19 Zenbakia 1999-01-29 / 1999-02-05

Media

Diseinuan ere kalitatea

ARANA, Goio

Diseinuan ere kalitatea Diseinuan ere kalitatea Goio Arana Diseinuaren kalitatea nola hobeto daitekeen da ponentzia honetan jorratuko den gaia. Horretarako hainbat elementu aztertuko ditugu, hala nola: 1) Edukien eta itxuraren arteko orekaren beharra. 2) Herri prentsan diseinuaren arazoak. * Diseinuari garrantzi nahikorik ez. * Diseinatzailearen profila. * Hezkuntza egokia eta baliabide falta. 3) Diseinua eta talde lana. * Talde harremana indartu. * Diseinuaren zergatiak ezagutu eta adostu. * Taldean lan egiteko modu berriak bilatu. 4) Sorkuntza eta arauen arteko jokoa. 5) Argitasuna eta apaltasuna. 6) Arrasate Press astekariaren diseinua. * 1988ko lehenengo zenbakia. * 1990ko moldaketa. (77. alea). * 1992ko moldaketa. (164. alea). * 1996ko birdiseinua. (339. alea). * Azaletan apostu berezia. 7) Diseinuaren kalitate kontrola. 8) Ondorioak. 1) EDUKIEN ETA ITXURAREN ARTEKO OREKAREN BEHARRA Garbi dago prentsa idatziaren edozein euskarritan ez dagoela kalitatedun produktua argitaratzerik, bertan idatzitakoa kalitatezkoa ez bada, hau da, edukiak ez badu interesik. Ulergarria ez bada, argitalpena ez da ona izango. Denok dakigu aldizkari batean eduki onak argitaratzeko zer behar izaten den, batez ere: "kazetari onak". Eta "kazetari ona" izatea zer den argitzerakoan ere, gehienok bat etorriko gara definizioarekin: pertsona independientea, argia, ausarta, ingurua eta helburu taldea ondo ezagutzen dituena, hizkuntza menperatzen duena, etab, etab. Beraz, pentsatzekoa da horrelako kazetariek idatzitako informazio testualaz aldizkari ona izango dugula. Baina hori, harritzekoa bada ere, ez da beti horrela izaten. Prentsa idatzian ezin dugu ahaztu edukia eta itxura zenbateraino dauden lotuta. Informazioa interesgarria eta ulergarria izan behar da, baina erakargarria ere izan behar da, derrigorrez. Bi dira, beraz, eta ez bakarra, kalitatedun aldizkari batek bete behar dituen baldintzak: 1) Argitaratutako informazio testuala ona izatea, hau da, interesgarrarria, ulergarria… 2) Edukiamodu egokian aurkeztua izatea, hau da, itxuraz erakargarria izatea. Kalitatea zentzu zabal batean ulertu behar dugu. Eta borobiltasun hau, "kalitate oso" hau, prentsa idatzian edukiaren eta itxuraren arteko ezkontzan oinarritzen da. Oso kritikoak izaten ohi gara aldizkarietan argitaratzen diren informazio testualarekin (Nahiko argiak edo zuzenak ez direlako, akatsak dituztelako…) eta, sarriegi, bigunegiak testu horiei ematen zaien tratamendu formalarekin. Azkenaldian, euskaraz idatzitako herri aldizkarien itxura asko hobetu bada ere, oraindik nahiko eskasa da orokorrean. Badira salbuespenak, jakina, baina orokorrean diseinuak ez du behar duen maila lortu gure artean. Arazo hau, beste batzuen artean, herri aldizkarietan oso zabalduta dauden fenomeno hauengatik ematen dela uste dut: diseinuari ez zaio behar beste garrantzia ematen, diseinatzailearen profila ez dago garbi eta azkenik, hezkuntzarako diru falta nabarmena izaten da. 2) HERRI PRENTSAN DISEINUAREN ARAZOAK * Diseinuari garrantzi nahikorik ez. Aldizkari berri bat argitaratu behar dela erabakitzen denean, normala denez "fisikoki" ateratzeari ematen zaio garrantzirik handiena, baina itxura aldetik benetan erakargarria egiteko ahaleginari denbora gutxiegi ematen zaio. Aldizkariak izango duen itxuraz eta itxura horren zergatiaz ezer gutxi hitz egiten da. Batetik, erdi purdizko