Paisajearen inguruko hainbat eztabaida Paisajearen inguruko hainbat eztabaida *Traducción al español del original en euskera Miren Askasibar Lan berri bati ekitean hasieratik abiatzea bidezkoa delakoan bagaude, paisajearen kasuan bere definiziotik hastea litzateke zentzuzkoena, baina edozein gaitan hasieratik, hau da, funtsezkoen diren kontzeptuetatik, abiatzea zaila bada, are gehiago paisajearen kasuan, beronen definiziotik hasita adostasun gutxi azaltzen zaigu eta. Ezadostasun hauen oinarrietan murgiltzea, definizio desberdinak bata bestearen atzetik aipatzea baino erabilgarriagoa suertatuko delakoan, paisajearen osagarri garrantzizkoenei buruzko hainbat burutapen azaltzen dira ondoren. Paisajeak dimentsio desberdinetan hedatzen diren osagaiak ditu. Alde batetik, paisajeak dimentsio fisiko objektibo bat du, bertan erliebea edo geomorfologia osagai nagusia delarik. Erliebea paisajearen euskarria da, bertako elementu eta prozesuen oinarria da eta. Dimentsio honetan azaltzen diren elementu, faktore eta prozesuak objektiboki azter daitezke: paisaje batetako erliebea sortu duten indarrak azter daitezke; bertan azaltzen diren lurzoru eta harrien konposaketa analiza daiteke; paisajea zeharkatzen duten ibaiak ezagutu daitezke; paisajeko landaredia azter daiteke; edo gizakiak paisaje horretan ezartzen dituen lurraren erabilera ezberdinak analiza daitezke. Askotan, gainera, elementu eta faktoreak koantifikatzea, neurtzea, posible da: lurzoruko pHa zenbaki baten bidez adierazi daiteke; ibaien emaria segunduero igarotzen diren litroetan neur daiteke; landaredia osatzen duten espezieak kontatu daitezke, eta bakoitzak estaltzen duen azalera neur daiteke; biztanle kopurua zenbatu daiteke; lur sailak eta bertako labore motak kontatu daitezke; edo paisajeko koloreak zenbatu daitezke, eta beraien uhin luzerak finkatu. Baina, aipatutako guztiak paisajearen osagai diren arren, paisajea ez da geomorfologia soila, ez da hidrologia soila, ez da edafologia soila, ez da botanika soila, ezda ekologia soila, ez da demografia soila; ez eta zientzia guzti horien eta beste askoren jakintza eta emaitzen batura soila, hori berez lan nahikoa zaila bada ere. Paisajeak osagai hauen eta gizakien ekintzen arteko elkarreraginak isladatzen ditu, eta gizakiak bere ingurunearekin duen lehen elkarrekintza begirada da. Honek paisajearen bigarren dimentsiora garamatza: dimentsio subjektibo eta kulturala. Pertzepzioa, begirada, ekintza aktiboa da; gizakiak begien aurrean duena interpretatu egiten bait du, hau da, bere esperientzia, gogoeta, ikasketa, zaletasun, lanbide, kultura, eta abarretaz baliatuz izaera objektiboa duten osagai guzti horien batura gainditzen duen paisajea sortzen du bere buruan. Dimentsio hau dela medio, gizakiek baloreak atxikitzen dizkiete paisajeei; balore afektiboak, identitatezko baloreak, balore estetikoak, balore sinbolikoak, balore izpiritualak, eta abar. Balore hauen artean neur daitezkeenak ere badaude, hala nola balore ekonomikoa, baina gehienak koantifikaezinak edo koantifikatzen zailak dira. Gizakiak garai prehistorikoetan bizitzeko eta hildakoak lurperatzeko toki jakinak aukeratzean hasi zen paisajeari baloreak ezartzearen prozesua, eta honek egundaino dirau. Dimentsio hau, noski, paisajearen osagai fisikoak aztertzen dituzten zientziek erabilitako metologietara ez da ondo egokitzen, ez da koantifikatzen erraza, pertzepzioaren bideak zuzentzen dituzten legeak ez dira argitzen errazak. Hau ez da oztopo garrantzitsua paisajearen ezaguera bera helburua den bitartean, baina paisajea gizarteak dituen beste helburu batzuetan erabilgarri suertatzeko orduan arazoak sortzen dira. Adibidez, paisajea lurralde antolamenduan edo kontserbazio politikan oso baliagarria den kontzeptua da, baina hauek izaera objektiboa duten gauzetan onarritzen dira, neur daitezkeen faktoreetan. Honela, paisajea plangintzarekin erlazioa duten helburuetan kontutan hartzen denean, bere dimentsio subjektibo hau orokorrean baztertu egiten da. Bestalde, paisajeak denborazkodimentsioa du ere. Alde batetik, paisajearen izaera objektiboa egunean zehar eta urtaroetan zehar aldatzen doa: bere koloreak aldatzen dira, bertako ibaiek daramaten ur emaria aldatzen da, sasoi bakoitzean laborantzak desberdinak dira, eta abar. Bestalde, paisajea begiratzen duenak gehitzen dion dimentsio subjektiboa ere aldatzen doa denboran zehar, pertsona bakar baten bizitzan paisajea interpretatzeko erabiltzen dituen esperientziak aldatzen bait doaz. Baina paisajearen denborazko dimentsioa gehienbat bere metagailu ezaugarriak ematen dio, paisajean gizakia eta ingurunearen arteko erlazioa "irakur" bait daiteke, bai iraganeko erlazioa, bai gaur egungoa, baita etorkizuneko erlazioa baldintzatuko duten zenbait faktore ere. Paisajea zentzu honetan liburu baten antzekoa da, gizakiak bere ingurunearekiko historian zehar duen jarrera ulertzen laguntzen duen liburua. Gizakiak ahalmen teknologiko mugatua izan duen bitartean, eta giza taldeak espazioan eta denboran orain baino unitate mugatuagoak izan diren bitartean, liburu hau aurreko "orrialdeak" eraldatuz idazten joan da, eta posible izan da jatorrizko testua marjinetan idatzitako oharretatik bereiztea, baina azken mende honetan paisaje askok aldaketa bortitzak jasan dituzte, eta paisaje berri asko sortu dira. Ondorioz, paisajeak gordetzen duen liburu honetako orrialde asko galdu dira, kapitulu osoak batzuetan, ahalmen teknologikoa garatuz joan den heinean, eta paisajearen dimentsio subjektiboa ahulduz, eta era berean estandarizatuz joan den neurrian. Gainera, paisajeak atzeraelikadura edo feedback ezaugarria du ere, gizakiak ingurunearekiko duen jarrera isladatzeaz gain, jarrera horretan eragina du, eta paisajearen dimentsio adierazlea ahultzen den aldi berean gizakiek ematen dioten dimentsio subjektiboa ere ahultzen da; hau da, paisajeak gizakia nondik datorren eta noruntz doan azaltzeko gaitasuna galtzen duen neurrian, gizakiak paisajea ulertzeko ahalmena galtzen du ere. Azken gertaera hau da agian kezkagarriena; gizakiakpaisajea konprenitzeko eta sentitzeko gaitasuna mantentzen duen bitartean, sortzen diren paisaje berri horiek bereganatu ahal izango ditu eta, baina ahalmen hori galtzen bada, edo ahalmen hori galtzen denean, gizakia munduan arrotz sentituko da. Miren Askasibar, Basque Fellow ohia Oxford en
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.