Aho biko ezpata: euskararen lege garapena Aho biko ezpata: euskararen lege garapena * Andres Urrutia 1. Iraganaren mezua Historiaren bihurraldiek egundo ere ez diete euskaldunei eskaini halako aitortze zabala, mota guztietako harreman juridikoetan euskara benazko lanabesa izan dadin. Zatika eta noizbehinka, hori bai, nabari dira hala nolako egoerak, euskararen nondik norakoak legearen ikuspegitik bideratu dituztenak. Ahozkoak aspalditik zuen euskararen zaporea. Lekukoak, ugari; frogak, edonon. Gogora bitez, bestela, harako ondazilegi, hil buruko, bide zor, langa, keleta Testuen gainetiko lege mintzoa, herri euskaldun baten oihartzun bizia. Idatziaren alorrean, begi bistakoak, nafar erresumaren agindu eta agiriak, euskararen mesederako emanak eta eginak. Bide beretik ere, Frantziako Iraultzaren garaian (1789) ondutako testuen euskaratzea eta Bizkaiko Batzar Nagusietan XIX. mendean garatu zen euskararen ofizialtasuna. Bide beretik doaz, zer esanik ez, hogeigarren mendearen hasieran (1917 1919) Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek bultzatu zuten euskararen erabilera, erakunde horietatik herrietara zihoazen mezuak elebidun molda zitezen. Goipuntua edo erpina, ezbairik gabe, Eusko Jaurlaritzak jo zuen (1936 1937), euskararentzat erabateko ofizialtasuna aldarrikatuz. Ezaguna da orduko hark ez zituela euskal lurralde guztiak barnebildu, ezta, nabari denez, hots luzekoan iraun ere. Gerra zitalak ezabatu zituenak ezin berriro ere piztu, XX. gizaldiko azken urteok arte. 2. Ofizialtasunaren bide malkartsua: lege testuen edukia Hego Euskal Herriari dagokionez, 1978ko Konstituzioaz geroztik, egoera erro errotik aldatu da. Espainiako estatuko beste lurralde batzuetan gertatu den bezala, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa lurraldeetan ere, Konstituzioaren 3. artikuluak aitortu egin du euskara hizkuntzaren ofizialtasuna: 1) Gaztelania da Espainiako Estatuaren hizkuntza ofiziala. Espainol guztiek jakin behar dute eta erabiltzeko eskubidea dute. 2) Espainiako beste hizkuntzakere ofizialak izango dira haiei dagozkien Erkidego Autonomoetan berauen estatutoei dagozkien eran. 3) Espainiako hizkuntza moeta ezberdinen aberastasuna kultur ondare bat da eta hura babes eta begiragunegarri izango da. Bi bitara banatu dira, haren itzalean, euskararen lurraldeak: bateko, Euskal Autonomia Erkidegoa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurraldeek osatua; besteko, Nafarroko Foru Komunitatea. Biotan onartu da, modu bestelakoetan bada ere, euskararen izate ofizial hori. Luze joango litzateke, zalantzarik ez, bi horien ezaugarri zehatzak xehe xehe ematea. Aipa daitezen, horren ordainez, gorabehera eta oinarri nagusiak, etorkizunak zer ekar dezakeen hausnartu aitzin: a) Euskal Autonomia Erkidegoan, euskara ofiziala da, eta ofizialtasun hori ezartzeko, lurraldea hartu da irizpidetzat; beste modu batera esanda, euskara ofiziala da lurralde osoan, lurralde horretan inolako mugarik jarri gabe. Hona, bada, Gernikako estatutuaren garabidez, Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legea (1982). b) Nafarroan, euskara ofiziala da, baina lege aginduz finkatutako lurralde batean bakarrik. Gainerakoan, euskarak ez du izate ofizial horri zor zaion bete beteko ondoriorik ere. Horren araugile, Foru Hobetzearen lorratzetik, Euskararen Foru legea (1986) Zernahi gisaz, bi legeon filosofia ez da bera, ezta hurrik eman ere. Nafarroan, "erabilera" aipatzen da; hau da, "erabilera" horri eutsi nahi zaiola. Euskal Autonomia Erkidegoko Legean, berriz, irizpidea "normalizazioa" da, eta horren ondorioak Nafarroakoak baino askoz ere hedatzailegoak dira. Batak eta besteak arautzen dituzten arloak ere desberdinak dira. Nafarroako Legeak honako eginkizun hauek arautzen ditu: erabilera ofiziala, hezkuntza eta komunikabideak. Euskal Autonomia Erkidegokoak, berriz, hurrengoak: erabilera orokorra, hezkuntza, komunikabideak, erakunde erabilera, sustatzea eta gainerakoak. Bi filosofia desberdin ezarri dira legeotan, hizkuntza bat eta bera izan arren. Filosofia horiek printzipio orokor batzuetarabil daitezke, horrekin jakingarri izango baita euskararen arauketa zein parametrotatik abiatuko den bizitza ofizialean. Hona printzipiook: 1) Ofizialkidetasuna. Euskara hizkuntza ofiziala da beti gaztelaniarekin batera, eta, beraz, bien arteko berdintasuna ezarri da. 2) Lurraldetasuna. Autonomia erkidego batean (Nafarroan), lurraldetasun hori mugatua da, eta oso osokoa da, aldiz, Euskal Autonomia Erkidegoan. 