23 Zenbakia 1999-02-26 / 1999-03-05

Media

'Barren' astekariko kalitate kontrola

LARRAÑAGA, Imanol

"Barren" astekariko kalitate kontrola "Barren" astekariko kalitate kontrola Imanol Larrañaga 1992ko Gabon Egunean BARRENek estrainakoz argia ikusi zuenean, ez genuen asko pentsatzen handik sei urtera Arrasaten KALITATEAri buruzko azalpenak ematen jardungo genuenik. Baina antolatzaileek hala eskatu digutenez, gustura azalduko dugu zertan ari garen. Izan ere, kalitatea zaintzearen beharra orain dela gutxi sumatutako ipuina da. Hasierako ardura bakarra BARREN ostiralero banatzea zen, barixakuero elgoibartarren etxeko buzoietan lekutxo bat izatea. Ez zen desafio makala, sekula Elgoibarren izan ez den bezalakoa. Baina beste herri batzuetan ere ari ziren eta sekula ez dugu pentsatu beste batzuk baino gutxiago garenik. Eta horrela, ilusioak, konfidantzak, ondo egindako lanak eta herritarren berotasunak posible egin zuten hasieran ezinezkoa zirudiena. Eta egia aitortu behar badugu, ez zen hain lan zaila izan. Jende askok barre egiten bazigun ere, astea joan eta astea etorri eta erraz samar moldatzen ginela ikusi genuen. Eta astero kalera irteteko arazorik ez genuela ikusi genuenean, BARREN DENON GUSTUKOA egitea izan zen hurrengo erronka. Zorioneko herri honetan edozein proiektuk aurrera egingo badu lortu beharreko neutraltasuna eta pluraltasuna ziren buruko min berriak. BARRENek ezin zuen inolako etiketarik izan, markarik gabekoa izan behar zuen. Gure marka bakarra euskara zen, baina honen aurrean inor gutxik altxatu zuen ahotsik. Lau urte pasatxo bete genituenean, BARRENek bidean aurrera egiteko behar den onarpen soziala bazuela konturatu ginen. Jendeak estimatzen zuela, ez ziola errezeloz begiratzen eta gustura zabaltzen ziola bere etxeko atea. Beraz, bidean topatu genuen bigarren harritzarra ere gainditzea lortu genuen. Aurrera egiteko moduan ginen. Baina gure inguruko batek dion bezala, "gaurko lorpenak bihar hasi behar dugun lanaren abiapuntua baino ez dira". Eta aurreko erronkak nota onarekin gainditu ostean, duela 16 hilabete BARRENen kalitatea zaintzeari ekin behargeniola erabaki genuen. Zelako kalitatea ote dauka gure astekariak? Astero astero ikusten genuen hankasartzeak egiten genituela, beti ihes egiten zigula detailetxoren batek. Baina, zergatik ez ditugu hutsegite hauek identifikatu eta jasotzen? Gauzak ondo egiteko, aurrez gaizki zer dagoen jakitea ezinbestekoa dela sinestuta hasi zen BARRENeko KALITATE KONTROLAren historia. Nahi baduzue, historia honen lehen kapituluak ezagutzera gonbidatzen zaituztegu. 1. KALITATE KONTROLAREN HELBURUAK Gure helburua kalitatezko astekari bat egin eta eskaintzea da. Ezin gara astekaria ateratze hutsarekin konformatu, eta, ondorioz, BARREN ahal dugun edo dakigun ondoen egitea da gure nahia. Izan ere, gauzak ondo egitea izango da astekariaren eta irakurleen arteko harremana mantentzeko eta sakontzeko bermea. Jendeak ez du BARREN eskuetan hartuko euskaraz eta dohainik delako bakarrik. Ez, bi ezaugarri hauek ez dute, besterik gabe, astekariaren eta irakurleen arteko harremana ziurtatzen. Beraz, kalitatezko astekari bat lortzeko xedearekin martxan jarritako kalitate kontrolaren helburuak honako lau hauek dira: a. Egiten ditugun hutsegiteak identifikatzea eta jasotzea. b. Hutsegiteak aztertzea eta komentatzea. c. Hutsegiteak ez errepikatzeko soluzioak bilatzea. d. Hutsegite kopurua jaistea. Hala ere, gure helburua