itxura izanda ere, euskaraz izaki, euskaldunen artean ustez, ongi etorria izango delako, eta bestetik, pentsatzen dugulako jendeak diseinuaz ez duela ulertzen, ia berdin izaten zaiola zer nolako presentzia izango duen aldizkariak. Hori bai, "polita" izan dadin nahi izaten dugu, baina egia esateko, ia edozer gauzari esaten diogu "polita" izatea. Gure aldizkarietako diseinuari garrantzia ematen ez diogunean, gutxienez bi akats egiten ditugu: 1) Euskaraz izanik dena barkatuta dagoela pentsatzea. Zelabait ere, ez dugu kontuan hartzen euskaldunok kalitate osoko produktuak jasotzeko dugun eskubideaz gain, dugun benetako beharra. Agian, gure inguruetakobeste herri batzuek baino behar handiagoa, euskara hutsez ditugun erreferenteak oso gutxi direlako: nazio mailako telebista kate bakarra, egunkari bakarra, informazio orokorreko astekari bakarra, zientzia aldizkari bakarra, herri bakoitzean herri aldizkari bakarra…, gure artean ez dago konpetentziarik eta bakarrak garenez, ez gara nahiko ahalegintzen. Nire ustez, kontrakoa izan beharko litzateke: bakarrak garelako, onak izateko obligazioa dugu. Gure irakurleak ezin dira gugana etorri gure argitalpenak euskaraz direlako, onak direlako baizik. Gure "borroka" beste hizkuntzetan egiten diren goreneko medioen kontra dago. Erronka, helburu modura, hizkuntza normalizatuetan idatzita dauden aldizkariak baino hobeak izatea da. 2) Uste izatea irakurleak ez direla itxura onaz edo txarraz jabetuko. Hau modu inkonziente batean bada ere, irakurlea gutxiestea da. Agian jendeak ez du gustuko den aldizkari baten zergatia adierazteko gaitasunik izango, baina produktua erakargarria suertatuko zaio edo ez, hori horrela zergatik den esaten jakin ez badaki ere. Diseinu on batekin bakarrik lor dezakegu aldizkaria erakargarria izatea eta irakurlea bigarren fase batera pasaraztea, hau da, informazioa irakurtzera. Diseinuari garrantzia ez emateaz gain, herri prentsak jasan behar izaten duen beste arazo bat indefinizioarena da. Sarritan ez dago garbi aldizkaria diseinatzeko pertsona egokia zein den, hau da, diseinatzailearen profila edo hobeto esanda, albisteak diseinatuko duen pertsonaren profila ez dago garbi, eta ondorioz, diseinua bera kaltetua suertatzen da, produktua bera ere perfilatu barik ateratzen delako. * Diseinatzailearen profila. Gaur egungo diseinu lanak aurrera ateratzeko orduan, garbi dago jardun behar dugula teknologiarekin eta informatikarekin elkarlanean, baina ez da hau prentsa diseinuan kontuan izan behar den ikuspegi bakarra. Inork gutxik pentsatuko luke kazetaria izateko nahikoa dela makinaz idazten jakitea, garbi baitago idaz makina erraminta hutsa dela. Baina aldiz,samurrago pentsa dezakegu diseinatzailearen posturako ordenagailua ondoen ezagutzen duen pertsona dela aproposena, eta hori ez da guztiz zuzena, ordenagailua ezagutzea eta programa informatikoak menperatzea guztiz beharrezkoa diren arren, ez da nahikoa, diseinuan ere ordenadorea erraminta bat delako. Ordenagailua ondo erabiltzen jakitea ez da garrantzia duen gauza bakarra, ordenagailuarekin zer egin nahi dugun eta nola lortuko dugun dira benetan inportanteak. Gutxienez, hiru jakintza atalekin izan behar du harremana: 1. Kazetaritza. Irizpide periodistikoak izan behar ditu. Orriaren iherarkia kontuan izanda lan egin, tipografiaren ezaugarriak menperatu, argazkigintza ezagutu behar du… 2. Estetika. Irizpide estetikoak behar ditu. Bolumenen konposaketa zaindu, koloreen teoria