparrua dela jakinik, zientziaren dibulgazioa egiten dihardugunok zeregin handia dugula esan daiteke zalantzarik gabe. Eskarmentua pilatzen segitu beharko dugu. Pili Kaltzada, zientzia kazetaria Copyright © Eusko Ikaskuntza