EUSKARA HEDABIDEETAN EUSKARA HEDABIDEETAN Antton Aranburu Behin eta berriro "euskarari bai" esanez euskaraz bizitzeko konpromisoa berritzeko tenorean gara euskaldunok. ETAk iragarritako su etenaren eta Lizarrako akordioaren ondoren, endemas. Arnasberri euskarak eta euskalgintzak. Esan beharrik ez euskararik gabe ez dagoela benetako herrigintzarik gurean eta, haatik, euskarak gure hedabideetan ere duen garrantzia, gizarte euskaldun eta libre bat eraikitzen laguntzeko. Hau horrela, iduri luke gizarte euskaldun bat egiteko prest gaudenok inoiz baino argiago jabetu garela gizarte libre hori egiteko praxian ere elkarrekin batera jokatzearen komenentziaz. Utikan, beraz, besteak beste, euskara ideologia ezberdinen zerbitzura jartzeko tentazioa ere. Euskalgintzaren aldeko apostua hedabideen ikuspegitik aztertzen hasita, denon artean adostutako proiektu bat gaurkotu beharrean gaude. Gaurkotu eta bateratu beharrean. Nori zer egitea dagokion esan gabe, soil soilik gogoeta orokor batek aurrikusi beharreko asmo nagusia aipatuz, bistan da elkarlan iraunkor eta oparoagoan jarri behar direla gaurko euskarazko komunikabide publiko eta pribatuak. Izan ere, multimedia egiturapeko jardunik inork behar izatekotan euskarazko gure irrati, telebista eta prentsak behar dute bereziki, hizkuntza sozializatzeaz batera informazio eta entretenimenduaren kontsumoa ere gizartean gehitu dadin. Jatorri ezberdinekoak izanik ere, euskararen eta euskalgintzaren zabalkundean behintzat helburu bereko izan beharko dute euskal hedabideek gizarte osoaren zerbitzura. Gure hedabide nagusiari dagokionez, nekez uka daiteke EITBren gaur egungo eredua, ETB 1ena bereziki, birplanteatzeko premia, telebista moderno eta normalizatuago baten parametrotara egokitzeko. Euskarazko egunkariari dagokionez, euskal gizartearen aniztasuna kontuan hartuz, euskaldunen arreta eroso beregana dezaketen albisteetan euskara egoki bisualizatzean legoke Egunkariaren arrakasta. Irrati ezberdinek, beren aldetik, elkarrekin lankidetzanburututako espazio eta programa gehiago airera ditzakete euskalki guztiei irrati esparru amankomunago bat zabalduz. Orobat, arreta berezia eskatuko luke erdarazko komunikabideetan euskararen presentzia ugaltzeko ahaleginak. Oraindik behar bezala landu gabeko arloa dugu hau baina, euskararentzat arnasbide bat gehiago denez, erdal medioekin adostu eta euskararentzat irabazi beharrekoa. Aipamen labur hauek kontuan hartzea aski euskararen hedabideratzeak zabalgune handiko plangintza baten aurrean jarririk gauzkala ikusteko. Ezin litezke gure ahaleginak bakoitzak geure txokotik egiten dugun eguneroko lan eta ikuspegira mugatu; denok ditugu gure interesak baina geure apostua bakarra da. Euskaran sinesten dugun ala ez dugun sinesten galdezka daukagun apustua, hain zuzen ere. Bai baititu bere eskakizunak euskaran sinesteak. Hedabideei dagokienez, euskararen gaur egungo balio sinboliko eta testimoniala gaindituko bada, behar beharrezkoa dugu ohiko jatorrismoan oinarritutako hizkuntza folklorizatuan geratu ordez, informazio arlorik nagusienetan berriemate eta mezugintza jaso bat garatzea, kazetaritzaren profesio ikuspegirik goranahikoenaren eraginpean beti ere. Gaurko euskal kazetaritzaren erronketako bat horixe baita: erdarazkoaren itzulpen izateari utzi eta hainbat mezu eta edukiren zero mailako lautasuna gainditzea; hots, pertsonetan inbertituz eta programa eta egitura berriak eraikiz, euskal kazetaritza profesionalago bat bere diseinu, bitarteko eta eguneroko lanketan. Horrekin batera, ordea, gure irakurle eta ikusentzuleen jakinmin eta informazio beharrak zeintzuk diren asmatu behar, sarriegitan egiten baitiogu muzin komunikazio arloko gure hainbat aukera eta eskaintzari. Gertakizun honek, audientzien halamoduzko salmentatik urrun, gure komunikabideen gizarte eragina kuestionatzera garamatza, nabarmenegia baita gaur gaurkoz komunikazio arloan gure eskaintza eskarien arteko kontraesana. Badirudi ez gaudela eskatzen dugun hura kontsumitzeko prest. Azkenik, komunikabide bakoitzakeuskararen zabalkundea bere eginkizuntzat hartu eta, ondorioz, euskararen presentzia gehitzen joateko konpromisoari eustea da euskaran sinesteak komunikabideentzat duen beste eskakizuna. Jakina da maila eta abiapuntu berean ez gaudela, baina bakoitzak egiten duena edo egin dezakeentxoa onartu eta aprobetxatzea dagokigu, euskararen aldeko ahaleginak oro medio bakoitzak duen ideologiaren ikuspegitik baloratzeari uko eginez. Antton Aranburu
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.