ezagutu, irakurgarritasuna kontuan izan… 3. Teknologia. Bere lanarekin lotuta dagoen teknologia kontrolatu behar du. Labur esanda, kazetaritza, estetika eta informatikaren arteko jokoan eroso mugitzen jakin beharko du diseinatzaileak. Gure hurrengo puntua oso lotuta dago profil garbi baten faltaren arazoarekin: formakuntza eta baliabide nahiko eza. * Hezkuntza egokia eta baliabide falta. Ez dugu ezer asmatzen diogunean herri prentsan hezkuntzari eskaintzen zaion arreta eskasa dela eta murritzak horretarako apartatzen diren diru partidak. Kazetariek, publizistek, administrazio langileek, denek jasan behar izaten dute estutasun ekonomikoa eta formaziorako diru eskasi hau, baina diseinuaren kasuan, modak, estetika eta jendearen gustua hain azkar aldatzen den gizarte honetan, egunerokotasun eta formazio falta hori oso nabarmen geratzen da gero argitaratzen diren aldizkarietan. Ekipamenduen aldetik, esku artean dauzkagun tresna informatikoekin egin behar izaten dugu lan, askotan tresna zaharkituekin: kolorea tratatzeko nahiko ahalmen ez dutenak edo puri purian dauden efektuak egiteko gauza ez direnak; eta bestetik, kontsultarako materialen aldetik, ia inongo laguntza barik: ez libururik, ez aldizkaririk,ez CDrik… horrelakoetarako ez da ia inoiz dirurik iristen. Ditugun arazo batzuk ikusita gero, diseinua hobetzeko eta behar duen tokian jartzeko eman daitezkeen hainbat aurrerapauso ikusiko ditugu ondoren. Batez ere, taldearen antolaketarekin eta dauden baliabideen aprobetxamendu egokiarekin zerikusia dutenak zehaztuko ditugu. 3) DISEINUA ETA TALDE LANA Aldizkari hobeak zentzu zabalean (hobeto idatziak, erakargarriagoak, interesgarriagoak, etab.) eta konkretuki itxurosoagoak argitaratu ahal izateko, oso beharrekoa da, herri prentsan gertatzen diren lan egiteko hainbat ohitura aldatzea. * Talde harremana indartu. Lehenik eta behin, erredazio taldearen harremana indartu eta estutu egin behar da, eta hemen jorratzen ari garenaren haritik, diseinatzaileen, publizisten eta kazetarien arteko harremana borobildu. Askotan kazetariek ez dute jakiten diseinatzaileon lan egiteko moduaz, zergatiaz, ezta pasatzen ditugun estutasunaz (bai teknikoak, bai denbora faltagatik ematen direnak…) eta orokorrean, koordinazio falta nabarmena izaten da. Bi mundu independiente izango balira bezala egiten da lan: batek idatzi egiten du albistea eta besteak forma ematen dio, bien artean inongo harremanik gabe. * Diseinuaren zergatiak ezagutu eta adostu. Gauzak aldatu egin behar dira. Erredaktoreek ezagutu egin behar dituzte aldizkariaren diseinuaren nondik norakoak: zein da aldizkariaren barne antolaketa grafikoa, zein orriaren egitura, bereizketa tipografikoaren zergatiak, zenbat zutabe sail bakoitzean, zergatik atal baten testua zentratuta eta bestean ez, eta abar, Hau da, talde osoak ezagutu egin behar ditu diseinuaren zergatiak. Kazetariak jabetu egin behar dira honetaz guztietaz eta ulertu nolakoa den eta zergatik den horrelakoa beren aldizkaria. Diseinatzailearen lana eta betebeharrak ez ezagutzeak ondorio txarrak besterik ez dakar, eta askotan impass egoeretara bultzatzea. Gure artean ugariegi ematen da diseinatzaileak artikulua luzeegia dela eta moztu egin beharko dela esatea eta kazetariakezin dela moztu eta oso osorik sartu behar dela erantzutea. Diseinuaren zergatiak beraganatu ez izateak eta arau horiek guztionak bezala ez asumitzeak, diseinatzailea kapritxoz lan egiten duen lankidea bezala ikustera bultza gaitzake. Jakina, diseinuaren arauak denonak bezala jo aurretik, aldizkariaren diseinua, nolabait, "adostu" beharra dago. Diseinatzaileon ardura da diseinuarekiko ulermena eta konpromisoa bultzatzea erredakzio taldean. Guztiei ulertarazi arte jarraitu beharko du bere ahalegin horretan. Diseinua zaintzea aurretik aipatutako "Kalitate osoa"ren aldeko bide bakarra dela ulertarazi arte. Behin aldizkariaren diseinua landuta dagoenean, errespetua zor diogu, eta denok geure egin haren arauak. Diseinatzailearen lana izango da diseinuaren "izpiritua" bizirik gordetzea zenbakiz zenbaki; eta ausartago izango naiz, behin diseinuaren zergatiak garbi azalduta eta "adostuta" daudenean, aldizkarien arau grafikoei buruz agintzeko gaitasuna eduki behar du diseinatzaileak. * Taldean lan egiteko modu berriak bilatu. Maketagilea "trenaren azken bagoia" dela eta dagoen materiala ahal den moduan sartuko duena pentsatzea zeharo baztertu behar den ideia da. Lan egiteko modu berriak bultzatu behar dira. Behin aldizkariaren "barne antolaketa grafikoa" ezagutu eta gero, eskema berrien aukerak aztertu behar dira: aurre maketen aukerak erabili, gai berriak proposatzerakoan posibilitate grafikoak aztertu, albisteak modu grafikoagoan planteatzen hasi… Hitz gutxitan esanda, indartu egin behar da idazteko modu grafikoagoa eta aldi berean diseinatzeko modu periodistikoagoa. Zenbakiz zenbaki gordetzen diren arauez eta baita hain beharrezkoa den sorkuntza lan aldakorraz ere arituko gara ondorengo lerroetan. 4) SORKUNTZA ETA ARAUEN ARTEKO JOKOA Garbi dago diseinua eta maketazioa lan imajinatiboa dela, eta sorkuntzarekin oso lotuta dagoela, baina aldizkarietako diseinatzaileak albisteak diseinatzen ari gara, hau da, berriei forma grafikoa ematen jarduten dugu. Sorkuntza estetikoarenbeste atal batzuetan ez bezala (pintura, eskultura…), non egilearen aukera estetikoak diren garrantzia duten faktore bakarrak, aldizkariaren diseinuan, sorkuntza pertsonala eta arau periodistikoak nahasten dira. Hau da, estetikarekin edo "gustua"rekin nolabait esatearren, beste faktore batzuk sartuko dira jokoan: irakurgarritasuna, tipografiaren erabilera zuzena, argazkien posibilitate grafikoen eta periodistikoen aprobetxamendua, etab. Mario Garcia prentsa diseinatzaile amerikarrak esaten duen bezala, helburu talde espezifikorik ez duten aldizkariak dira diseinatzeko zailenak eta agian hauetxek dira gainera, esker txarrenekoak. Guztiz ados nago. Gu "familia osorako" ari gara diseinatzen eta gainera euskaraz, honek ekar dezakeen traba praktikoaz. Eta target berezirik ez duten gure herri aldizkariak diseinatzerakoan, diseinu hizkuntza propioa asmatzera bultzatu behar gaitu. Guztientzako gustukoa, hori posible den neurrian, edo behintzat guztiontzako ez desatsegina izango den produktua egitera behartuta gaude. Ezin izango dugu jakineko helburu taldeei zuzenduta dauden aldizkarien baliabide grafiko asko erabili (nahiz eta baliabide horiek ezagutzea komeni). Gure irakurleen artean, umeak, gazteak, edadetuak, irakurtzeko ohitura handia dutenak eta baita ere bat ere ohitura gabeak daude… denetarik dago eta behartuta gaude denak kontuan izanda diseinatzera. Eta nola diseinatu aldizkari bat hain helburu talde zabalarentzat? Bi ezaugarri nabarmenduko ditugu: argitasuna eta apaltasuna. Biak, bere neurrian uztartuz gero, oso emaitza ederrak lor ditzakegu. 