235 Zenbakia 2003-12-19 / 2003-12-29
2003/12/19-29 Asteleheneko Goienkariaren zero alea Zuriñe Velez de Mendizabal
Deba Goieneko kultur albisteak helarazteko: zurkain@euskalnet.net
Duela gutxi Goiena Komunikazio Zerbitzuak urrats garrantzitsua eman zuen telematika esparruan Goiena.net sortuz. Orain, proiektu berri bat egikaritzeko zorian daude: Asteleheneko Goienkaria.
Abenduaren 22an, astelehenean argitaratuko dute astekari berriaren zero alea. Eneko Azkarate Goienkariako zuzendariaren esanetan, "hasierako asmoa ostiraletan ez ezik, beste egunen batean ere kaleratzea zen". Horrela, egunerokoa egin gabe, astelehenetan argitaratzea erabaki dute. "Asteburuko gertakariak ostiraletako edizioan agertu arren, hainbat gai landu gabe geratzen ziren, eta hori konpontzeko bide egokia dela iruditu zaigu". Asteburuan bailaran gertatzen dena jasoko da beraz astekarian: kirola, kultura, jaiak...
Goienakariako zuzendaria, Eneko Azkarate. (Arg. Goienkaria) Ostiraletako edizioa doan banatzen da, hedabidearen zabalkunde handia ziurtatzeko asmoz. Oraingo kasuan aldiz, harpidetza bidez banatuko da. "Zero alea argitaratzeko Santo Tomas eguna aukeratzearen arrazoia, Gabonetan harpidetze kanpaina sendoa egiteko dugun egitasmoa izan da", aipatu du Azkaratek. Hala ere, otsailean hasiko dira Asteleheneko Goienkaria banatzen.