204 Zenbakia 2003-03-21 / 2003-03-28

Gaiak

Enbatak

EGAÑA ARRUTI, Joseba

Enbatak Enbatak * Joseba Egaña Arruti 1. Sarrera Euskal Herrian gertatzen diren fenomeno meteorologikoetan ikusgarrienetako bat eta kalte handiak ekartzen dituena, galerna edo enbata da. Horregatik, fenomeno hau hobeto ulertzeko eta iragarri ahal izateko, azterketa eta analisi ugari egiten ari dira azken urteotan. Estatu Batuetan enbataren antzeko fenomenoak aztertzen ari dira, CTD (Coastal Trapped Disturbance) izenarekin ezagutzen direlarik. Euskaraz "kostaldean harrapaturiko perturbazioak" bezala itzuliko genuke. Garrantzitsua da enbatei buruzko gaietan gehiago sakontzea, beren iragarpena hobetzeko asmotan. Horrelako fenomeno bat 2 edo 3 ordu lehenago iragartzen bada, ondorioak ez dira hain larriak izango. Oraingoz eskala handiko modeloekin ezin dira iragarri, eta eskala txikiagoko modeloak zerbait antzematen dute, baina haizearen intentsitatea iragartzea oso zaila da. Lerro hauen helburua enbata zer den eta honi buruz dugun ezagutza azaltzea da. Interesgarriak dira Estatu Batuetan egiten ari diren azterketak, baina hauetan ez gara sartuko. 2. Enbata zer den eta nola sortzen den Enbataren definizio garbi bat ez badago ere, denok dakigu (Kantauriko kostaldean bizi direnak batipat) zer den. Definizioa hauxe izango litzateke: Bapatean Kantauriko kostaldean (Kantabrian eta Euskal Herrian) agertzen den mendebal iparmendebaldeko haize bortitza da, lehenago zegoen eguraldi ona eta beroa zeharo desagertuz. Orokorrean estratu baxuak sartzen dira haize honekin batera eta euria ere ekar dezake.s Definizio honen ondoren gaian gehiago sakonduz joango gara. Enbatak gertatzeko garaia maiatzetik urrira mugatzen da, batez ere udaberri bukaeran eta udan gertatzen dira gehienak. Orokorrean bi eratako enbatak daude: fronte bati lotuak eta enbata tipikoak. Lehenengoak fronte baten etorrerarekin gertatzen dira eta gogorrenak izaten dira. Gainera euria edo ekaitzak ere ekartzen ditu. Bigarrenak ez daude inolako fronteei loturik. Azken hauek ez dute euririk ekartzen orokorrean. Enbatabaten ezaugarririk garrantzitsuena haizea da. Gainera fenomeno honen berezitasuna ez da bakarrik haizeak hartzen duen indarra, baizik eta bere bapatekotasuna. Iragartzea ere zaila denez, bapatekotasun honek ekartzen du arrisku gehiena. Aldagai meteorologikoetan eragiten dituen aldaketak hauek dira. Haizea ahul eta aldakor (edo batzutan hego haizea) izatetik mendebal iparmendebaldera egiten du bira eta intentsitatea asko handitzen da, itsasoaren egoera asko zakartuz. Tenperaturak behera egiten du, eta hezetasunak eta presioak berriz, gora. Aldaketa guzti hauek handiak izaten dira eta azkar gertatzen dira. Fronte bati loturiko enbatak fronte baten ezaugarri guztiak ditu, baina haizearen intentsitatea eskala sinoptikoak adierazten duena baino askoz handiagoa da. Hauek izaten dira enbata gogorrenak. Enbata tipiko baten ezaugarririk nagusienak hauek dira: 500 km inguruko ibilbidea egiten du 10 ordutan, hiru eskualde desberdindu daitezkeelarik. Enbatak intentsitate handiena Ontón eta Biarritzen artean lortzen du. Zona honetan haizeak batezbeste 80 km/h harrapatu dezake eta boladek 100 km/h gainditu dezakete. Tenperatura 10 12 ºC jaitsi daiteke 20 minututan. Enbata Kantauriko kostaldean zehar mendebaldetik ekialdera mugitzen da eta abiadura handitzen joaten