ez da garai batean modan egon zen `zero akats` lortzea. Badakigu astero izango dugula hankasartzeren bat eta hauekin aurrera egiteko prest egon behar dugula. Bestalde, lan metodologia hau BARRENeko langile profesionalen tentsio puntua mantentzeko ere bada. Lantaldeak badaki euren lanaren segimendua egiten dela eta honek, lehenaz gain, erantzukizun gradu bat eransten dio. Hala ere, gure kalitate kontrola ez da polizia lana, ez dugu langileak kontrolatzeko egiten; BARRENen eta Elkartean dihardugun langile profesionalok badakigu non eta zertan ari garen eta kontziente gara kalitate kontrola ez dela inoren lana kontrolatzeko (bere zentzurik txarrenean), gure lanari etekin handiagoaateratzeko baizik. 2. ZER ZAINTZEN DUGU? Astekari baten kalitate maila neurtzerakoan gauza asko har daitezke kontuan. Gure kasuan dozena bat arlo aukeratu genituen eta hauek zaindu eta hobetzeko ahaleginari ekin genion. Ondorioetan aipatzen dugun bezala, arlo batzuk apropos laga ditugu beste fase baterako, arlo garrantzitsuren bat ere ahaztuko zitzaigun akaso, baina berriekin hasi aurretik dauzkagunak hobetzen badaukagu nahikoa lan. Ikus dezagun, beraz, batetik, zein diren (eta zergatik aukeratu ditugun) BARRENeko kalitate kontrolean zaindu eta neurtzen ditugun arloak, eta, bestetik, zer den arlo bakoitzean bereziki zaintzen duguna: IDAZKERA: BARREN irakurtzea ezin da sufrikario bat izan. Irakurketa arina eta atsegina izatea lortu behar dugu. Gainera, badakigu jende askok ez duela sekula euskaraz irakurri eta beste batzuei asko kostatzen zaiela. Beraz, jende hau erakarri nahi badugu BARREN erraz irakurtzeko bezala idatzi behar dugu. Irakurlea lehen irakurketan jabetu behar da bertan esaten denaz eta ez du esaldi bat bi aldiz irakurtzeko premiarik sentitu behar. Zer zaintzen dugu? * Esaldiak ulerterrazak izatea. * Esaldien mezua argia izatea. * Esaldiak erakargarriak izatea. * Esaldiak ondo egituratuta eta josita egotea. * Esaldiak pobreak ez izatea. EUSKARA: Euskaraz txukun idaztea da gure nahia. Ezin dugu euskaraz idazten dugulako kalitatearen maila jaitsi. Euskararen normalizazioa eta prestigioa ez datoz euskara erabiltze hutsetik, euskara ondo erabiltzetik baizik. Zer zaintzen dugu? * Ortografia, aditzak, deklinabidea,... * Hitzen egokitasuna. * Hiztegiaren aberastasuna. * Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak. * Elgoibarko berbak eta berbeta. * Elkarrizketatuen euskara maila. MEKANOGRAFIA: Zatarra izaten da irakurketan zehar mekanografia akatsak aurkitzea, irakurketa eta testua pobretzen dute, kalitatea jaisten da. Astekariaren izen onak behera egiten du horrelako hutsegiteak ikustean. Izan ere, azkar eta ondo idatzi nahi izaten dugu eta hau ez da batereerraza. Gero ikusiko dugun bezala, atal honetan egiten dugu hutsegite gehien. Zer zaintzen dugu? Astekarian azaltzen diren testu guztiak (publizitatekoak ere bai) aztertzen dira dena zuzen idatzita dagoen ikusteko. Halere, titularrei eta azpi titularrei atentzio berezia eskaintzen diegu. KAZETARITZA: BARRENeko kazetariak proiektu profesional bateko parte dela konturatu behar du. Hau ez da eskola bat. Ezin dugu pentsatu astero 28 edo 32 orrialde bete eta banatzearekin gure eginbeharra burutu dugunik. Kazetariak kontziente izan behar du bere lana esku askotara iritsiko dela eta ezin duela lana edozein modutan egin. Zer zaintzen dugu? * Ematen dugun informazioa zuzena, osoa eta argia izatea. * Notizia