277 Zenbakia 2004-11-19 / 2004-11-26

KOSMOpolita

Astigarragatik heldu ziren ameslariak: Tellechea eta Ormazabal familien historiatxo bat

ORTIZ, José María



1933.an, João Francisco Tellechea brasildarra eta Eustaquio Ormazabal, Manuel Morales eta Raul Aguilar argentinarrak, ameslariak, petrolio deribatuak ekoizteko elkartu ziren. Uruguaianan (Rio Grande do Sul) Destilaria Rio Grandense de Petroleo sortu zuten eta 1934ko azaroaren 26.an Brasilen lehenengo gasolina tanta ekoiztu zen.

1865. urtean Domingo, Ignacio eta Francisco Tellechea anaiak, beren Astigarragatik (Gipuzkoa) urrun, Rio de la Platatik (Argentina) goruntz Uruguai ibaian zehar Salto del Torora heldu ziren. Bertan elkarrengandik aldendu ziren: Ignaciok Curusucuatarako (Argentina) bidea hartu zuen. Francisco eta Domingosek berriz Uruguaiana (Brasil) aldera jo zuten zorte bila.

Uruguaiana 1843.an sortutako herrixka bat zen garai hartan. Bere kokagune ezin hobeak, hegoaldean Uruguayko Errepublikarekin eta mendeabaldean Argentinako errepublikarekin muga eginez, denborarekin Mercosuleko “hiriburu” komertziala bihurtu zuen. Gaur egun 200.000 biztanle baino gehiago ditu eta bertatik pasatzen da Brasil, Argentina eta Uruguayen artean egiten den komertzio gehiena.

Garai hartan ezer gutxi zegoen Uruguaianan, jatorri desberdineko etorkinez osaturiko (espainiarrak, frantziarrak, alemaniarrak, italiarrak, libaniarrak, portugaldarrak eta euskaldunak) herrixka hasiberria ez ezik eta bertan kokatzea erabaki zuten bi anaiek.

Hoteltxo bat eraiki zuten eta beren arrastoaren atzetik laister euskal familia gehiago heldu ziren (Lizarralde, Urroz, Zurita, Garrastazu, Ormazabal, Ugarte, Vergareche, Arregui eta beste batzuk) euskal komunitate aktibo bat osatuaz.

Domingos, Ramona Roteta astigarratarrarekin ezkondu eta hotela saldu ondoren lur zati bat erosi eta abeltzantza eta nekazaritzari ekin zioten. Europatik ekarritako “pinaud noir”, ardotarako mahatsa, aldatu zuten eta Rio Grande do Suleko ardo ekoizlerik ezagunenetakoa bilakatu ziren. Lurrarekiko maitasun hori familia tradizio bat bilakatu da denborarekin eta familiako kide ugari lurrarekin edo abereekin zerikusia duten langintzatan eman dute bere bizia Rubens Clausell Tellechea (Uruguaiana, 1917) ingeniari agronomo famatua bezala.

Domingos labankada batez hil zuten eta Ramona Roteta hiru alaba eta bi semeekin gelditu zen alargun familia buru bezala, matriarkatu indartsu bat osatuz bere inguruan.

Eustaquio Ormazabal, Ramona Rotetaren hiloba. Caserosen (Argentina) jaio zen eta Uruguaianara etorri zen, izebaren etxera, zorte bila. Familia alemaniar batekin importazio-exportazio etxe batean lan egiten zuen, eta familia hau Alemaniara bueltatu zenean, negozioa utzi zioten. Eustaquiok laister negozioa handitu zuen eta beti zebilen lortutako dirua non hobe erabili ikertzen.

Familiaren historioak dionez, garai hartan Pedro Ivanov Popov ingeniari bulgariarra biltegi bateko galdara bat eraikitzera etorri zen eta João Francisco Tellechearekin solasean ari zela, nola Uruguayko gobernuarentzak petrolio distilategi bat eraiki zuen kontatu zion.

João Francisco une berean interesatu zen eta ea gauza bera Uruguaianan egiteko gai zen galdetu zion, bulgariarrak berriz, eraikuntzaren planoak erakutsiaz erantzun zion. Igandero Ramona Rotetaren etxean ospatzen zen bazkarian Eustaquiorekin hitzegin zuen eta hurrengo egunean bertan bere lantokira joateko eskatu zion.

