222 Zenbakia 2003-09-19 / 2003-09-26
Elkarrizketa Gaiak Atzoko Irudiak Euskobooks Euskal Kantutegia Efemerideak Irratia Kosmopolita Art-Aretoa Artisautza Udalak Links: www.euskomedia.org
www.eusko-ikaskuntza.org
www.asmoz.org
Quiénes somos
Política de Privacidad
Avisos Legales
© Eusko Ikaskuntza
GAIAK Inicio > EM 222 > Gaiak -->
2003/09/19-26 Ezagutzaren gizartean ikasteko eskubidea Anjeles Iztueta Azkue, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua
Versión original en español
Ezagutza, gizarteak aurrera egiteko faktorerik garrantzitsuenetariko bat dugu, ezagutza berriak izateko gaitasuna kapital intelektualen artean funtsezkoenetarikoa baita.
Honi dagokionez, oso azkar ari gara aurrerapenak egiten. Egun, guztiz funtsezkoak bihurtu zaizkigu banakako zein taldeko Hezkuntza eta Ezagutza, bai aurrerakuntzaren eskutik sortzen zaizkigun galdera eta dilema berriei erantzunak emateko, bai gizakiei garatzen eta patuaren jabe izaten lagunduko dieten itaun berriak egiteko.
Ezagutza behar-beharrezkoa da gizartean zein ekonomian sakondu eta aurrera egiteko; izan ere, jakintza berriek bizimodu eta lanbideak goitik behera aldatzen ari diren kudeaketa tresnak erabiltzeko aukera ematen digute, eta duela hainbat urte pentsaezinak ziren bideak zabaltzen dizkigute.
Hezkuntzari dagokionez, teknologian gertatzen ari den iraultza irakaskuntzako metodologia eta edukietan islatu beharra dago, litekeena baita gure gazteak desagertzeko bidean dagoen gizarte baterako prestatzen aritzea, eta, hori, belaunaldi berriei iruzur egitea izango litzateke. Hezkuntzaren xedea, gazteak biharko egunerako prestatzea da, baina biharko gizartea ez da gaur egun daukaguna izango, baizik eta informazio eta ezagutzarena. Ezagutza horiek erabat aldatuko dituzte gaur egungo egiturak, eta oso lagungarriak izan daitezke geure buruak hobetzeko eta gizartea bera zuzenagoa eta orekatuagoa bihurtzeko.
Orain baino lehen informazioa baliabide urri samarra bazen ere, gaur egun gehiegizkoa dela ere esan dezakegu, eta, beraz, aukeraketak egiten, ebaluatzen eta ahal den ondoen aprobetxatzen ikasi beharko dugu. Dirudienez, ezagutza berririk ez izatearen arrazoia ez da informazio eskasia, abundantzia baizik. Hezkuntzan ere, informazioa hautatzen, filtratzen eta baloratzen ikasi beharko dugu. Horrexegatik landu beharko ditugu prozesu ebaluatzaileak, hain zuzen ere gaur egun informazioa, egonkorra beharrean, aldi baterakoa delako, eta, urria beharrean, gehiegizkoa.
Gizaki guztiek oinarrizko hezkuntza jasotzen jarraitu beharko badute ere, pentsatzen hasi beharko dugu aurrerantzean jendea nola eta zertan hezi. Izan ere, orain arte bizitza guztirako balio zuten ezagutzak transmititzen ziren, baina gaur egun bizitza guztian zehar ikasten jarraitzeko beharra gailendu zaigu. Horregatik, ezagutza finko eta aldagaitzak atzean utzi, eta, jarrera kritikoa hartuz, ezagutza berriak jasotzeko prestatu beharko ditugu geure buruak.
Horregatik, aldaketa batzuk sartu beharko ditugu irakaskuntzan. Baina, Miguel Angel Prats jaunak dioen bezala, hezkuntzan berrikuntzak egiteak ez du esan nahi halabeharrez eremu birtual edo plataforma telematikoak txertatu behar ditugunik; aitzitik, egin beharrekoa, norantz goazen eta zer lortu nahi dugun zehaztea da.
Eraiki beharreko gizarte berriaren ardatzak gizakia izan behar du, ez teknologiak. Bizitzak teknikaren gainetik egon behar du. Hiritar guztien zerbitzura egongo den gizarte global, ireki, zuzen eta anitza erdietsi nahi dugu, kreatiboa, egungo arazoak konponduko dituena, eta ez informazioaren merkatu global bat.