garrantzitsurik ez ahaztea. * Notiziaren tratamendua orekatua izatea. * Titularrek eta azpi titularrek informazioaren muina jasotzea. * Notizia bakoitzari eman behar zaion tratamenduan asmatzea. MAKETAZIOA: Neurri batean, astekariaren itxuraren arabera erakarri edo uxatuko dugu irakurlea. Aldizkariak bistarako atsegina, garbia, argia eta erakargarria izan behar du. Eta honetaz jabetuta, maketatzailearen lana ere sartu genuen kalitate kontrolean. Zer zaintzen dugu? * Azaleko maketazioa (kolorea, erretratua, ...). * Aurretik definitutako maketazioarekiko errespetua. * Letra: bai tamainak eta baita tipoak ere. * Titularren eta azpititularren maketazioa. * Testu eta erretratuen konbinazioa. * Taulen eta infografiaren garrantzia. * Erretratuen manipulazioa. * Orrien garbitasuna. * Estilo eta aukera ezberdinak lantzea (monotonia saihesteko). Bestalde, bi urtetik behin edo, astekariko maketazioa aldatzea gustatzen zaigu, betiere irakurlegoari gauza berria eta hobea eskaintzeko helburuarekin. AGENDA: Herrian dagoen mugimendu soziokulturalaren ispilua izan nahi du BARRENeko agendak. Baina, askotan, daukana baino garrantzia gutxiago ematen diogula iruditzen zaigu. Etxetik irten aurretik hitzaldia zein ordutan den jakiteko BARRENeko agendan begiratu duenari ezin diogu kale egin."Eske BARRENeko agendiakin ezin da ibili!" entzun izan dugu, eta hau astekariaren prestigioaren kaltetan dator. Astekariko agendak irakurleen sinesgarritasuna eta konfidantza izan behar du. Zer zaintzen dugu? * Agendan azaltzen diren jardueren data, ordua, tokia eta antolatzaileak zein diren zuzen egotea. * Herrian antolatzen diren jarduerak gure agendan egotea. * Agendaren alboan izaten den testuetako informazioa osagarria izatea eta agendakoarekin bat. * Jarduerak agendan argitaratzeko data ondo aukeratzea. AZALA: Azalean hutsegiterik ez izateari garrantzia berezia ematen diogu. Esan ohi den bezala, "lehen inpresioa" inportantea izaten da, eta astekari batean azala izaten da irakurleek ikusten duten lehen gauza. Zer zaintzen dugu? * Kolorea eta erretratu nagusia erakargarriak izatea. * Titularra erakargarria izatea eta ondo irakurtzeko bezala egotea. * Informazio gehigarria ondo egotea. * Beti azal antzerakoa ez izatea. INPRENTA: Hau gure esku ez badago ere, inprentako hutsegiteak ere zaintzen ditugu. Izan ere, jendeari berdin zaio hutsegitea zeinena den, irakurlearentzat gaizki dagoena gaizki dago eta ez zaio inporta hanka zeinek sartu duen. Adibidez, orain dela gutxi kale inkestako erretratuak eta izen abizenak oker argitaratu genituen. Hutsegitea inprentarena izan zen baina astekariaren prestigioa da behera egiten duena. Horrelako kasuetan, hutsegitearen arrazoia zein izan den azaltzen dugu hurrengo zenbakian. ESKELAK: Pozik gaude BARRENek eskelekin lortu duen estimazioarekin. Astero izaten dugu eskela edo eskertzaren bat. Baina poza ardura ere bihurtzen da. Izan ere, atal hau berezia da, une gogorretan ematen da, bihotzak bigun dauden momentuetan, alegia. Horrelako kasuetan huts egiteak min gehiago ematen digu. Zer zaintzen dugu? * Heriotz eta elizkizun datak zuzen argitaratzea. * Erretratua eta izen abizenak bat etortzea. * Eskelan azaltzen diren datuak ondo egotea. * Itxura aldetik ondo egotea. PUBLIZITATEA: Publizistaren lana ez da merkatariarekin kontratualotzen duenean amaitzen. Kontratatutako publizitatea merkatariaren gustura eta beharretara egokituta argitara irteten denean