25 Zenbakia 1999-03-12 / 1999-03-19

Gaiak

Adierazpen anaforikoak eskolako azalpen idatzietan

GARCÍA AZKOAGA, Ines

Adierazpen anaforikoak eskolako azalpen idatzietan Adierazpen anaforikoak eskolako azalpen idatzietan * Ines García Hizkuntza menperatzea ez da arau gramatikal multzoa ezagutzea bakarrik, hizkuntza hori modu egokian erabiltzen jakitea ere beharrezkoa da, horrek bermatuko baitu komunikazioa. Eta testua komunikazio unitate gisa hartzen badugu, eskolak ezin du ahaztu ekoizpen hauen aniztasuna eta edozein ikasgai lantzeko orduan duten eragina. Hemen, horietako bati besterik ez diogu erreparatuko, azalpenezkoari. Testu hau asko erabiltzen da irakaskuntzan, edozein arlotako testuliburuetan azalpenak agertzen dira eta ikasleek ere horrelako testuak ekoizteko premia izaten dute eskolako zereginetan. Baina, sarritan, hainbat arazo sortzen da hizkuntzarekin, besteak beste, gaiaren bilakaera egokirako arazoak eta aurretik emandako informazio bat berreskuratzeko zailtasunak; ondorioz, ulergarritasun arazoak sortzen dira. Zeregin horietan oso garrantzitsua da adierazpide anaforikoen erabilera, neurri handi batean behintzat, gaiaren progresio egokia bideratzen dutelako. Adibidez: (1) Gureak bezalako hiri eta herrietan pertsona batek 150 litro kontsumitzen ditu eguneko Etxeko erabilera hori sektore diagraman... Adierazpide anaforiko horiek izan dira, hain zuzen ere, Eusko Ikaskuntzaren dirulaguntzarekin egin dudan ikerketa baten ardatza. Helburua, horrelako testuak ekoizteko orduan ikasleek izaten dituzten zailtasunak eta erabiltzen dituzten baliabide anaforikoak aztertzea zen. Bestalde, jasotzen dituzten ereduetatik beraien idazkietara dagoen jauzia ere aztertu da. Horretarako, eskolan erabiltzen diren azalpenezko testuez osatutako corpus bat aztertu da. Bertan bi multzo bereiztu behar dira: lehenengoa testuliburuetako azalpen testuez osatuta, eta bigarrena ikasleek ekoiztutako testuek osatzen dutena. Testuliburuei dagokienez, Natur Zientzietako ikasgai baten hiru bertsio ezberdin aztertu dira, bakoitza argitaletxe bati dagokiolarik. Ikasleen ekoizpenak direla eta, 12 13 urtekoume elebidunek euskaraz idatzitako azalpen testuak ditugu. Kasu guztietan idazkiak gai berberari buruz ziren. Luze joko luke zehetasun guztiak lerro hauetan emateak, horregatik ikerketaren datuak modu laburrean bildu ahal izateko, emaitzen arabera interesgarriak iruditu zaizkidan alderdi batzuetara mugatuko naiz. Hasteko, anafora kategoria ezberdinak sailkatzeko orduan egin ditugun bi multzo handienak hartuko ditugu kontuan: anafora pronominalenak eta anafora nominalenak. Lehenengo multzoari dagokionez, oso gutxi dira izenordainen bitartez egiten diren berreskurapenak, arruntena adibidean ikusten duguna da: (2) Guretzak ura oso garrantzitsua da, bera gabe ezingo ginateke bizi. Erakuslea, aldiz, askotan erabiltzen da, hona hemen adibide bat: (3)Ura guk altxor bat bezala zaindu behar dugu, hori egiteko... Corpuseko testu multzo bietan anafora pronominalen erabilera nominalena baino baxuagoa izan da. Azken hauen artean errepikapena da baliabiderik erabiliena, bereziki ikasleen testuetan. Adibidez: (4)Ura guretzat altxor bat da...Urak gauza askotarako balio du... Aurrekoari kontrajarria ordezkapen lexikalaren kasua dugu. Adibidez: (5)Urak ere badu bere zikloa... Altxor hau guretzat oso baliagarria izan arren... Baliabide honek testuliburuetan nahiko maiztasuna handia duen bitartean, ikasleen testuetan ez da ia erabiltzen. Nabarmena da errekurtso hau erabiltzeko orduan ikasleek duten zailtasuna, baliabide hau konplexua da beraientzat, eta erabiltzen duten gutxietan ere, liburuak eskainitako eredua errepikatzeko joera erakusten dute. Bestalde, azpimarratzekoa da ikasleek ekoiztutako testuetan gaia informazio atal ezberdinetan antolatuta agertzen dela. Atal batetik bestera pasatzeko orduan ez da testu antolatzailerik erabiltzen. Zati ezberdinen arteko artikulazio lana atal bakoitzaren hasieran errepikatzen den lexemak egingo du, hura izenburuan tematizatuta agertzen delarik. Azterketa honen ondorioz esan daiteke, bada, corpuseko testu guztietan anafora nominalen erabileradela nagusi. Gainera, ikasleen azalpenetan ordezkapen lexikala oso gutxitan agertuko zaigu; adierazpide anaforiko hauek konplexuagoak dira, eta errekurtso honi esker gaiari buruzko informazioa zabaldu edo gaiaren aldaketa bidera daiteke. Baina bere erabilera, zalantzarik gabe zailagoa da ikasleentzat; testuliburuetan, aldiz, sarri erabiltzen da. Adibide moduan ikasle baten kasua aipa daiteke; honek ordezkapen lexikala erabiltzen du gaia berrartzeko, baina zalantzak ekiditzeko parentesi artean aurrekariaren lexema berbera errepikatzen du. Ikasleek, beraz, errepikapenaren alde egingo dute, horrela ez zaie zalantzarik sortzen gaiaren jarraipena bideratzeko orduan eta arazorik gabe berreskura dezakete aurrekaria. Honen eraginez, eta ahaztu gabe informazio atal batetik bestera igarotzeko orduan errepikapenak betetzen duen papera, gaia hipertema baten inguruan antolatuta agertuko zaigu, eta horrenbestez azalpena baino gehiago sekuentzia deskriptibo laburrez osatutako testuen aurrean gaudela esan dezakegu. Bukatzeko, esan dezagun, bada, ikasle gazteen testuetan aurkituko ditugun adierazpide anaforikoak trebatuen testuetan erabiliko direnak baino urriagoak eta sinpleagoak izango direla, eta ondorioz, testuaren antolamendua ere ezberdina izango da multzo batean eta bestean. Ines M. García Azkoaga, EHUko irakaslea Hizkuntza eta Literatura departamenduan