Hortik ondorengo guztia Brasilgo petrolio industriaren historia liburuan idatzita dago: João Francisco Tellechea, Eustáquio Ormazabal, Raul Aguiar eta Manuel Morales petrolio deribatuak ekoizteko elkartu ziren eta Destilaria Rio Grandense de Petroleo sortu zuten. 1934ko azaroaren 26.an Brasilen lehen gasolina tanta ekoiztu zen.

Bisionario, ameslari utsak ziren lau hauek: garai hartan nekazaritza eta abeltzantza ziren Brasilgo hegoaldeko industria bakarrak. Nahiz eta ordurako Porto Alegre, Nova Hamburgo, Pelotas eta Rio Grande hirietan industria gune txikiak osatzen hasi, lau bazkideak, eskualde osoak hurrengo urteetan izango zuen hazkunde izugarriaz zihur zeuden.

1930eko lehenengo urte haietan Brasil sentitzen hasia zegoen, industria eta bizimolde berri bat sortaraziko zuen reboluzio teknologikoaren islada. Gasolina, kerosenoa, diesel olioa eta olio errekin eta lubrifikatzaileak ezinbestekoak bilakatu ziren gizartearentzat. Are gehiago, Henry Fordek autoaren lehengo bertsio popularra (Ford T famatua) merkaturatu zuenean modernitatearen eta aurrerabidearen kontzeptuak erabat aldatuaz.

Biltegi tankeak eraikitzeko txapak garraiatzen. Rio Grande, RS, 1937ko Urtarrila. Argazkia: http://www.ipiranga.com.br Destilaria Rio Grandense de Petroleo eguneko 400 petrolio barrika prozesatuz hasi zen, lehengo aldiz Brasilen, gasolina, keroseno, diesel olioa eta olio errekina eskala industrialean ekoizten zelarik. Ekipamenduak Argentinatik ekarri zituzten, Esteban Polanski errusiarra eraikuntzaren arduraduna izan zen, eta Pedro Ivanov Popov bulgariarrak distilategia martxan jarri zuen.

Negozioak logistika lan konplexua eskatzen zuen petrolioa Uruguaianaraino heltzeko: Ekuadorretik itsasuntziz, kontinentearen hegoaldeko punta zeharkatuaz petrolio gordina Buenos Airesera heltzen zen eta trenez Paso de los Libres-eraino eramaten zuten. Han berriz ere untzi-tankeetan Uruguai ibaia pasatu ondoren distilategira heltzen zen.

Empresaren hasiera honetan espero etzuten arazo berri batekin topatu ziren: gobernu Argentinarrak petrolio gordinaren ber-exportaketa debekatu zuen Uruguaianan lehengaiaren harrera bideraezinaz. Irtenbide baten aurkikuntza ezinezkoa zen. Petrolioa Brasildar portu batean deskargatu beharrean zegoen eta Rio Grande zen gunerik gertuena gero bertatik Uruguaianara eramateko. Garai hartan bertan beste uruguaitar eta brasildar enpresari talde bat helburu berdinarekin zebilen eta azkenean denak elkartu ziren Rio Granden instalazio modernoago bat, findegi bat, eraikitzeko. Honela sortu zen 1937.ko irailaren 7.an Ipiranga S.A. – Companhia Brasileira de Petróleo, gaur egungo Refinaria de Petróleo Ipiranga.

Dena antolaturik zegoela zirudienean, Brasildar gobernuak 1938.ko apirileko 355 Lege Dekretuaren bidez petrolioaren industrializaketa nazionalizatu zuen. Lege horren arabera, jaiotzez brasildarrak zirenak bakarrik izan zitezkeen petrolio findegien akziodun. Bazkide argentinar eta uruguaitarrek beren akzioak saldu behar izan zituzten eta Ipiranga S.A.k gaur egun arte irauten duen akzio kontrol egitura sortu zuen. Negozioan jarraitu zuten João Francisco Tellechea eta Eustáquio Ormazabal (bere seme René Ormazabali pasa zizkion akzioak). Carlos Fagundes Mellos, Aristide de Almeida, Francisco Martins Bastos eta João Pedro Gouvea Vieira sartu ziren.