amaitzen da gure eginkizuna. Hau lortzea oso garrantzitsua da gero berriz joan behar dugunerako. Gainera ez ahaztu publizitatearen atzean dirua dagoela, astekariaren aurrekontuaren % 50. Zer zaintzen dugu? * Merkataria gustura geratzea. * Merkatariaren datuak (telefonoa, helbidea,...) zuzen ematea. * Publizitatea erakargarria izatea. * Koloreak eta erretratuak ondo argitaratzea. * Mezua ondo eta argi argitaratzea. ERRETRATUAK: Zenbat aldiz entzun dugu "nik erretratuak eta titularrak bakarrik begiratzen ditut". Astekari batean erretratuek aparteko garrantzia daukate, batetik jende asko dagoelako BARREN erretratuen bidez `irakurtzen` duena (erdaldunak bereziki), eta bestetik, erretratuek oso leiho garrantzitsuak direlako jendea testura sartzeko. Zer zaintzen dugu? * Erretratuen kalitatea eta kolorea. * Erretratuen tamaina. * Erretratua eta informazioa osagarriak izatea. * Erretatuak ondo enkoadratuta egotea. BESTERIK: Amaitzeko, badira hutsegite batzuk guk aurreko ataletan sailkatzen ez ditugunak. Adibidez, behin horrela idatzi genuen: `Euskadiko jai garrantzitsuenak diren San Ferminetan (...)`. Euskadi eta Euskal Herria bereiztu egin behar ditugu. Zer egiten dugu horrelakoetan? Gure artean berba egin eta aurrerantzean kontutan izan beharreko irizpideak definitu. Beste batean, gaueko hamabi eta erdiak adierazteko "24:30etan" idatzi genuen. Hutsegite bitxia, ezta? 3. KALITATE KONTROLERAKO LAN METODOLOGIA? Metodologia aztertzen hasi aurretik, gogora dezagun gure kalitate kontrolaren oinarriak zein diren: egiten ditugun hutsegiteak identifikatzea, zergatiak aztertzea, soluzioak bilatzea eta hankasartzeak fitxa batean jasotzea. Kontrolerako metodologia Ikus dezagun zein diren kalitate kontrolean ematen ditugun urratsak: Alea argitaratu ostean, Elkarteko suspertzaileak aste osoa izaten du `lupa` eta boligrafo gorria hartu eta alea goitik beherapoliki poliki eta arretaz aztertzeko. Lau ordu inguru ematen ditu zeregin honetan. Zuzentzailearen lana, ahalik eta hutsegite gehien topatzea dela esan dezakegu. Ostiral goizetan, zuzentzailea BARRENeko zuzendariarekin eta kazetariarekin biltzen da aste horretan identifikatu dituen hutsegiteak zein izan diren erakutsi eta eurei buruz berba egiteko. Bitxikeria bezala esan daiteke, batzuetan eztabaida sutsuak izaten ditugula hutsegiteak definitzerakoan. Gertatu izan zaigu zuzentzailearentzat hutsegitea dena beste bientzat ez izatea. Lan metodologia honetan suspertzaileak "txarraren papera" betetzen du eta zuzendaria eta kazetaria ez dira beti bat etortzen bere irizpideekin. Beraz, kasu batzuetan negoziatu egin behar izaten ditugu hutsegiteak. Hutsegiteak ikusi eta aztertu ondoren, BARRENeko kalitate kontroleko fitxa betetzen du suspertzaileak (ikus KALITATE KONTROLEKO FITXAK atala). Kalitate fitxa BARRENeko zuzendariak jasotzen du eta BARRENeko lantaldean erakusten eta komentatzen du. Bi hilabetetik behin Elkarteko Zuzendaritza Batzordean aurkezten dugu kalitate kontroleko fitxa (zortzi asteko datuak biltzen dituen fitxa daukagu). Zuzentzailearen profila Funtzio hau bete behar duenak edo dutenek, gure ustetan zein baldintza eta ezaugarri bete behar dituen edo dituzten aipatuko dizuegu jarraian: Aldizkariaren proiektuarekin identifikatuta egotea eta lana gogo onez hartzea. Zeregin honi astean lau ordu inguru eskaintzeko prest egotea. Bat baino gehiago badira gutxiago, noski. Nolako aldizkaria egin nahi den garbi izatea. Aldizkariko atal guztiak ondo ezagutzea. Kalitate kontrolaren funtzioa ondo ulertzea. Herrian dagoen mugimendu soziokulturalaren berri izatea. Ahalik eta euskara maila altuena edukitzea. Aldizkariko lantalde profesionaleko kide ez izatea. Halere, zuzentzailea onena izanda ere, oso zaila izango da hutsegite edo erru guztietaz jabetzea. 