da ekialderantz doan heinean. Eragin handiena kostaldean nabaritzen da. Barnekaldean eraginak txikiagoak dira eta itsasoan lehen 50 km tan antzematen da. Presioa eta tenperaturaren gradienteak 5 mb/50 km eta 13ºC/30 km dira hurrenez hurren (esate baterako, brisa bat sortzeko behar den presio gradientea 1 mb/50 km da). Bertikalki lehenengo 2 km tan nabaritzen da enbata. Haizearen abiadura handiena lurrazalean lortzen da eta altuerarekin jaitsiz joaten da. Enbataren ondorioetako bat itsasoko egoeraren zakartzea da. Olatu handienak 3 eta 4 metrokoak izan daitezke. Enbata nola sortzen den adierazteko modelu kontzeptual desberdinak daude, baina oraindik ez dago erabat garbi gai hau. Bi modelu kontzeptual erabiltzendira enbaten antzeko fenomenoak azaltzeko: Kelvin en barne uhinak eta orografiagatik harrapaturiko dentsitate korronteak. Dena den, zein egoeretan sortzen den eta nola sortzen den adierazten saiatuko gara. Lehenik eta behin esan beharra dago antzeko fenomenoak ematen direla gure ingurune antzekoak dituzten herrialdeetan. Beraz, horrelako fenomeno bat sortzeko, itsasertzean kostaldearekiko paraleloki doan mendikate bat beharrezkoa da. Ematen du Kantauriko ekialdea asko berotzen denean, aire bero hori hor geratzen dela harrapaturik mendia eta itsasoaren artean eta Asturias aldea askoz ere hotzago dagoenez eta eskala sinoptikoaren laguntzarekin, (hau da, haizea mendebal ipar mendebaldetik jotzen hasten bada) Asturiasko aire hotz hori aire beroa dagoen tokirantz mugitzen hasten da, abiadura handituz ekialderantz doan heinean. Enbata baten sorrera egoera sinoptikoaren menpe dagoela esan dezakegu. Presioaren joera ezberdina Kantauriko ekialde eta mendebaldearen artean, fluxu sinoptikoaren ondorioa dela pentsatzea logikoa da. Kantauriko ekialdean presioak behera egiten du eta Kantauriko mendebaldean berriz, gora. Hau 850 mb ko mailan gertatzen diren aire masa ezberdinen adbekzioaren ondorio besterik ez da. Kantauriko ekialdean adbekzio bero bat dago eta mendebaldean berriz, hotza. Horrela, bi aire masa oso ezberdin sortzen dira eta presio gradientea ere handituz joaten da. Presio gradientea oso handia denean aire hotza mugitzen hasten da aire berorantz. Ondoren eskala txikiagoko prozesuak jartzen dira martxan eta bi eskalen (mesoeskala eta eskala sinoptikoa) arteko konbinazioan murgiltzen da enbata. Horregatik, iragarpenerako erabiltzen diren modelu sinoptikoek ez dute fenomeno hau antzematen. Eskala jeisterakoan mesoeskalako modeluak ditugu eta hauek zerbait antzeman dezakete, baina oraindik ikerketa gehiago egin behar dira. Iragarpenari dagokionez, horrelako fenomenoak iragartzea oso zaila da, baina badakigu enbata bat sortzeko egoera sinoptiko aproposak zein diren. Enbatabat sortzeko ezaugarri sinoptiko egokiak hauek dira: Aintzira barometrikoa edo bi aire masen konbergentzia lurrazalean. 850 mb ko mailan: hego mendebaldeko fluxua eta dortsal termikoa. Dortsal termiko honen ardatza Euskal Herritik pasatzen da eta norabidea HE IM (hego ekialde, ipar mendebalde) da. 500 mb ko mailan: aska termiko bat, bere uhin luzera dortsalarena baino txikiagoa izanik. Troposferako goi geruzetan fluxu desorekatua (300 mb an). Enbata sortzeko beste ezaugarri batzuk hauek dira: Behe geruzetako egonkortasuna. Egonkortasunaren ondorioz, aire bolumen txikiago bat gehiago berotzen da eta diferentzia termikoa areagotu egiten da aire masa hotza eta beroaren artean. Hego haizea. Hego haizea badago, airea gehiago berotzen da eta gainera brisak agertzea galerazten du. Itsasoaren tenperatura. Gero eta hotzago egon itsasoko tenperatura diferentzi termikoa areagotu egiten da. Bestalde, estratu baxuen sorrera errazagoa da ur hotzarekin. 