MEDIA ETA EUSKARA IKUSPEGI JURIDIKOTIK ABIATUZ Media eta euskara ikuspegi juridikotik abiatuz * Iñigo Urrutia 1. EUSKARAZKO INFORMAZIOA JASOTZEKO ETA IGORTZEKO ESKUBIDERIK BA OTE?. Informazioa jasotzeko eskubidea, oinarrizko eskubidetzat jo izan da gure inguruko Estatuetan. Baina nahiz eta hori horrela izan, Estatu eleanitzetako Konstituzioek ez dute oinarrizko eskubide hori inolako hizkuntzarekin lotu. Ez ahal du informazioa jasotzeko eskubideak edukin linguistikorik?. Dudarik gabe, oinarrizko eskubide horrek badu edukin linguistikorik, bestelakoan bakarrik hizkuntzarik gabeko mezu informatiboek jasoko lukete babes konstituzionala, eta horrek logikarik ez du. Oinarrizko eskubide horren konfigurazio juridikoari bagagozkio esan behar da, babes konstituzionala hizkuntzekiko independienteki funtziona dezakeela, edozein hizkuntzatan igorritako mezu informatiboek babes konstituzionala jaso behar baitute. Baina hori bezain egiazkoa da, eskubide horren aplikapenari dagokionez, hizkuntza guztiak ez daudela maila berean. Besterik pentsatzea bidegabea izateaz gainera, ofizialtasunaren kontzeptua mugatzea ekarriko baitluke. Hizkuntza guztiak, juridikoki, ez daude maila berean. Hizkuntza ofizialari zenbait eskubide lotu zaizkio, horien artean hizkuntza ofizialean informatua izateko eskubidea legoke. Ofizialtasunak, informazioa jasotzeko eskubideari lehen mailako edukin linguistikoa erantsi dio, beraz. Euskara Euskal Herriko lurralde batzutan bakarrik da ofiziala. Hori horrela, lurraldez lurralde euskaraz informatua izateko eskubidearen konfigurazioa, desberdina izango da. Euskal Autonomi Erkidegoari (EAE) dagokionez, Legea 10/1982, Euskararen Normalkuntzari buruzkoa (ENL), bere 5.2 artikuluan aldizkako argitalpenak, irrati eta telebista saioak euskaraz jasotzeko eskubidea aitortu da, eskubide subjektibo lez. Nafarroan, halako eskubiderik ez da espreski aitortu Vascuenceren Legean (Foru Legea 18/1986, abenduaren 15ekoa). Iparraldean, Legea 1982ko uztailaren 29koa, Ikusentzunezkokomunikabideei buruzkoak, ez du euskaraz informatua izateko eskubiderik aitortzen; Iparraldean dagoena, batez ere ekintza sozialari esker gizarteratzen da, Frantziako Konstituzioak askatasuntzat jasotzen duen adierazpen askatasunean oinarrituz. Deigarria da hizkuntz araubideak, zenbait zonaldeei begira, euskaraz informatua izateko eskubidea aitortzen duen neurrian, euskaraz informatzeko eskubiderik ez dela arauturik ageri eskubide legez. ENLk bakarrik eskubidearen aurpegi pasiboa jaso du; aurpegi aktiboari buruzko erreferentziarik ez dago. Argi dago euskaraz informatua izateko eskubidea, euskaraz informatzeko eskubidearen bitartez baldintzatua dagoela. Beraz, nahiz eta eskubidearen aurpegi aktiboak Legean aitorpen espresua izan ez, ezin esan daiteke babes juridikorik ez duenik, edota berau baldintzatua izan daitekeenik hizkuntza arrazoiak direla medio. 2. EUSKARARI BURUZKO ARAUBIDEA ETA EUSKAL MEDIA. Euskararen Legeak (ENL) honako parametro hauetan oinarritu du euskara eta mediaren arteko harremana: Bat. EAEan euskaraz informatua izateko eskubidea aitortzen da (5.2.c eta 22. art.ak); Bi. Gobernuak bi hizkuntza ofizialen arteko erabilpenak pareka daitezen ahaleginak egin behar ditu (22.2 eta 23. art.); Hiru. Gobernuak EAEgoko eremupeko komunikabideetan euskara lehentasunez erabilia izan dadin sustapen politika bat martxan jarri behar du (23 eta 25. art.ak); Lau. Progresibitatea euskaraz informatua izateko eskubideari erantsitako baldintza tenporal gisa ageri da (22. eta 25. art.); Bost. Sustapen politika hori zertan oinarritu behar den ez da zehaztu. Parametro horiek aurrean izanik, bi ondorio azpimarratuko nituzke: Bat. Arlo honetako hizkuntz normalkuntzaren helburua, media munduan hizkuntza bien pareko agerpena izatea dugu. Helburu hori bere neurrian kokatua izan dadin, ez dugu ahantzi behar komunikabide idatzien eskaintza ez dela Euskal Herritik soilik sortzen, Estatu mailakoak ere Euskal Herriko media merkatua osatzen baitute. Helburua, euskara eta gaztelerarenagerpen parekoa lortzea izanik, euskal prentsaren aldeko sustapen politika desorekatua, euskararentzat mesedegarria alegia, jarri beharko litzateke martxan. Bi. Botere publikoei helburu hori lor dezatela agintzen