4. KALITATE KONTROLERAKO FITXAK Guk ez daukagu kalitate kontrola sistematizatzeko programa informatikorik.Fitxa sinple eta erraz bat diseinatu genuen eta berarekin jarraitzen dugu. Gero, onera ala txarrera egin dugun ikusteko, hamabi hilabetetik behin hutsegiteen eboluzioa erakusten digun grafikoa egin eta aztertzen dugu. Hurrengo bi grafikoetan hutsegiteak jasotzeko daukagun fitxa eta kalitatearen eboluzioa erakusten digun grafikoa ikusiko ditugu. Hutsegiteak jasotzeko fitxa: 238 239 240 241 242 243 244 245 Guztira Media(*) Helb. Idazkera 2 2 1 1 2 8 1 24 Euskara 3 1 2 2 5 1 2 16 2 24 Mekanogr. 11 8 5 7 10 8 6 4 59 7,37 50 Kazetaritza 1 4 1 4 1 2 2 15 1,87 16 Maketazioa 1 1 3 1 4 1 3 14 1,75 16 Agenda 4 Azala 1 1 1 3 0,37 4 Inprenta 1 1 0,12 0 Besterik: Eskela 2 Publizit. 1 2 3 0,37 4 Argazk. 1 0,12 4 Hutsegiteak 13 17 10 18 19 19 12 13 120 148 Fitxak azalpen askoren beharrik ez badu ere, esango dizuegu zer daukagun. Ezkerreko zutabean, zaintzen ditugun arloak ikus ditzakezue. Goian, ezkerretik eskuinera, aleei dagozkien zenbakiak dauzkagu. Ikus dezakezuen bezala, bi hilabetetik behin osatzen dugu kalitate fitxa. Bestalde, kopuru totalak bi arlotan zenbatzen ditugu: bat, aste bakoitzean izandako hutsegite kopurua (beheko ilaran), eta bi, zaintzen ditugun esparruetan bi hilabetero izandakoak (guztira jartzen duen zutabean). Amaitzeko, eskuineko bi zutabeetan zer daukagun ikusiko dugu: batean, aste bakoitzean izandako hutsegiteen bataz bestekoa daukagu, eta bestean berriz, guk bi hilabete horietarako ezarritako helburuak. Helburuetan azaltzen diren zenbakiak aldakorrak dira. Kalitateak hoberantz egiten duen neurrian, kantitatehauek ere beherantz egiten dute. Grafiko honetan , berriz, BARRENen azken hamabi hilabeteetan izandako hutsegiteen bilakaera ikus dezakegu. Ezkerrean, hutsegite kopuruen zutabea daukagu, eta behean, hilabeteak. Oso grafiko sinplea da baina guretzat aproposa da eboluzioa zelakoa izan den jakiteko. Bestalde, grafiko hau hilabete bakoitzeko hutsegiteak kontutan hartuta egin dugu, baina nahi izanez gero, esparru bakoitza (euskara, mekanografia,...) bera bakarrik hartuta ere egin daiteke. Era honetara arlo bakoitzaren bilakaera zehatz mehatz ezagutzeko aukera izango genuke. 5. ZER EGITEN DUGU HUTSEGITE KOPURUAK JAISTEKO? Egia aitortu behar badugu, guk ez dugu hutsegiteak gutxitzeko formula magikorik aurkitu. Guk uste baino zailagoa da hutsegite kopuruan behera egitea. Aste batean behera egitea lortzen dugu baina hurrengoan berriz ere pilatzen zaizkigu nahi baino hankasartze gehiago. Halere, joera edo tendentzia gure aldekoa dela konturatu gara. Hilabete batetik bestera gorabeherak izaten baditugu ere, hutsegite kopuruek behera egin dute. Lehen 5 hilabeetako maximoak 111 eta 107 izan baziren, azken bost hilabetetakoak 85 eta 75 izan dira. Eta minimoak ere aztertzen baditugu, hasieran 77 eta 75 hutsegite izan ziren, eta azken bost hilabeteetan 66 eta 51 izan dira. Beraz, metodologia honen balioa frogatu dugunez, ikus dezagun hutsegite gehien izaten ditugun hiru arloetan zer egiten dugun (eta zer egin