Gaur egun Ipiranga taldea 100% brasildar kapitalduna da eta lau empresez osatua dago: Refinaria de Petroleo Ipiranga S.A., Distribuidora de Petróleo Ipiranga S.A., Companhia Brasileira de Petroleo eta Companhia Petroquimica do Sul - COPESUL. 5000 bat lan postu zuzen sortzen ditu eta urteko fakturatzea 5 biloi eta 300 milloi dolar ingurukoa izan zen 1996.an, brasiladar kapitaldun enpresa pribaturik handiena bilakatuaz.

1939.an, Bigarren Gerrate Mundialaren garaian, brasildar kautxo industriak lehengai inportatuen gabeziaz sufritzen zuen. Merkatuaren beharrei erantzunez Refinaria Ipirangak disolbatzaileen teknologia garatu zuen kautxu ekoizpenari jarraia emateko eta honela Ipiranga teknologia kimikoaren segmentuan sartu zen.

Refinariak azido sulfurikoa ekoizten zuenez, Ipiranga ongarrien merkatuan sartu zen 1940.ko hamarkadan.

Francisco Martins Bastos, João Francisco Tellechea, João Pedro Gouvêa Vieira, Gulf-eko ordezkaria, Carlos Fagundes de Mello. Rio de Janeiro, RJ, 1959.

Argazkia: http://www.ipiranga.com.br 1950. ko hamarkadak ere aldaketak ekarri zituen brasildar petrolio merkatura: estatuaren monopolioaren sorrerak Refinaria Ipirangaren ekoizpena eguneko 9,300 barrikatara mugatu zuen, gaur egungo ekoizpen berbera. 1957.an berriz refinaria eta gasolina distribuitzaileen arteko komertzio zuzena debekatu zenean, DPPI- Distribuidora de Produtos de Petróleo Ipiranga sortu zuten. 1959.an berriz Gulf Oil Corporativa-ren akzio kontrola hartu zuen (Rio de Janeiro eta São Pauloko estatuetan lan egiten zuen gasolina distribuitzaile estatubatuarra, 500 gasolindegi baino gehiagorekin) eta honekin bere bigarren distribuzio empresa sortu zuen, CBPI – Companhia Brasileira de Petróleo Ipiranga, Brasil osora distribuzioa zabalduaz. 1970. ko hamarkadan berriz petrokimika alorrean sartu zen (Ipiranga Petroquimica) eta 1990. hamarkadan Ipiranga Comercial Quimica sortu zuten kimika arloko negozio guztiak elkartzeko. 1996.an Ipiranga Petroquimicak Brasildik kanpo bere lehen ekintza egin zuen Chilen polipropileno ekoizteko fabrika bat eraikiaz.

Gaur egun Ipiranga Brasilgo bigarren errekin distribuitzailea da 5600 gasolindegirekin eta gizarte mailako ekintza desberdinetan parte hartuaz bai hezkuntza mailan eta bai ingurunearen arloan. Gaur egun, Brasilgo edozein txokotan aurkitu daitekeen Ipiranga gasolindegien itxura. Irudia: http://www.ipiranga.com.br

1933.an hasi zen bidai luze honetan Tellechea eta Ormazabal familiek parte aktiboa izan dute empresaren buru bezala parte hartuaz, Renne Ormazabal, Roberto Bastos Tellechea, Roberto Bastos Tellechea filho (aurrekoaren semea), João Francisco Tellechea filho, Angelo Bastos Tellechea, Elizabeth Tellechea edo Alfredo Tellechea bezala. Bestalde, eta tradizioari jarraituaz, Tellechea familia nekazaritza eta abeltzantzaren arloan jarraitu du urte guzti hauetan gaur egun Brasil osoan erreferentzia direlarik Crioulo zaldia eta Aberdeen Angus Vermelho behi arrazen hazle bezala.

Astigarragatik 19. mendearen bukaeran irten ziren gizon eta emakume euskaldun ausart hauei omenaldi bat izan nahi luke artikulutxo hau. Gehiago jakin nahi ezkero: http://www.diariopopular.com.br/sociedade/mansur250304.php (2004/10/07) http://www.abccc.com.br http://www.cabanhapaineiras.com.br/historia.htm (2004/10/ 07) http://www.herdbook.org.br/angartigo.htm (2004/ 10/ 07) http://www.ipiranga.com.br (2004/ 10/ 07) Rubens Clausell Tellechearekin elkarrizketa