276 Zenbakia 2004-11-12 / 2004-11-19
Gipuzkoako errepideen sareko egitasmorik konplexu eta, aldi berean, preziatuenetariko bat, Eibar-Vitoria/Gasteiz autopistarena dugu. Bide honek, alde batetik, Debagoiena inguruak kostaldearekin lotuko ditu, Deba ibaiaren arroari jarraiki, eta, bestetik, Arlabango pasabide historikoari esker, lotura berri bat zabalduko du Arabarekin.
Eibar eta Etxabarri bitarteko autopista berriak 46,2 kilometro izango ditu guztira. Hauetatik 31,9 gipuzkoar lurretan barna joango dira. Argazkia: www.eipsa.net
Bost tartetan banatzen da autopistak Gipuzkoan zehar egin beharreko ibilbidea, eta horietako bakoitza 2007a baino lehen zabalduko da, ordurako amaituta egon beharko baitute autopistako lanek.
A-1 autopistan zehar hiru zerbitzu-gune izango dira: bat, Luko eta Etxebarri artean, bi norantzetan; beste bat Arrasate/Mondragónen, Vitoria/Gasteiz-Eibar norantzan; eta hirugarrena Eskoriatzan, Eibar-Vitoria/Gasteiz norantzan. Lotuneak izango ditu Lukon, N-240rekin, Eskoriatzaren iparraldean (San Bernabé), Arrasate/Mondragónen iparraldean (Epele), eta Bergararen hegoaldean (Zaldumendi) zein iparraldean (Amillaga). 16 tunel eta 18 zubi
Zailtasun eta eragozpen bereziak gainditu behar dira A-1 autopistaren azpiegitura osatzeko lanetan. Guztira 16 tunel egingo dira, orotara 10,5 km hartuko dituztenak. Tunelik luzeena Gipuzkoa eta Araba lotzen dituen Arlabangoa izango da, 3.370 metrorekin.
Bestetik, 18 zubi eraikiko dira, ia 5 km errepide eusteko. Argazkia: www.eipsa.net Bost tarteak
A-1 autopistan zabaldu den lehen tartea, Eibar eta Bergararen iparraldea lotzen dituena da. Bere 7,2 km-ak egiteko, 140 milioi euro (23.294 milioi pezeta) behar izan dira. Zati labur honetan lau tunel daude, guztira ia 5 km hartzen dituztenak, eta hiru zubi, orotara 690 m-koak. Aipaturiko tunelak hauek ditugu: Eitzakoa (740 m), Maltzagakoa (150 m-ko lau), Gallastegikoa (2.410 m) eta Lezarrikoa (1.240 m). Zubiak, berriz, Enlacekoa (125 m), Larreategikoa (425 m) eta Sagarrekoa (150 m).
Bergararen iparralde eta hegoaldea lotzen dituen zatiak (2004ko uztailean zabalduko da) 4,2 km ditu, eta bertan aurki ditzakegu San Martzialgo tunela (1.420 m), eta Ipiñarri (640 m) zein Uberako (260 m) zubiak. 77 milioi euroko aurrekontua izan du tarte honek (13.000 milioi pezeta eskas).
Bergara eta Arrasate/Mondragón bitarteko autopista 2005eko udan zabalduko da. 71 milioi euroko (ia 12.000 milioi pezeta) aurrekontua duten 3,5 km-etan bi tunel izango dira : Aristi (300 m) eta Ikastaundi (1.200 m), eta beste horrenbeste zubi: Zaldumendi (70 m) eta Oñati (230 m). Argazkia: www.eipsa.net
A-1 autopista 2007. urtearen bukaeran egongo da prest, bere azken bi tarteetako lanak amaitutakoan: Arrasate/Mondragón-Eskoriatza, eta Eskoriatza-Arlaban. Irailean ekin zitzaion azken zati honi, guztien artean zabalena (10,4 km), garestiena (192 milioi euro edo 32.000 milioi pezeta), eta zulaketa handienak eskatzen dituenari, aipaturiko Arlabango tunela (3.377 m), eta Zarimutzekoa (420 m) zabaldu behar baitira. Halaber, bost zubi izango ditu: Maringoa (548 m), Zarimutzekoa (468 m), Mazmelakoa (404 m), Uztarretakoa (240 m) eta Apotzagakoa (160 m). Arrasate/Mondragón eta Eskoriatza bitarteko autopistak 6,3 km-ko luzera izango du, eta bina tunel zein zubi: Apotzaga (330 m) eta Izurieta (260 m), eta Basagoiti (250 m) eta Arbizelai (560 m). Aurreikuspenen arabera, 100 milioi euro inguruko kostua izango du egitasmo honek.