29 Zenbakia 1999-04-16 / 1999-04-23

Media

Espezializazioa Kazetagintzan, gorabidean doan joera

RAMÍREZ DE LA PISCINA, Txema

Espezializazioa Kazetagintzan, gorabidean doan joera Espezializazioa Kazetagintzan, gorabidean doan joera Txema Ramirez de la Piscina Komunikazio Fakultateetako gelak ikasleez gainezka daude, bai Euskal Herrian, baita Espainiako estatuan ere. Komunikazioaren sektoreak azken urteotan izan duen hazkunde ekonomikoa harrigarria izan bada ere beren irabaziak hirukoiztu egin batituzte 1992 1997 urtealdian , mezubideetako plantillak ez dira apenas gehitu. Zer egingo dute gure ikasleek?, nondik nora joko dute? langabezira joanen dira beste hainbat eta hainbat lizentziadun bezala? Panorama ilun horren aurrean, artikulu honetan espezializazioaren fenomenoak kazetagintzan gaur egun eskaintzen duen errealitate sendoa erakusten da. Gogoetarako datuok. Gaur egun, Espainiako estatuan 22 komunikazio fakultate daude, eta berorietan 20.000tik gora ikasle ditugu matrikulaturik (Daniel E. Jones, 1999:22 26). Bestalde, eta Fape hau da Espainiako Prentsa Elkargoen Federazioa erakundeak emandako datuen arabera, 1997ko urtearen amaieran, gizarte komunikazioaren sektorean 14.183 kazetari zeuden (kazetak, ikusentzunezko medioak eta prentsa agentziak sartuta). Kopuru horri, beste 3.900 kazetari gehitu behar zitzaion; hots, komunikazio enpresarialean eta instituzionalean (Komunikazio Kabinete edo Prentsa Bulegoetan) ziharduten profesionalak. Beraz, une honetan Espainiako estatuan 18.000 tik gora kazetari daudela esan daiteke. Zifrok, komunikazioaren sektoreak azken urteotan izan duen garapenarekin alderatu behar dira. Adibidez, 1992 1997 urtealdian, sektore honek izan zituen irabaziak ikaragarri hasi ziren (%342,38, Fapek egindako ikerketa baten arabera). Bizkitartean, eta aipatu urtealdia aintzat hartuta, idatz geletako enplegua %0,71 hasi zen. Beraz, errealitate horiek alderatuta atera daitekeen lehendabiziko ondorioa ez da batere baikorra: gaur egun lanean diharduten kazetariak langabezira joango balira (guztiz ezinezkoa, bestalde), Kazetaritzako ikasle guztiek ez lukete lanik izango.Horrezaz gain, enpleguaren kalitatea, Espainiako estatuan, benetan kezkagarria da: ehun kazetarietatik, 60 lan baldintza normalizatuetan dauden bitartean, gainerako 40ak ekonomia murgilduan edo prekarietate hutsean daude. Euskal Autonomia Erkidegoan ditugun datuak ez dira hobeagoak, hemen ere lan baldintza kaskarrak baititugu nonahi. Horren adierazle, datu hau: kazetari guztien %38,8k duen lan egoera egongaitza da. Testuinguru honetan beharrezkoa da oso gogoeta serio egitea: zertarako ari gara hainbeste milaka eta milaka ikasle prestatzen?, zeintzuk dira une honetan komunikazioaren munduan gorabidean doazen sektoreak?, zein da etorkizuneko profesionalaren lan profila? Azken urteotan komunikazioaren merkatuak izan duen bilkaera ikusita, datozen urteotan Kazetaritzako ikasleek, lan egiteko orduan, aukera gehiago izango dituzte ondorengo hiru esparruotan: Kazetaritza espezializatuan, Kazetaritza elektronikoan, eta Komunikazio Kabineteen munduan. Ondorengo lerrotan gatozen espezializazioaren fenomenoaren inguruko xehetasun batzuk eskaintzera. Espezializazioa, alternatiba gisa. Espainiako estatuan egunkarien salmentak kontrolatzen dituen erakundeak OJDk emandako datuen arabera, kazeten hedapenak zertxobait behera egin du azken urteotan (1996 eta 1997an). Jaitsiera hori %0,4ko izan da. Prentsa espezializatuan, berriz, ez da jaitsierarik egon; alderantziz, igoera %5koa izan da. Prentsa espezializatuan barruan kirol prentsa eta prentsa ekonomikoa dugu. Lehenengoak