5) ARGITASUNA ETA APALTASUNA Argitasuna eta apaltasuna, hauexek dira, espektro zabaleko aldizkari hauek diseinatzeko ditugun armarik eraginkorrenak. Aldizkari argiak behar ditugu: behar ez diren konplikazio gabekoak, tipografia indartsuekin eta barietatean neurtuak, gune zuriak kontuan izango dituztenak eta argazki onekin hornituta. Ez da bat ere mesedegarria izango, irakurlea laberinto grafiko baten aurrean jartzea aldizkariaesku artean jasotzen duen bakoitzean. Eta argitasunarekin batera, apaltasuna. Apaltasunari etekina ateratzen ikasi behar dugu, maila eta baliabide guztiekin egin daitezke produktu duinak. Aldizkariak ez dira hobeak barrokoagoak direnean edo teknikaren azken lorpenen adibideak dituztenean. Aldizkariak, nortasuna dutenean dira erakargarriak, eta hori ez doa derrigorrez, alarde teknikoarekin lotuta. Diseinuz sinplea eta samurra izanda ere, izan daiteke aldizkari ederra. Gainera, praktikotasunagatik, ezin gara sartzen hasi irteten jakingo ez dugun zuloetan, adibidez, azal baterako collageak egiteko ahalmen praktikorik ez badugu, hobe da arazoari beste irtenbide sortzaile bat ematea. Diseinuan apaltasunak oso emaitza onak eman ditzake eta, gainera, nahitaez, gure artean, apaltasunarekin luze jolasteko prest egon beharko dugu. Gainera, argitasuna helburu izanda, beharrezkoa da norberaren eta taldearen mugak ezagutzea (muga teknikoak, kreatiboak, etab), ez mugak ezin direlako gainditu, kontrakoa, lan egin beharko dugulako muga horiek gero eta urrutiago jartzen (ikastaroak eginez, tresna berriak erosiz…) baina lagungarria da hor daudela jakitea eta horrelaxe dela onartzea. Herri prentsaren lan baldintzaz, diseinuaren garrantziaz eta arau eta sorkuntzaren arteko harremanaz aritu eta gero, joan gaitezen Arrasate Press astekaria hartuta, adibide praktiko batzuk aztertzera. 6) ARRASATE PRESS ASTEKARIAREN DISEINUA Hamar urte pasatu dira Arrasate Press astekaria lehenengo aldiz kaleratu zenetik. Ordutik ona aldaketa ugari jasan ditu: profesional ugari pasa da bertatik, tresneria informatikoa berritu egin da, baliabideak osatu egin dira… zentzu orokorrean, profesionalizatu egin da aldizkaria. Lotsa barik esan dezakegu, denbora ez dela alferrik pasatu eta urtetik urtera hobetzen joan garela bertatik pasatu izan garenok. Hobetze lan horretan, beti kontuan hartu izan da diseinuaren hobekuntzaren beharra. Arrasate Pressen diseinuaren historian lau dira data aipagarrienak: * Lehenengozenbakia 1988ko abendua. * 1. moldaketa. 1990ko iraila. (77. alea). * 2. moldaketa. 1992ko urria. (164. alea). . * Birdiseinua. 1996ko azaroa. (339. alea). * Lehenengo zenbakia 1988ko abendua. Autoedizioarekin batera jaio zen Arrasate Press astekaria. Orain hamar urteko zenbaki haiek 2 Mg. RAM eta 20 Mg.ko disko gogorreko Macintosh Plus ordenadore txiki haiekin egiten zen. Hasierako aldizkaria oso pobrea zen forma aldetik eta maketazioa ia egituratu barik zegoen. Orrialde batzuk aldizkari batekoak baino fanzine batekoak ziruditen. Azala egunkarietakoen antzekoa zen, argazki txikia eta testu ugari. Tipo mota aldetik ia Helvetica, Times eta Souvenir bakarrik erabiltzen ziren. * 1. moldaketa. 1990ko iraila. (77. alea). Data honetara iritsi arte, etengabe aldaketa eta ikututxoak egin ziren astekarian, dena zegoen hobetzeko eta. Atalen izenen itxura txukundu genuen, agenda nabarmen hobetu, tipografia aldetik Souvenir tipo mota baztertu genuen… Ordurako azalak aldizkari baten antza hartuta zeukan: zuri beltzezko argazki handi bat eta azpian publizitatea, Frutiger Ultra Black letra mota erabiltzen genuen azaletan. Baina, 92ko urrian aurkeztu genuen lehenengo itxura aldaketa orokorra. * 2. moldaketa. 