daitekeen) hankasartzeak gutxitzeko: A. Mekanografian: Aurrerago ikusiko dugun bezala, arlo hau da buruko min gehien ematen diguna. Zer egiten dugu mekanografiako hutsegiteak gutxitzeko? Bista zorroztu eta testuak behin eta berriz irakurri: Ostegun goizean zuzendariak eta kazetariak ale osoa irakurtzen dute. Zuzenketak egiteko orduan, batez ere, besteak idatzitako testuei erreparatzen die, norberaren erruak aurkitzea zailagoa izaten omen da eta. Elkarteko suspertzaileak, berriz, asteazken arratsaldeetan titularrak eta azpi titularrak aztertzen ditu dena ondo dagoen ikusteko. Autokontrola: Kazetaria idazten hasten denean pasa behar da lehen kontrola. Produkzioaren hasierako urratsetan egin behar dugu kalitatearen aldeko lehen apustua. Kazetariak ezin du pentsatu `ba, ostegun goizean zuzenduko dugunez ez naiz ondo idazteaz gehiegi arduratuko`. Lantaldetik kanpo dagoen zuzentzaile bat aurkitu: Egokia izango litzateke ale osoa arakatuko lukeen bolondres bat izatea. Guk izan genuen lehen lau urteetan eta igarri egiten da; alabaina, zaila izaten da astero astero 28 orri zuzentzeko prest dagoen pertsona bat aurkitzea. Maketatzailearen lana zaindu: Askotan, nahiz eta kazetariek mekanografiako hutsegitea ikusi, maketatzaileari ihes egin diezaioke. Hau ekiditeko, hutsegiteak ondo markatzea komeni da (horiz azpimarratuta edo). Testuak moztu beharra ere sarri izaten da eta maketatzaileak ez dio gehiegi begiratzen edukiari, maketazioari baizik. Maketatzaileari lan asko pilatzen zaio ostegun goizean eta bere alboan zuzendaria edo kazetaria egotea komeni da. B. Euskara eta idazkera: Bi esparru hauetan ere izaten ditugu hutsegiteak. Ikus dezagun orain arte zer egin dugun eta zer egiten dihardugun ahalik eta hankasartze gutxien egiteko: Alea argitaratu aurretik: a. Elkarteko suspertzaileak asteazken arratsaldean alea jaso eta titularrak eta azpi titularrak aztertzen ditu euskara eta idazkera aldetik ondo dauden ikusteko. b. Zuzendariak eta kazetariak ale osoa aztertzen dute ostegun goizean. Kasu honetan ere, batak bestearen testuak aztertzen dituzte batez ere. c. Bestalde, UZEIko zuzendariarekin ere egon ginen XUXEN zuzentzaile ortografikoa ekartzerik ba ote zegoen aztertzeko, baina, arazo batzuk zirela eta, oraingoz ezin izan dugu ezer egin. d. Amaitzeko, GERTU inprimategiak TZ, TS eta TX ondo banatzeko eskaini digun programa aipatu dezakegu. Programa honen bidez, orain arte gaizki egiten genituen mozketak zuzen egingo ditugu. Alea argitaratu ostean: Ostiralero, aste horretan euskaran eta idazkeran izandako hutsegiteen inguruan berba egitendugu. Gure artean dena dakiela uste duenik ez dagoenez, gustura jarduten dugu dakiguna batak besteari erakusten. Zalantzak dauzkagunean, berriz, guk baino gehiago dakien jendearengana joten dugu. Euskararen inguruan izaten ditugun zalantza guztiak paper batean jasotzen ditugu eta mordoska bat pilatzen zaigunean ikastaro antzerako bat egiten dugu. 6. HUTSEGITEEN INGURUKO DATU BATZUK Jarraian, kalitate kontrola martxan jarri genuenetik egin dugun segimenduaren berri emango dizuegu. Ez pentsa datu hauek gure astekariaren kalitatea zelakoa den erakusteko ematen dizkizuegunik. Gure nahia zuek erreferentzia bat izatea da, halakoren batean zuetako norbait antzerako zereginetan hasten bada erreferentzia bat izan dezan, hain zuzen ere. Hasteko, ikus dezagun arlo bakoitzean izaten ditugun hutsegiteak, gehien izaten dugunetik hasi eta gutxien