azken hamarkada honetan izan duen hazkundea ikaragarria izan da, neurri handi batean futbolak izan duen gorakadari esker. Dena den, aipatu bi urte horietan kirolezko kazetek izan duten igoera %3,3ko izan da. Gure gustukoa izan ala ez, kirolezko prentsa masa prentsa bilakatu da, gaur egun 3,5 milioi pertsonak irakurtzen dituzte egunkari horiek egunero (Marca egunkaria dugu salduena, egunero 458.441 kopia kaleratzen baititu). Azpimarragarriagoa da oraindik prentsa ekonomikoak izan duen garapena, aipatu urtealdihorretan (1997 1997) %23,6ko igoera izan baitu. Hazkunde horretan zerikusi handia izan du, ezbairik gabe, ekonomia igarotzen ari den susperraldiak. Beraz, argiro azaltzen da aspalditik berresten ari zen joera: informazio orokorreko egunkariek beherako joera hartzen duten bitartean, prentsa espezializatuak gora egiten du. Egunkari espezializatuez gain, aldizkari espezializatuen merkatuak berak ere nabarmen gora egin du. Une honetan 1.179 aldizkari espezializatu daude Espainiako estatuan, AIPET (Kazetari Espezializatu eta Teknikoen Elkarte Iberoamerikarra) erakundeak emandako datuei erreparatuta (Mompin, 1999). Jakina, argitalpen horien artean denetarik dago: etxeapaiketari buruzko aldizkarietatik hasita web orrien diseinuari buruzko argitalpenetaraino. Nagusi dira aldizkari txikiak, hau da, 10.000 aleetatik behera saltzen dituztenak. Guztira 3.200 kazetarik egiten dute lan bertan. Kazetari espezializaturen profila honakoa da: gaztea (%80 25 urtetik 40 urtera bitartean kokatzen baita) eta teknologia berriekin ongi moldatzen dena (%80k ordenadorea erabiltzen du normalean). Herritarron irakurketa azturak ere aldatzen ari dira. Esanguratsua oso da Bernardo Diaz Nosty irakasleak bere azken txostenean (1998:149) aipatzen duen joera: aldizkarien artean hilekariek gora egin dute, bestelako maiztasuna duten aldizkariek behera egin duten bitartean. Hilean behin plazaratzen diren argitalpenek faktore asko dituzte bere alde: irakurtzeko aldia eta kioskoetan egoteko denbora ere luzatu egiten dira, besteak beste, eta horrek jakina gehiago errazten du oraindik beren kontsumoa. Aipatu irakasleak dioenez (1998:33) "gaur egun merkatuan dagoen eskaintza espezializatuak sektore sozio ekonomiko eta kultural oso desberdinetara iristea ahalbidetzen du. Espezializazioak, gainera, afinitate kulturala eta tematikoa bilatzen du hartzaileengan (bereizgarritasuna, espezializazio iturri legez)". Eta noski, bereizgarritasun ukitu horrek, askotan, herritarren konplizitatea lortzen du kioskoan ere.Ondorio nagusia. Beraz, datu hauek guztiak kontuan hartuta, atera daitekeen ondorio nagusia hauxe izango litzateke: Espaniako estatuan Kazetaritzako datu orokorrak kezkagarriak izan arren (plantillak, ikasle kopurua, enpleguaren kalitatea…) Kazetaritza espezializatuak eskaintzen duen etorkizuna itsaropentsua da, urterik urte gorabidean doan sektorea dela berresten ari baita. Bibliografía DIAZ NOSTY, Bernardo, Informe anual de la Comunicación 1997, 1998. Estado y tendencia de los medios en España, Zeta taldea, Madril, 1998. FAPE, Periódico de las Asociaciones de la Prensa, "El empleo periodístico mantiene el encefalograma plano, mientras crece la precariedad", in FAPE, 34. zenbakia (18 eta 19 orr.), 1999. JONES, Daniel E. "Investigación sobre comunicación en España. Evolución y perspectivas", in Zer, komunikazio ikasketarako aldizkaria, 5. zenbakian, EHU UPV, Bilbo, 1999. MOMPIN Josep, "Los periodistas especializados y técnicos en España", in VI CIPET (Congreso Iberoamericano de Periodistas Especializados y Técnicos), Bartzelona, 1999. Txema Ramirez de la Piscina, EHUko irakaslea