25 Zenbakia 1999-03-12 / 1999-03-19

Gaiak

Bai Korrikari

UBEDA, Garbiñe

Bai Korrikari Bai Korrikari * Garbiñe Ubeda Bai Euskarari kanpainaren itzalean sortu zen Korrika. 1980ko jaialdi erraldoiak indarberritutako gogo euskaltzale nazioeraikitzaile haren kumea da. Euskaltzaindiak antolatutako ekitaldiak sona handia lortu zuen, jendetsua izateaz gainera, laguntza ekonomikorik ere eskuratu baitzen euskalgintzaren mesedean. Bai euskarari hura kasik mitifikatu ere egin zela esan liteke. Garai hartan AEK k ere dirua eta gizartearen bultzada lortzeko moduko zera asmatu beharra zuen azkar baino lehen. Larria zen egoera. Bere gordinean esanda, AEK ko herrialderik sendoenak, Bizkaikoak, bost milioi pezetako zuloa zuen jada eta instituzioek koordinakundearekiko zuten harremana ere trakesten hasia zen. Egun, belaunaldi baten ostean, gauzak errepikatu egiten direla dirudi; zikloak jada buelta osoa emana duela ematen du. Oraintsu, Kontseiluak deituta eta bigarren Bai Euskarari kanpainaren baitako ekitaldi gisa, Euskal Herriko bost estadio jendez gainezka egiten ikusi ditugu. Eta oihartzuna oraindik isildu ez delarik euskararen alde lanordu bat eskatzen da Korrikaren edizio berri baten atarian gara. Estadioetan bildutako 100.000 lagunek egin dezaketen indarraren kontraposizioa, AEKri dagokionez bederen, Espainiako Justiziak jarri nahi izan zuen Pinotxeten aferari heldu baino zertxobait lehenago. Ziklo hau, ordea, ez da zirkuitu itxia izan. Xabier Amurizak lehen aldiz Euskal Herriko txapela jantzi eta "Bat korrika, bi korrika, mila korrikari, zazpi euskal herrietan. Denok bai euskarari" kantatu zuenez geroztik hamar Korrika joan dira. Zakur zaharra da, beraz, helduko den hamaikagarren hau. Bide luzea urratu du eta gauza asko ikasi ditu ibilian. Jakin badaki, lehen edizioak hala erakutsita, negu gorriko elurtea ez duela lagun aproposena bere lasterketaldian, eta arriskuak alde batera uztearren, korrikarako data zehatza finkatzerakoan egokiagoak zaizkiola martxoa edo urria bezalako hilabeteak. Badakigu, bestalde, puntualitatea zein gauza ederra den.Herriz herriko joanean ezinbestekoa dela hitzartutakoa betetzea. Umorea, giro ona, korrikarako kemena eta baita pazientzia ere zapuzten direla berandu iritsita… edo behar baino lehen helduta, Korrika 3n ikusi zenez. Korrikak ongi aski ikasia du erne eta zorrotz jokatzen, gainontzean ezusteko akatsak larrutik pagatzen direla. Lehen edizioko gertakizun tamalgarri hura gogora ekarrita, lekukoak zeraman mezua galdu izanagatik, Rikardo Arregiren hitzak irakurri ez eta bestelako esloganak oihukatu izanagatik, Korrikak Euskaltzaindiaren babesa galdu zuen eta EAJk hurrengo Korrikari laguntzarik ez ematea erabaki zuen. Baina muturtze hura ez zen istriputxo harengatik bakarrik areagotu. Gure gizartearen inguruan jira biran dabiltzan arazoen ispilu izan da Korrika eta ikuspegi hori kontuan hartuta bakarrik uler daitezke gertatutako nahaspilak eta gorabeherak. Azken finean, Korrikari ezinbestekoa zaio herri osoaren partehartzea; koloreari begiratu gabe, pertsona, erakunde eta indar bizien batura beharrezkoa du. Aurreko edizioei azaleko begiratu bat emanda, Korrikak gure herriaren gaisoaldi guztiei jarri die termometroa. Aurreraxeago esan bezala, belaunaldibeteko zikloa ez da zirkuitu itxia izan. Zorionez, bada hamaikagarren edizio honetan errepikatuko ez denik. Eta konparaziorako abiapuntu eta helmuga bera izan zuten edizioak hartzen baditugu, alegia Iruñea Donostia ibilbidea egin duten Korrikekin alderatzen badugu, martxoaren 19an abiatuko den honek ez du Nafarroako gobernadore zibilaren debekurik jasoko, Korrika 2n gertatu zen antzean. Eta azken aldi honetan lortutako kontsentsuari esker, alderdi abertzale eta euskaltzaleak ere ez dira diputazio eta udaletxeetan dirua biltzearen aurka agertuko, Korrika 6n EAJk, EAk eta EEk egin zuten moduan. Ez da askorik behar, beraz, hogei urteotan gizarteak gainditu dituen oztopoak handiak izan direla konturatzeko (abantailaren bat aitortu beharko zaio atzera begiratzeari). Bestalde, ez da xamurra jabetzea beste horrenbeste traba gelditzendela oraindik gure herria euskalduntzearen aldeko kontsentsua eta indarra lor daitezen; eginahala kilotan neurtuko balitz, tonaka beharko dugula datozen Korrikak eta dena delakoak aitzinatzeko. Azken finean, zer da, bada, belaunaldi bakar bat hizkuntzaren berreskurapenaren prozesuan? Zertan izango ote gara hogei urte barru? Garbiñe Ubeda, kazetaria. "Euskal Herria 10 korrika" liburuaren koordinatzailea.