izaten dugunarekin amaituz. Azterketa azken 48 zenbakiak kontutan hartuta egin dugu. Hutsegiteak Batez (48 aste) besteko (asteko) 401 8,35 Mekanografia Euskara: 154 3,20 Kazetaritza: 107 2,22 Maketazioa: 93 1,93 Idazkera: 74 1,54 Agenda: 20 0,41 Publizitatea: 15 0,31 Azala 13 0,27 Erretratuak 8 0,16 Inprenta 2 0,04 Eskelak 1 0,02 Beste datu batzuk Hutsegite gehien egin dugun astea: 36 hankasartze Hutsegite gutxien egin dugun astea: 9 hankasartze Asteko batez bestekoa: 18 hankasartze astean Datu eta kopuru hauek ikusi ondoren, nolabait astekariaren kalitatea neurtzeko barometroa finkatu dugu. Ikus dezagun taula zein den: Oso gaizki:..........................................30 hutsegite baino gehiago Gaizki:.................................................20 30 bitartean Balekoa:..............................................15 20 bitartean Ondo:..................................................10 15 bitartean Oso ondo:............................................0 10 bitartean 7. ONDORIO BATZUK BARRENekokalitate kontrolari buruzko azalpen honekin amaitzeko, ondorio edo ideia batzuk aipatuko ditugu: Gustura gaude kalitate kontrola martxan jarri genuenetik hutsegite kopuruaren tendentziak behera egin duelako. Hala ere, ez dugu uste kalitate kontrola aldizkariaren gaitzak sendatzeko botika magikoa denik. Izan ere, osasunari eta kalitateari dagokienean, gizakiok eta aldizkariak antzeratsu gabiltza: txarrera konturatu orduko egiten dugu, baina izugarri kostatzen zaigu hobera egitea. Beraz, kasurik txarrenean ere, aldizkarien kalitateak behera ez egiteko tresna aproposa izan daiteke kalitate kontrola. Bestalde, guk daukagun kalitate kontrolari ere kalitate kontrola ezar dakioke. Besteak beste, kalitatearen neurketa lagun bakar baten eskuetan lagatzeak, neurketaren maila jaisten du. Askoz aproposagoa izango litzateke bizpahiru lagun horretarako edukitzea, bakoitzak arlo jakin batzuek kontrolatuz. Aurretik esan dugun bezala, guk zaintzen ditugun arloak garrantzitsuak dira baina badaude beste arlo batzuk ere zaintzea mereziko luketenak. Esaterako: * Aldizkariko atalak edo edukia: Esparru honetan zer hobeturik badagoelakoan gaude. Askotan aldizkariko atalak edo edukia asko pentsatu eta aztertu gabe finkatzen ditugula iruditzen zaigu. Atal asko mimetismoz dauzkagula esan daiteke. * Gaien aukeraketa: Erreportai, elkarrizketa eta antzerako ataletako gaiak ere egokiak izaten diren ala ez zaindu eta neurtu daiteke. * Gai ezberdinei ematen zaien tratamendua: Erreportai bat idazterakoan edo notizia bat ematerakoan eskaintzen diogun tratamenduaren inguruan ere luze jardun daiteke. * Kolaboratzaileen idatziak: Hau ere zaindu beharrekoa dela uste dugu. Aldizkariaren kalitateak gora edo behera egiteko oso garrantzitsuak dira kolaboratzaileen lanak. Amaitzeko, zera gehitu nahiko genuke: Ponentzian zehar aipatu ez badugu ere, benetan zaintzea merezi duena aldizkarietan lanean zabiltzatenon osasuna eta kalitatea da. Profesionalon eta militanteon lanerako ilusioa, batetik, eta egitendiharduzuen lanaren zentzua eta esanahia,bestetik, dira benetan zaindu, mimatu eta landu behar ditugunak. Gainontzekoa berez etorriko da. Imanol Larrañaga, Elgoibarko Izarra Kultura Elkarteko eragilea. Txosten hau Herri Komunikabideei buruz 1998ko azaroan Arrasaten egin ziren III. Jardunaldietan aurkeztu zen. Txostena, ARKOren, Arrasateko Komunikabideak elkartearen, baimenarekin kaleratu dugu.