Aingeru Irigarayren biografiaren zantzuak Aingeru Irigarayren biografiaren zantzuak * Jose Angel Irigaray Nafarroako Bidasoako Beran, Alzateko auzoan, 1899 III 1ean sortu zen, tenore hartan aita, Fermin Irigaray Goizueta, euskal letretan "Larreko" izengoitiz ezagutua (Auritz 1869 Iruñea 1949), bertako sendakina baitzen. Ama ere auriztarra zen, Felisa Irigaray Apat (Auritz 1869 Iruñea 1956). Laster familia Baztango Iruritara pasa zen, aita bertako sendakina nonbratzearekin. Lehenbiziko eskolak Iruritako eskolategian ematen ditu; 1909 1915 urteetan, aldiz, Lekarozko ikastetxean batxilleratoa ikasten du. Aitak etxean sortu giroa haurrideen artean ere zabalduerazi zuena eta Lekarotzko ikastetxean zegoen garrantzizko talde ttipi baten itzala (A.Celestino Caparrosokoa "Arrigarai", A. Eusebio Etxalarkoa, eta beste; aitarekin harremana eta adiskidetza zutenak) haren euskal kontzientziaren hazi eta zutabe izanen dira. 1915 ean, aitak Iruñeako Hospital de Navarra eritegian, garai hartan Sto.Domingo karrikan zegoen, ebakuntza postua irabazten du eta familia Iruñera doa. Haurtzaroa eta mutilzaroa, beraz, Iruritan eman zituen; horrengatik bere burua, gehien bat, baztandartzat zeukan. Tenore hartan, Lekarotzko ikasketak bukatzearekin, 1915 eko udazkenean, Zaragozara abiatzen da Sendakintza ikastera. Bertan, 1915 16 eta 1916 17 ikastaroak eginen ditu. Hurrengo lauak, 1917tik 1921era, aldiz, Bartzelonan. Han beste euskal ikasleren giroan trabatuko da (C.Arnat, L.Apraiz, Ezquieta, J Garate, T Irigoyen, etab.). Denboraldi hartan euskal literaturaren ezaguera sendotzen hasiko da. Lapurtar klasikoen irakurtzeak hatz sakona utziko dio betiko, bere literatur ixuriak eta aldekotasunak finkatuz; eta zaletasun hau bera lagunen artean ere zabaltzen saiatu zen. Laketu zen Bartzelonan eta beti oroituko da han emandako urteetaz. Doktor mailako ikasketak, praktika lanekin egin beharrekoak, Bilboko Basurto Ospitalean egin zituen: 1922ko Maiatzatik 1923ko Urria arte. Hango lagun giroan Aldasoro,F. Belaustegigoitia, J.Garate berriz , T.Hernandorena, Lasterra Mañerukoa, antze ederreko kritikalaria zena , M.Usandizaga, J.Viar, besteak beste, adiskideen izan zituen. Denbora labur batez, Arratiako Diman egon bide zen ordezko sendakin lana egiten. Bizkaian, sendakintza ikasketaz landa, iraunkor izanen ziren adiskidantzetan trabatuko da, bai eta bertako euskararenganako zaletasun eta maitegoan ere. Ondoren, zenbait espezializazioko ikasketak egiten jardun zen Parisen 1924ko udaberrian, eta gero, baita Alemanian ere. Iruñera itzultzearekin Udaletxeko Casa de Socorro delakoan sartzen da. Euskal kulturaren munduan, bestalde, gero eta gehio sartzen zihoan. Iruñeko "Euskeraren Adiskideak" elkartekoa zen. Bertan Iruñeko euskararen aldeko jendeak zebiltzan; hala nola, J.Agerre, B.Arbea, D.Beunza, J.M Huarte, A.Darnaso Intzakoa, J.Larreche, L.Oliver, P.Roch, M. Paz Ziganda, E.Zubiri "Manezaundi" eta beste. Denboraldi batez, 1933an batzordekoa izan eta aita, Larreko, lehendakaria izan zen Eusko Ikaskuntzan.1924ean bazkide egin eta, zenbait urtez, "Euskararen Adiskideak" elkartearen ordezakri gisa haren batzordean zen. Haren eginkizunetan parte hartzen du. Kulturaren eragile haundi eta ospetsuenak ere ezagutzen ditu. (R.M.Azkue, A.Campion, G.Lacombe, G.Mugica, J.Urquijo, eta abar); horietako batzurekin adiskidantza ere sortuko da. Etxean, bestalde, E. Zubiri "Manezaundi", J.Elizalde "Zerbitzari", Enbeitiatar Kepa eta halakoekin adiskidantza haundia zegoen. Aldizkarietan idazten hasten da; "R.I.E.V".."Gure herria", "Yakintza" eta beste; Iruñeako "La voz de Navarra" egunkari abertzalean ere noizbehinka ere idazten du. Zenbaitetan "Irular" izengoitia erabiltzen du (Irurita ondoko muno baten izena). Lehenbiziko idazlana 1926koa da. 1927an J.Urquijo eta G. Lacomberekin batera, Den Haag hirian ospatzera zihoan filologiari buruzko biltzarrea. Eusko Ikaskuntzak komisionatua izan zen. Hizkuntzaren geografiari buruzko lehenbiziko iker lanak egiten hasten da herriz herri ibiliz etadatoak jasotzen, berriak altxatzen. Bide horietan denetan, bidenabar, liburu interesgarri frango jaso ahal izan zuen; urteekin euskal literaturaren liburutegi baliosoa osatuko du. 1929an Euskaltzaindiko ugazlea nonbratua izan zen. 1933an, Eusko Ikaskuntzaren batzorde iraunkorrekoa egin zen, eta 1934 XII 21ean, 1935 1939 eperako, Lizardiren hutsaren betetzeko, elkarte bereko ordezko idazkaria zen. Trabatu xamarra zegoen elkarte hartan, bai eta hango elkartekide eta laguntzaileekin ere. (J. Miguel barandiara, G. Bähr, L. Eleizalde, J.Elorza, O. Eta A. Apraiz, etab.) Artean, 1936 39ko gerlarekin, denboraldi latzak hasiko dira. Iruñeko giro hits eta hertsian zalantza eta arriskua, besteak beste, euskal alorrean bermatu guztientzat gertatzen da. Gerla ondoko urte zail haietan, hala ere, euskal kulturaren bideak loratzen hasiko dira: haiei lotua egonen da bera hatapenetik. Etxean ere euskara eta kultur maila mantendu ahal izan zituen. 1914ean R.M Azkuek Euskaltzaindiaren berpiztea erdietsi zuen Bizkaiko Diputazioneko kultur sailaren itzalean; karia horretarat Nafarroaren izenean Eladio Esparza eta biak ez zailtasun gabe bere kasuan zuen kondairagatik euskaltzain osoak nonbratuak izan ziren. 1941eko apirila eta maiatza zen. Ondoren, Euskaltzaindiaren eginkizunetan parte hartuko du (literatur eta bertsolari txapelgoak, biltzarretan, mintzaldietan, etab.). Idazten ere berriz hasten da: Euskera, RSVAP elkartearen Boletina eta halako aldizkarietan Schuchardt en itzulpena egiten du. Hots, berriz ere euskararen alorrean, beste gisa batera, beste egoera batean gerlak utzitako hatzak ere sakonak ziren eta buru belarri sartua. Jose Angel Irigaray, Bilboko Kafe Antzokiko zuzendaria eta Aingeru Irigarayren semea.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.