3) Euskal Autonomia Erkidegoko Legearen aginduz, euskara normalizazioaren menpe jarri da, normalizazio hori arloz arloko eta denboran zehar egitekoa dela. Nafarroako Legean, ostera, hizkuntzaren erabilera arautzen da, euskararen errealitatea ukatzeke. 4) Sistemaren beste aldean, gaztelania jakin beharra. Horrek, nolabait, gaztelaniaren aldekotasuna erakusten du, gaztelaniaren ezagupide eza alegatuezina baita. Ipar Euskal Herrian, ordea, euskararen ofizialtasunak ez du ezaugarri agerikorik erakutsi azken bi gizaldiotan. Aipagarriena, menturaz, euskara eta bestelako eskualdeetako hizkuntzak irakaskuntzan sartzeko legea ( 1951) eta berrikitan Frantziako Konstituzioan moldaturiko aldaketa (1992), hain zuzen ere, idatzizko goiburu berria lau haizeetara barreiatu duena: Errepublikaren hizkuntza frantsesa da . Horren lagungarri, Frantsesaren Erabilerari buruzko Legea (1994), egun ere indarrean dagoena. 3. Geroari buruz Aho biko ezpataren irudian jarri da, testu honen hasieran, euskararen lege garapena. Aho bikoa, legeak berak ezin baitu bere bostean eta besterik gabe, gizartearen egoera eraldatu edo desitxuratu. Bai, ordea, helburu jakin batzuen alde jokatu, sustatu eta bultzatu. Nolanahi ere, premiazkoa da, ezertan hasi baino lehenago, euskararen eginkizuna zehatz mehatz kokatzea, legegilearen ahaleginak jomuga horren zerbitzuan jartzeko. Lautara laburtu dira eginkizunok: a) Haste hastetik, beraz, ofizialtasunaren esanahia hedatzea da egitekorik beharrena. Egun ofizial diren gaztelania eta euskara modu berean joan nahi badira, nahitaezkoa izango da izate ofizial horisakondu eta ondorio guztiotara zabaltzea, euskal lurraldean jardunean ari den administrazio oro bi hizkuntzen lekuko izan dadin. Hasiak dira horren aldeko saioak, eta hainbat kontzeptu ere dantzan jarriak, kasurako, berezko hizkuntzarena euskararentzat. b) Ofizialtasunak, dena den, beti ekarri izan du publikotasunaren zantzua. Gero eta maizago dator, hala ere, harreman juridiko pribatuetan hizkuntza ofizialkidetasunaren eragina. Esparru ugari eta egunerokoak dira, gaur egun, kontsumoarenak; eta, bistan denez, hizkuntzen ikuspegitik ere aintzat hartu beharrekoak. c) Ez dira, alabaina, horretan agortzen euskararen egin beharrekoak legearen ikusmiratik. Aho bikotasuna aipatu ondoren, ezinbestekoa da, aurrekoaren aldetik, beste bati ere ekitea, hots, euskara bera ofizialtasunaren protagonista izateari. Esparruak aldarrikatzea bezain garrantzitsua zaio euskarari, oraingo egoeran batez ere, esparru horien eramaile izatea, zin zinezko normalizazioaren bidetik. Corpus eta estatus esan ohi diete horiei. Txanponaren bi aurpegiak edo, garai batean ohikoa zenez, leonkastilloa. d) Bada, azken urteotan, euskararen lege garapenari dagokion arlo berezia. Nazioarteko lana hortxe dago eta, hurbileko eremuaz denaz bezainbatean, aipuan jarri behar Europako Lurraldeetako edota Gutxiengoen Hizkuntzen Karta (1988). Halakoetan barneratzea, ez alferrik, Ipar Euskal Herriko herrialdeetan euskararen ofizialtasun zantzuak idorotzeko. Espainiak (1992) eta Frantziak (1999), salbuespen nabariekin bada ere, berretsi egin dute testu hori, etorkizuneko emaitzen argigarri izan dakikeguna. Urteen hurrenkeran, bata itzal eta bestea dator. Euskararen ofizialtasun esparruan, batez beste, hogei urte dira joanak . Artean, gizarteak ere badaki horiek ez direla urte asko, herri eta hizkuntza baten bilakaeran. Gero eta nabariagoak dira, horratio, euskararen ofizialtasun osoa eskatzen dutenak, Hego nahiz Ipar Euskal Herrian. Euskal Autonomia Erkidegoan eskuarteko tresna du euskararen geroak. Izena du horrek EuskaraBiziberritzeko Plan Nagusia, eta bertako Euskararen Aholku Batzordeak ondu eta onetsi zuen 1998. urtean. Hortxe dira, besteak beste, euskararen gerogarreneko nahiak eta usteak, plangintza egoki batez zertzekoak. Horien zerbitzuko, eta legegintzaren urrats berrien itxaropenean, zuzenbideak badu oraingoz ere, eta hogeita batgarren mendea hasia dela, zeregin esanekorik, euskararen lurraldeetan eta hizkuntzaren eremuan. Izan ere, horixe da historiaren hasieratik bertatik egokitu zaiona, alegia, gizabanakoen artean elkarbizitza egokia bermatzea. Andres Urrutia, Euskaltzaindikoa Euskonews & Media 201. zbk (2003 / 02 28 / 03 07) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.