222 Zenbakia 2003-09-19 / 2003-09-26

Gaiak

Euskara Interneten: lehiarako aukera globala

FERNÁNDEZ, Luistxo



Elkarrizketa Gaiak Atzoko Irudiak Euskobooks Euskal Kantutegia Efemerideak Irratia Kosmopolita Art-Aretoa Artisautza Udalak Links:



GAIAK Inicio > EM 222 > Gaiak

2003/09/19-26 Euskara Interneten: lehiarako aukera globala Luistxo Fernandez, www.codesyntax.com

Traducción al español

Kultura Digitalaz eztabaidatzeko foro batean euskararen eta teknologiaren inguruan hitz egitea egokitu zitzaidan duela gutxi. Txosten bat aztertu behar genuen, plan estrategiko baterako eztabaida prozesu batean, baloratuz eta geure ekarpenak eginez, hartara espreski gonbidatutako lagun batzuen artean.

Txostengileak, Kepa Sarasola informatikariak, EHUko IXA taldekoak, euskararentzako baliabideak Interneten eta oro har teknologien esparruan garatu, indartu eta bultzatu beharra azpimarratzen zuen, beste kontu batzuez gain.

Eztabaidagune horretan zeuden batzuek, idatziz, kritikatu egin zuten, Kultura Digitalaz eztabaidatzeko orduan, txostena euskararen inguruan zentratuegia ez ote zegoen. Alboko kontu bat zela euskara, beharbada, garrantzizkoa jakina, baina Kultura Digitala edo teknologien eragin kulturalak euskararen auziaz aparteko gauza bat zela, esparru zabalagoa hartzen zuela, defendatzen zuten partaide kritiko horiek.

Eta erantzun egin nuen. Euskararentzako teknologien aipamena ez zegoen, inolaz ere ez, tokiz kanpo txosten horretan. Pertinentzia osoarekin zegoen,bai horixe. Eta ikuspegi hori defendatu nuen. Euskararentzako baliabideak garatuz, batetik, geure eginbehar ezinbestekoari heltzen diogu(geuk ez badugu egiten, nork egingo du?), beste ezer baino gehiago, hizkuntzaren teknologiak garatzen ditugu. Euskararentzako garapena egiten Interneten,esparru eleanitz global baterako behar ditugun trebeziak, tresnak, eta prozedurak ikasten ditugu. Euskaraz teknologia sortuz ikasten dena

Adibidez, neuk, lagun batzuekin, duela urte batzuk, euskarazko bilatzaile bat aurrekonturik gabe eta gasturik gabe egiteko modua ikusi, eta sortu egin genuen Aurki.com Interneteko direktorio euskalduna. Bilatzaile bat euskaraz.

Horixe egin genuen, eta zertxobait ikasi genuen. Euskara ez genuen ikasi, ze euskara bagenekien. Baina bilatzaile bat nola egiten den, nola funtzionatzen duen, eta Interneteko kontuez, ba, kontxo, zeozer zeozer geratu zitzaigun...

Geure xumean, Interneten inguruko "jakintza" apur bat sortu genuen. Eta hartatik, Aurki bultzatu zuen Eibar.org internauta elkartetik, lagun batzuk elkarrekin konjuratu eta enpresa sortzera abiatu ginen. Horretan gabiltza.

Esperientzia lokal bat, geure hizkuntzaren inguruan sortua eta garatua, jakintza eta enpresa sortzeko erabilia.

Euskara karga bat dela pentsatzen dute askok. Itzulpen kontu bat. Puff, euskarara ere itzuli behar, itxurak gordetzeko ere. Eta ez. Euskara, Interneten eta teknologian, aukera bat da. Euskara baino gehiago, euskaldunen posizioa: elebidunak gara, gutxienik. Euskal Herria esparru eleanitza da. Eta hori aukera estrategiko bat da, ezagutza eta esperientzia sortzeko, kanpora begira. Batez ere, Europan, geure esparru hurbilenean, munduko erregio eleanitz paradigmatikoan. Kontuan harturik, gainera, Hizkuntzaren Industriak eta Teknologiak direla, neurri handi batean 21.mende honetako ezagutzaren eta ekonomiaren giltzarrietako bat. Altzairuaren mundua ez dago gainditua, ez, baina ezagutzaren gizarterako, beharbada, faktore estrategikoagoak dira hizkuntzaren teknologiak.

Euskaraz teknologia sortuz asko ikasten da. Batez ere, teknologia ikasten da, nik uste. Hortaz, Interneten eta teknologia berrietan euskara garatzea, edo, beste modu batean esanda, euskaraz lan egitea Interneten eta teknologian, ez da soilik geure ama-hizkuntzari egiten diogun mesede bat: hizkuntzen teknologiak garatzen ari gara.