3. Enbata baten adibidea Adibide gisa, lehengo urtean (2002 urtean) gertaturiko enbata hartu dugu. Maiatzaren 13an fronte bati loturiko enbata izan genuen Euskal Herrian eta haize boladek 120 km/h abiadura gainditu zuten kostaldeko zenbait tokitan. Honen ondorioz, bela untzi batean zegoen pertsona bat desagertu egin zen, eta lehorrean hainbat istripu izan ziren, pertsona batzuk larri zaurituta suertatu zirelarik. Hurrengo irudietan ikusi daiteke parametro meteorologiko ezberdinek eduki zuten portaera Punta Galeako estazioan. Tenperaturak bapatean eta nabarmenki egin zuen behera (10ºC 20 minututan). Momentu berean, haizeak hegotik ipar mendebaldera egin zuen eta haize bolada maximoa 127,4 km/h koa izan zen. Enbataren etorrerarekin batera presioak gora egin zuen. Enbataren iraupena 2 ordukoa izan zen gutxi gorabehera. Gero eguraldiak hobera egin zuen. 1 irudia: Punta Galeako estazioan tenperatura eta hezetasuna 02/05/13 egunean zehar 2 irudia: Punta Galeako estazioan haizearen abiadura eta norabidea 02/05/13 egunean zehar3 irudia: Punta Galeako estazioan presioa 02/05/13 egunean zehar 4. Enbataren ondorioak Enbatek ondorio latz ugari ekarri dituzte historian zehar, batez ere Kantauriko itsas gizonei. Gehien entzundakoetariko bat 1878ko apirilak 20an gertaturikoa da. Orduan Kantauriko 300 arrantzalek baino gehiagok galdu zuten bizia (pazko larunbateko enbata izenarekin ezagutzen da). Beste enbata batek 1912ko 12an Bermeoko 100 arrantzale baino gehiago eraman zituen. Egia esanda, nahiz eta enbata hauek gogorrak izan, garai hartan arrantzaleek erabiltzen zituzten untziak (enbarkazioak) ez ziren gaur egun dituzten bezain seguruak eta horregatik galdu zuten bizia hainbat eta hainbat arrantzalek. Gaur egungo enbata baten ondorioak ez dira hain larriak. Hala ere, arazo ugari sortzen dituzte hondartzetan, itsasoan eta kostaldeko errepideetan. Adibidez, 1987ko ekainak 7an 8 pertsona hil ziren, gehienak lehorrean, haizeak eragindako istripuen ondorioz. Beraz, enbata baten kalteak murrizteko beharrezkoa da iragarpen on bat egitea. Oraingoz arriskutsuak diren egunak zaintzearekin konformatu beharko dugu. Urtean zehar, batezbeste 2 edo 3 enbata izaten ditugu, baina egun arriskutsuak (hau da, enbata gertatzeko probabilitatea duten egunak) gehiago dira. Batzutan enbata sortzeko probabilitate handia dagoen egun batean brisa poliki poliki sartzen da eta ez da ezer gertatzen. Beste batzuetan berriz, enbata gerta daiteke. Non dago gakoa? Barearen ostean dator ekaitza Bibliografía Jansá Clar. A. (1990). Notas sobre análisis meteorológico mesoescalar en niveles atmosféricos bajos. INM. S.T.A.P. 1992. Nota técnica sobre galernas. C.J.C.Reason, K.J. Tory, P.L.Jackson, (2001). A model investigation of the Dynamics of a Coastally Trapped Disturbance. J.Atmos.Sci. Arasti Barca, E. (2001).Estudio de la galerna típica del Cantábrico. INM. ISBN 84 8320 175 5 Joseba Egaña Arruti, meteorólogoa Euskonews & Media 204. zbk (2003 / 03 / 21 28) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria