12 Zenbakia 1998-11-27 / 1998-12-04

Media

Kalitatea, euskarazko herri komunikabideen erronka

DÍAZ DE TUESTA, Jose Félix

Kalitatea, euskarazko herri komunikabideen erronka Kalitatea, euskarazko herri komunikabideen erronka * Jose Felix Díaz de Tuesta Euskal Herrian euskarazko prentsak eta, oro har, euskarazko komunikabideek inoiz izan ez duten indarra eta zabalkundea lortu dute 1982tik hona. Euskarazko komunikabideen loraldi honetan badira lau mugarri nagusi: Euskadi Irratiaren sorrera, 1982ko azaroan; ETB1 kanalaren lehenengo emanaldia, 1983ko urtarrilean; Arrasate Press herri aldizkariaren lehenengo zenbakiaren kaleratzea, 1988ko abenduan; eta, Euskaldunon Egunkariaren sorrera, 1990eko abenduan. Euskarazko komunikabide modernoen sorrera markatzen dute lau data horiek. Beraz, 1980 90 tartea euskarazko komunikabideen hamarkada izendatu daiteke inolako zalatza izpirik gabe. Egunotan hamar urte bete dira Arrasate Press sortu zela. Mugarri polita Herri Komunikabideei buruzko III. Jardunaldiak antolatzeko. Arrasate Press sortu aurretik ere bazen herri komunikabiderik, noski. Baina hura sortu zenetik indartsu loratu dira herri komunikabideak gure artean. Prentsa da, ziuraski, gehien hedatu eta indartu dena. Dagoeneko asko dira aldizkaria, irratia edo telebista duten udalerriak. Eta badira udalerri banaka batzuk komunikabide horietako bat baino gehiago dutenak. Euskal Herri osoan aspaldiko hamar urteotan sortu diren herri edo eskualde aldizkariei esker euskal prentsa idatziak sekula izan ez duen zabalkundea lortu du. Argitalpen berri hauek 50 bat, guztira 120.000 aleko tirada dute eta 450.000 bat irakurlek hartzen dute eskuartean. Irratiak eta telebistak, poliki bada ere, gero eta zabalduago daude. Herri eta eskualde prentsa Hegoaldean da indartsu. Iparraldean, berriz, eskualde irratiak. Duela gutxi arte, herri komunikabederen bat sortu nahi zuenak ez zekien nora jo eta askotan Euskal Herritik kanpora joan behar izaten zuen eredu bila. Gaur egun, berriz, nahikoa eredu dago Euskal Herrian bertan ere. Hortaz, bada, orain kontua ez da aldizkari, irrati edo telebista bat nola sortu. Komunikabidebat sortu nahi duenak badaki nora jo. Iritsi da garaia kalitatea aintzat hartuta lan egin dezagun. Bezeroa kasu honetan, irakurlea, entzulea nahiz ikuslea gogoan izanda, haren beharrak kontuan hartuta lan egiten ikasi behar dugu. Etorkizuneko erronka kalitatearena da. Kalitatea da edozein produkturen arrakastaren bai eta komunikabideena ere faktore nagusietako bat. Kalitateak bereizten du produktu bat besteetatik. Are gehiago, bezeroen gustoko produktuak eginez besteetatik bereizten diren neurrian izaten dute produktu batzuek merkatuan irauteko aukera eta ziurtasuna. Horiexek dira, hain zuzen, Herri Komunikabideei buruzko III. Jardunaldi hauek antolatzera bultzatu gaituzten asmoak: hobekuntza eta kalitatea. Herri komunikabideon kalitatea hobetzea, alegia. Lanean ari diren herri edo eskualde komunikabideek kalitatea hobetzeko zeintzuk bide dituzten azalduko da jardunaldiotan, hainbat esperientzia alderatuz. Kalitatea, ordea, ez da zerbait abstraktua. Herri komunikabideen kalitateak hiru zutabe ditu: irakurlearekiko hurbiltasuna, produktuen diseinu zaindua eta euskararen tratamendu duina. Hau da, edukien hurbiltasuna, diseinua eta euskara bera landu eta hobetu beharko dituzte, gainerako komunikabideen lehiari aurre egingo badiote. Aurrerantzean horixe izango da irakurleak, entzuleak eta ikus entzuleak irabazteko modua. Kalitate programak abiatu behar ditugu, gure produktuak hobetzeko. Etsita gaude euskarazko herri komunikabideen iraupena gure produktuen kalitateari loturik dagoela. Jose Felix Diaz de Tuesta Batzorde antolatzaileko kidea Copyright © Eusko Ikaskuntza