Eskola Eleanitz Berrirantzat Eskola Eleanitz Berrirantzat * Erramun Osa Zenbaitetan, ahazten bada ere, eskola elebidunaren aldeko eskea ez da oraingoa aspaldikoa baizik. Izan ere, XIX. mendean ezarri ziren Frantzian eta Espainian euskara itotzeko tresna ahaltsua bilakatuko ziren eskolaren alderdi desberdinen oinarriak. Bada, ordutik dator eskola euskaldun edo, gutxienez, elebidunaren aldeko eskea, 1873 75 bitartean, estatu karlistaren ahaleginak dira horren lekuko. XX. mendearen hasieran, bestalde, Eusko Ikaskuntzak berak eskola berri eta euskaldunaren oinarriak landu zituen. 1914an, M. Muñoak Donostiako Koruko Andre Mariaren Ikastetxea sortu zuenean, garai hartako mugimendu politikoaren eta intelektualaren emaitza ikusi ahal izan zen: Ikastolak. Gerora, euskararen iraupen, gaurkotze eta hedatzearekin estu esturik azaldu ohi den gizarte mugimenduaren sorrera. M. Muñoa Hain zuzen, duela hirurogeita sei urte faxistek Gernika erraustu zutelarik, gertaera lotsagarri hura abertzaleei egotzi nahian ari zirenen gezurrak agerian laga eta nazioartean gertatua barreiatzeko asmoz kazetari frantses bati erakustera zihoan, eta gurasoek Mungian zuten etxearen izena hartu zuen, Esteban Urkiaga "Lauaxeta" k 1931n bere alderdiko EAJ diputatuekin batera Madrilera joan zen, Euskal Herriko eskoletan elebitasuna eskatzeko. Alabaina, beste esperientzia eta desio asko bezala, Espainiako Gerra Zibilak, aldi baterako bederen, ikastolen desagertzea eta eskola elebidunaren aldeko aldarria, aldi ilun eta luze baterako bederen, isiltzea ekarri zuen. Baina, herri hau, esanak esan, arazoak arazo eta mugak muga, ez da sekula errendatu, egoskor samarrak edo, hala nahi baldin bada, burugogorrak izatearen emaitza da, beharbada. Horren lekuko 1944an, Muñoaren lankide izandako Elbira Zipitria. Hura Donostiara joan eta guraso talde baten parte hartzea tartean dela, bere etxean prestatutako gela batean, eskolak euskaraz ematen hasi baitzen edota 50eko hamarkadan, beste andereño eta guraso batzuek,han hemenka ikastolak zabaltzeko egindako ahalegin eskerga. Diktadorea hil, euskal instituzioak sortzeko urratsak egin eta horien baitarik ikastolek onarpena eta sostengu zabalagoa erdietsi zuten. Halaber, giro berri horren testuinguruan, hirurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran eta laurogeikoaren hasieran, eskola publiko estatalean euskararen eta euskarazko irakaskuntza sustatzeko aldarria zabaldu, nahia indartu eta hori guztioi lortzeko plangintzak burutzeko erabaki politikoak hartuko ziren, horien artean, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), 1982ko azaroaren 24an, Euskeraren Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legea (10/1982), zeinak, derrigorrezko irakaskuntza amaitzen denean, ikasle guztiek, jatorriz euskaldun zein erdaldun, elebidun orekatuak izan behar dutela jasotzen duen. Alta, desioak eta aginduak gorabehera, aurrerapausoak gertatu arren, egungo errealitatea ez da legeak jasotzen duenera iristen. 1974tik 1998ra egindako elebitasunari buruzko ikerketen arabera, D ereduko emaitzak B eredukoak baino hobeak dira, eta B eredukoak A eredukoak baino hobeak. Alabaina, badira D ereduan ikasitako ikasleak oso erraz eta aise euskaraz hitz egiten eta idazten dutenak eta, D edo B ereduan ibili arren, idazmenerako zein, bereziki, mintzamenerako zailtasun handiak ere dituztenak. Bada, orain arteko emaitzen arabera, irakaskuntza denborak ez ezik etxeko hizkuntzak, ingurune soziolinguistikoak, hizkuntzen arteko interferentziak, metodologia didaktikoak, irakasleen formazioak eta abarrek badute euskararen gaitasuna eskuratze horretan eragina. Testuinguru horretan sakonduz, hezkuntza munduan indarrean diren A, B eta D ereduak ( ) ezarrita dauden helburuak lortzeko egokiak diren konplexurik gabe eztabaidagai jartzeko unea iritsia da. Izan ere, ereduak zein gainerakoak, zenbaitetan kontrakoa dirudien arren, ez dira xede, besteak beste, euskara eta bestelako hizkuntzak menderatzeko bitarteko baizik. Baina, hausnarketa horrek, pasa berri den mendeko 90eko hamarkadan, Europako testuinguruannagusi izan diren aldaketa politikoek eta administratiboek eragindako beharrizan sozial berriak zeinaren baitarik eleaniztasunean hezitako europar belaunaldi berriena nabari daitekeen ere hartu beharko ditu kontuan. Izan ere, oinak lurrean, XXI. mendean, gainerako hizkuntzak ingelesa oro har, Euskal Herrian