1992ko urria. (164. alea). "Hau bai miraria, Arrasate Press berria" leloarekin 1992ko Maritxu Kajoi egunean jendeaurrean aurkeztu genuen diseinu berria. Oraingo honetan aldaketak sakonagoak izan ziren: + Izenburuetako tipo mota aldatu zen. Frutiger alde batera utzi eta Franklin erabiltzen hasi ginen. + Azala hobetu zen nabarmen. Publizitatea kendu eta argazkia "a sangre" ateratzen hasi ginen. Oraindik ere azala zuri beltzezkoa zen. + Zutabe kopurua 3 zutabetik 4 zutabera pasatu zen, honek aldizkariari mugimendu handiagoa eman zion. + Komikia eta sailentzako ilustrazio ugari sartu genituen. + Agenda, kirolak eta kultura sailak indartu ziren zeharo. + Filmazio sistema erabiltzen hasi ginen. Trama grisak askoz hobeto geratzen hasi ziren. Ordura arte, inprimagailutik ateratako kopiaerabiltzen zen gero inprentan erreproduzioa egiteko * Birdiseinua. 1996ko azaroa. (339. alea). Hirugarren aroa aldaketa baino iraultza izan zen, 1996ko azaroan kaleratu zen alean benetako birdiseinua egin zen, alegia, itxuraren aldaketa, filosofiaren aldaketaren isla bezala ulertuta. Orduan bai astindu genituen aldizkariak zeuzkan oinarriak: Planteamendu periodistikoa aldatu genuen. Aldizkaria etorkizunari begira jarri genuen. Ordurarte "Atzo gertatu zen" bezalako hitzak irakurtzen ziren askotan eta ordutik aurrera "Datorren astean gertatuko da" bezalakoak idazten hasi ginen. + Aldizkariaren ordena aldatu genuen. Interes aldetik orekatu egin genituen aldizkariaren aurrealdea eta atzealdea. + Sail berriak sartu eta zeudenak nabarmen indartu genituen. o Iritzi pertsonalari toki gehiago eman genion, baita albistearen barruan ere. + Kolaboratzaile zerrenda ia osoa berriztu zen. + Publizitatea hobetzeko ahalegin berezia egin zen. Departamentua indartu, harremana estutu. Aldizkarian publizitatea ordenatu egin zen eta moduluaren neurria txikitu. Gainera, barrualdean ere kolorearen erabilera bultzatu zen. + Sail bakoitzaren estilo liburu moduko batzuk egin genituen albiste bakoitza non kokatu behar zen garbi jakiteko. Zer da Agendarako? Zer da Kulturarako? Zer da albiste atalerako? + Tipografian arreta berezia jarri genuen. Ordurarte erabilitako Franklin tipo familia bera erabilita, baina bertsio kondentsatuan. + Aurreko diseinuarekiko loturei eusten saiatu ginen. Horretarako tipo familia berdineko bariantea erabiltzea ere lagungarri suertatu zen. Aldaketa sakonak egin nahi genuen, baina irakurlea harritu barik. + Astero auto kritika saioak egiten hasi ginen. Birdiseinua, talde lan bezala ulertuta eraman genuen aurrera eta denok garbi geneukanean zer nolako aldizkaria nahi genuen, horri itxura ematen hasi ginen. Itxuraketa gure kasuan, ziklo osoa borobilduko zuen pausua izan zen. Orain hilabete batzuk, azken birdiseinu honen haritik beste ikutu batzuk egin dira: sailberriak sortu, berrantolatu egin da astekariaren egitura… * Azaletan apostu berezia. Azalak hobetzeari garrantzi berezia eman genion, azala produktuaren aurkezpen txartela zela ulertu genuen eta zentzu horretan, gure asteroko erronka zen azal berri eta deigarri batekin postontzietara iristea, zenbakiro irakurlea azala ikusteko irrikitan egon zedila zen gure asmoa. Erreportajea zein izango zen, eta ohitura bezala azalerako gai horren aukera grafikoak aztertzen hasi ginen asteroko erredakzio bileretan, eta zazpi egunero azal