zaie; baina botere publikoek beren gain hartu behar duten sustapen politika zein behar duen izan ez da zehaztu; ez da eperik ezta bete behar espresurik ezarri. Gainera, progresibitatearen elementu distorzionatzaileak eraginda, euskaraz informatua izateko eskubidea, bera, baldintzatua ageri da. Are gehiago, esan daiteke progresibitatea sustapen politika neutralizatzeko gai den faktorea bihur daitekeela. Bi hitzetan, botere publikoek euskararen aldeko sustapen politika eraginkor bat burutu behar badute ere, legeak ez du mekanismo loteslerik arautu, beraz, unean uneko borondate politikoak sustapen politikareen ildoak eta bere intentsitatea ezarriko ditu. Euskararen Legeak laister adinez nagusia bihurtuko den honetan (18 urtez), praxiak erakusten digu legean agertzen den helburua eta gaur egungo egoeraren errealitatearen artean alde handia, handiegia ene ustez, dagoela. Nafarroan, gauzak askoz ere atzeragotik aurrera ikusi behar dira. Nafarroan euskal mediaren babes estandarra askoz ere eskasagoa da. Vascuenceren Legeak, media mailan, euskararen normalkuntzaren helburutzat que los medios de comunicación empleen el vascuence de forma habitual y progresiva dugu. Legeak, progresibitatea, bera, hizkuntz normalkuntzaren helburu bihurtu du, normalkuntza bidetzat jo beharrean. Hori nafar hizkuntz politikaren adierazlea dugu. Eta horrek gaitzesgarri diren Epai Judizialei bide eman die (una radio que emite íntegramente en euskara en Pamplona no es buena (sic.) porque margina a los castellanoparlantes Nafarroako Auzitegi Nagusiko Epaia, 1994ko azaroaren 19koa, Euskalerria Irratiari buruzkoa). Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoan, Euskararen Legeak agertzen duen helburua, egokitzat har badaiteke ere, Legeak, berak, helburu hori eraginkor bihurtzeari mugak ezartzendizkio. Esan daiteke, hein haundi batean bederen, normalkuntza Legea muga bihurtu dela euskararen normalkuntzarentzat; eta hori horrela dela dakusat normalkuntzatzat honakoa ulertzen dudan neurrian: euskara bihur dadila media arloan erabilpen normaleko hizkuntza. Progresibitatea, berez, helburu horri ekin dakion bitartekoa izan daiteke, dudarik gabe, baina progresibitatea Legean jaso izanak, larregizko zurruntasuna erantsi dio bitarteko soila behar lukeen izan horri. Progresibitatea Legetik desagertarazi beharko litzatekela uste dut, Legea ez baita halakorik sartzeko araurik egokiena; progresibitatea, Erreglamentuetan ezar daiteke, berauek erraz baitira aldatzen. Bestalde, media arloko normalkuntzari dagokionez, Euskararen Legeak borondate politikoari bide zabalegia eskaini dio. Borondatea, gauza bat edo beste egiteko ahalmena dagoenean bakarrik ager daiteke. Eta hori da affaire honen kasua. Euskararen Legeak gauzak ongi lotu ez dituen neurrian (Kataluniako Hizkuntz Politikari buruzko Lege berrian ez bezala, non hizkuntz kuotak eta, hizkuntz baldintzak ezarri baitziren media munduan horretaz lan honetako bigarren atalean jardungo dugu ), unean uneko borondate politikoak baldintza ditzake normalkuntza erritmoa eta normalkuntza aurrerapenak. Euskararen Legeak, edo berau aldatzera letorken balizko beste hizkuntz lege batek, sustapen politikak martxan jarri behar direla agintzeaz gain, bestelako interbentzio ausartagoei bide eman beharko lieke, kuota bitartez, emititzeko kontzezioak ematerakoan hizkuntz erabilpena irizpidetzat hartuz, dirulaguntzak bideratzerakoan hizkuntz irizpideak ezarriz, edota publizitate ofiziala jaso ahal izateko hizkuntz baldintzak ezarriz. Horiek badira arlo honetako normalkuntza lortzeko baliabide eraginkorrak, eta horiek Legean ezarriak izanez gero, Administrazioei interbentzio partikularrak burutzeko ahalmena emango liekete, gainera Administrazio guztiek baterantzean jarduteko aukerak zabalduko lirateke. Egungo Euskararen Legeak isladatzenduen anbizio falta hori, konponbidean jartzeari bide eman beharko litzaioke. Eta hori gauza logiko eta naturaltzat hartu behar da, hizkuntz legedia, definizioz, dinamikoa izan behar baita, hizkuntz aurrerapausu baten gainean, ausartago bat eman dadin (Québec eta Kataluniako kasuak eredugarri dira horretan). Iñigo Urrutia, Zuzenbide Administratiboko irakaslea EHUn.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.