frantsesa eta gaztelania bereziki, albo batera utzita, hizkuntza gutxitu bat euskara mantentzea eta indarberritzea ( ) ez da posible. Hartara, orain arte indarrean egon diren elebitasun planteamenduak gaindituz, euskaldunon etorkizuna eleaniztuna da, alabaina, euskarak eskola eremuan hizkuntza nagusia izan behar du eta eskola eremuko hizkuntza planifikazio guzti guztiek gutxienez aurrebaldintza hori bermatu behar dute, atzerriko hizkuntzaren eskuratzea euskara mailaren eta jarreraren kaltean gerta ez dadin. Eleaniztasunak ez du adierazi nahi, ordea, hezkuntzan lanabes ditugun hizkuntzak modu bakartuan planteatzea. Izan ere, eleaniztasun ikusmoldeak azpimarratzen du gizabanakoek ez dituela gordetzen hizkuntzak buruan elkarrengandik aparte. Gaitasun komunikatiboa, hizkuntza esperientziak oro handitu ahala, famili mintzairatik gizartearenera, eta hortik atzerriko hizkuntzetara (bai eskolan edo unibertsitatean ikasiz edota zuzeneko esperientziak baliatuz) igaro ahala garatzen baita, eta horretan laguntza handikoak dira ezagutza guzti guztiak, esperientzia linguistikoak eta hizkuntzak uztartuta ( ) antzematea ere. Ingurumari horretan, hizkuntza arloaren xedea ikasleen komunikazio eta errepresentazio gaitasunak garatzea da, bizitzan planteatzen diren egoera desberdinetan eta asmo desberdinekin hizkuntza komunikazio tresna eragingarri gisa erabili dezaten hizkuntzaren oinarrizko trebezia nagusien (entzun, irakurri, hitz egin eta idatzi) menperatzea lortuz. Baina, hizkuntza arloaren antolaketa ez ezik gainerako jakintza arloek hizkuntzak eskuratzeko egin dezaketen ekarpenaz gogoeta sakona ( ) ere egin behar dugu. Izan ere, gainerako arloetako profesionalak, besterikuste izan arren, hizkuntza irakasle ere badira, hizkuntzen erabiltzeari dagokionez hizkuntza arloan baino denbora luzeagoa eta ekintza zehatzei lotuagoa erabiltzen dituzte gainera hizkuntzak. Hartara, ezaguerak egituratzen ahalbidetzen eta ezaguera berriak eskuratzen edota barneratzen ere laguntzen digutela hizkuntzek hartu behar dugu kontuan. Beraz, eremuetako edukiak irakatsi eta ikasi ahala, arlo bakoitzaren hizkuntza irakasten/ikasten ere badihardugu, eta, alderantziz, hizkuntzak irakatsi/ikasi ahala, komunikazio ekintzak burutu ahala, curriculumean esku hartzen duten eremuetako edukiak garatu edo barneratu egiten ditugu. Zentzu horretan, curriculuma diseinatzerakoan, eremu bakoitzeko testu mota desberdinak definitu eta haiei dagozkien ulermen eta ekoizpen prozedurak ere zehaztu behar dira. Horrekin batera, eta erabili beharreko trebeziaren arabera, testu mota bakoitzarekiko landu beharreko baliabide linguistikoak (testuinguruko eremukoak, eremu testualekoak eta perpausa eta hitzaren eremukoak) zehaztuz. Euskara hezkuntzan lanabes ditugun gainerako hizkuntzetatik aparte ez dago planteatzerik, europar hizkuntzetatik zein jakintza arlo guzti guztietatik aparte euskara kontuan hartu gabe bideratzeko modurik ez daukagun bezala. Alta, eleaniztasunean hezi eta hazitako gazte belaunaldiak erdiesteak zera eskatzen du ezen urteen joan etorrien zioz pilatu dugun esperientzia hezkuntza egiturak, eskola barruko zein kanpoko antolamenduak, erabiltzen ditugun orientabide metodologikoak, materialen oinarriak eta edukiak, askotariko prestakuntza saioak, e.a. luzea beste norabide bati begira jartzea. Badaukagu, beraz, nahikoa lan. ( ) Eredu bakoitzaren azpian den errealitatea askotarikoa dela hartu behar da ere kontuan. ( ) Fishmanen RLSren Reversing Language Shift itzulpen gisa Hizkuntza INdarBErritzea HINBE litzateke bere akronimoa erabiltzen dugu ( ) Marko horretan ez dago planteatzerik ikastetxeetan hizkuntz curriculuma hiru edo eta lau hizkuntza curriculum bakartuenbatura bezala; hizkuntza eta komunikaziorako heziketa, curriculumeko hizkuntzak biltzen dituen Hizkuntza arlo bakarraren ikuspegitik bidera daiteke soil soilik. ( ) Karga linguistiko handiagoa den jakintza arloetan xede hizkuntzaren eskuratze askiezak jakintza arloetako edukien eskuratzean eragin handia du. Hargatik, euskara arloan ez ezik gainerako arloetan arrakastaz aritzeko hizkuntzaren aldetik proposatu jarduerak burutu ahal izateko neurriko prestakuntza ahalbidetzea erabakiorra da. Erramun Osa, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa Argazkiak: Auñamendi eta http:// Euskonews & Media 201. zbk (2003 / 02 28 / 03 07) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.