Ezagutzen globalizazioak ikuspegiak, egitasmoak eta iritziak elkartrukatzeko balio behar du, gabeziak gainditzeko, eta mundu konplexu, jasangarri eta baketsua kudeatuko duten mekanismo demokratikoei behar bezala funtzionatzen laguntzeko.
Hortaz, ezagutzak sortzeko daukagun gaitasuna lantzea dagokigu; jakiteko eskubidea aldarrikatu behar dugu. Gizarteak aurrera egiteko, jende guztiari hezkuntzan aukera berdinekin sartzeko eskubidea aitortu behar diogu. Hiritar aktiboak izateko, askatasunean bizitzeko, autonomoak izateko, herriari gehien komeni zaiona zer den erabakitzeko, eta egitura global koherente, arduradun eta garden bat sortzeko, Ikasteko Eskubidea bermatu behar dugu.
Testuinguru honetan, garrantzirik handiena sormenak, kooperazioak eta ikaskuntzak daukate. Ez dugu esango zer den bakoitzak egin beharrekoa, baizik eta zer egiteko gauza den. Pertsonen balioa handituko duena, produktuan edo zerbitzuan berrikuntzak sartzeko gaitasuna izango da, besteen berrikuntzetatik ikasteko ahalmena, eta egoera aurreikustezinetara egokitzeko gaitasuna.
Beraz, aipatu dugun guztia kontuan izanik, garbi ikus daiteke beharrezkoa dela irakaskuntza beste modu batean egituratu eta antolatzea.
Irakasleak, aurrerantzean, konpetentziala ez, baizik eta bitartekaria beharko du izan, ikasleen beharrei erantzuteko gai. Eta ikasleak, aldi berean, esperientzia berriak ezagutaraziko dizkio irakasleari, eta bere hezkuntzako behar zehatzei erantzuna ematea eskatuko dio.
Ikasleen eta irakasleen artean ezagutzak trukatzera iritsi behar dugu. Garai batean, irakasleak izaten ziren jakinduria transmititzen zutenak, baina gaur egun informazioa aukeratu eta sailkatu egin behar izaten dute; ez erabilgarritzat jotzen duten hura bakarrik, baizik eta baita gizarteko esparru ezberdinak ukitzen dituena, ikasleen interesekoa suerta baitaiteke.
Jasotzen dugun informazioa prozesatzen erakutsi behar diegu, ezagutzak antolatzeko gaitasuna lantzeko eta ezagutza berriak aurrez dauzkagunekin uztartzeko.
Teknologia berrien eskutik datorkigun pentsamendu bakarraren inposaketaren aurrean, behar-beharrezkoa izango da gutxiengoen balio, ohitura, sinesmen eta kulturak errespetatzea, eta, era berean, irakasleak balio independiente eta etikoetan trebatzea, hainbeste informazioren aurrean benetan baliagarria dena bakarrik erabil dezagun.
Kode eta hizkera berriak erabiltzen ikasi beharko dugu, sareetan barna ibiltzen den informazioa komunikazio sistema ezberdin ugariz baliatzen baita. Hain da oparoa inguratzen gaituen informazioa, eta hain aldakorra gainera, funtsezkoa dela aukera bat egitea, ikuspuntu kritikoa hartzea eta baloratzen jakitea.
Informazio sare eta tresnak erraztasunez, harmoniaz eta kritikatzeko gaitasunarekin erabili behar ditugu. Ez dugu inolako beldurrik izan behar aurrerakuntzaren, teknologia berrien eta demokraziaren aurrean, eta konfiantza osoa azaldu behar diogu herri, kultura eta ideien aniztasunak suposatzen duen aberastasuna eta justizia sustatuko dituen askatasunari. Hezkuntzak eta Ezagutzaren Gizarteak uniformizazioaren eskutik datozkigun arriskuak aldentzen, aniztasunean elkarbizitzen eta elkar ulertzen lagundu behar digute. Hezkuntzak eta Ezagutzaren Gizarteak mundu zuzenago bat eraikitzen lagundu behar digute, sistema koherente eta demokratikoago bat sortzen, ezberdin izateko eskubidea eta gure bizimoduari zein gure herriaren geroari buruzko erabakietan parte hartzeko eskubidea inolako salbuespenik gabe bermatzeko. Lotutako artikuluak