on baterako elementuak ziurtatzen saiatu ginen: + Izenburu egoki bat. Oso inportantea, izenburuak indar grafiko handia daukalako. + Elementu grafiko indartsuak: Argazkietan plano motzagoak erabiltzen hasi ginen. Ilustrazioei toki berezia eskaini genien. Tipografia modu sortzailean erabiltzen hasi ginen. Diseinatzaileak hitzak eta irudiak nahasten ditu, baina hitzek bere aldetik ere indar grafiko handia dute. + Barruan aurkitu ahal izango den sumario garbia. Diseinua, dena dela, zenbakiz zenbaki zaindu behar den gauza da. Erraza da errutinaren poderioz gauzak lagatzen joatea. Ez dago zalantzarik horrei aurre egiteko estilo liburuak landu eta kalitatea kontrolatzeko bideak jarri behar ditugula. 7) DISEINUAREN KALITATE KONTROLA Berriak kontrastatu egin behar diren bezala, eta edukien kalitatea kontrolatu behar den bezala, berdin berdin zaindu behar da aldizkariaren diseinua. Horretarako, kalitatea kontrolatzeko erremintak erabiltzen hasi beharko ditugu. Kalitatea zaindu egin behar da aldizkaria argitaratu aurretik, eta behin kaleratu ondoren, kritika saioak egin behar dira akatsak eta hobetu behar diren gauzak antzemateko. Ohitura bezala, argitaratu berri den zenbakia kritikatu egin behar da erredakzioan, hitz egin behar da edukiei buruz eta baita itxurari buruz. Oso modu polita da hau taldea produktuarekin identifikatzeko eta orokorrean produktua hobetzen joan ahal izateko kohesioa ere lortzen delako. Hona hemen, edizioaren kontrola egiteko baliagarriaizan daitekeen orri maisu bat. SNDren (Society For News Design) 17. kongresuan jasotako informazio batean oinarrituta eginda dago, bertan argitalpena kaleratu aurretik edizioa kontrolatzeko jarrai daitezkeen hainbat pausu zehazten da. 8) ONDORIOAK Zer egin, bada, herri aldizkarien diseinua hobetzeko? Hona hemen Karl Kuntz, Kontrol zerrEnda ren egilearen zortzi gomendio: * 1. Estilo liburua sortu. * 2. Jendea eta herria ondo ezagutzen saiatu. * 3. Hurbiltasuna aprobetxatu. Jabetu zure aldizkariaren abantailez eta etekina ateratzen saiatu. * 4. Ikastea lehentasuna bihurtu. Maila antzekoa lortu behar dute diseinatzaileek, editoreek, maketatzaileek, kazetariek, argazkilariek… * 5. Kritika saioak egin erredakzioan. * 6. Lortu kontsultarako materiala: liburuak, aldizkariak, egunkariak, CDak… * 7. Konparatu zure aldizkaria ingurukoekin. * 8. Onartu eta eskertu ondo egindako lana. Borandate onenarekin eta ahalegin handiz, Euskal Herriko toki askotan kaleratu diren aldizkariei pauso koalitatiboa emateko ordua iritsi zaie. Dagoeneko ezin gara konformatu aldizkaria ateratzearekin, ondo idatzita eta baita ere ondo jantzita kaleratzeko ordura iritsi gara. Eta hori horrela izan dadin diseinuaren garrantziaz ere konturatu behar gara. Oso itxura ederra baina eduki eskaseko aldizkariak "bluff" estetiko hutsak dira, baina neurri berean, eduki ona dituzten aldizkariak baina itxura aldetik jasanezinak direnak irakurleak merezi ez duen zigorra dira. Euskaldunon Egunkariaren kanpainak zioen bezala, biak behar dira: azala eta mamia. BIBLIOGRAFIA "Sistema de retículas. Un manual para diseñadores gráficos". Josef Müller Brockmann. Gustavo Gili argitaletxea. "The newspapers designer's handbook". Tim Harrower. McGraw Hill argitaletxea Goio Arana, diseinatzailea. Txosten hau Herri Komunikabideei buruz 1998ko azaroan Arrasaten egin ziren III. Jardunaldietan aurkeztu zen. Txostena, ARKOren, Arrasateko Komunikabideak elkartearen, baimenarekin kaleratu dugu.