201 Zenbakia 2003-03-02 / 2003-07-28

Gaiak

Gure ametsetan preso

EPALTZA, Aingeru

Gure ametsetan preso Gure ametsetan preso * Aingeru Epaltza L ur berriak euskararendako? Nafarroan? Nahiago genuke. Luberritu beharrean, nafar laborari euskaltzaleak aski lan du, nekez eta izerdiz landu ahal izan duen baratze xumea erauntsitik babesten, bere baitatik atera den errekak urpean ito ez diezaion. Hemen txingorra eta kazkabarra ditugu egunero, aro beltzaren mezulari, eta gure aterki kaskarrari urratuak ageri zaizkio nonahi. Lur berriak? On da amets egitea, baina ameskerietarako ere ez gaude. Sobera pairatu dugu gaitza azken bi hamarkadetan. Ametsondoak jota nora jo asmatu ezinik jende franko dabil aspaldi honetan bazterretan. Aitor dezagun, mihia odoletan gorrituko bazaigu ere: ez geunden hain gaizki. 1971n, Sánchez Carrionek bere "Estado actual del vascuence en la provincia de Navarra" plazaratu zuelarik, gure lurraldean apustuzalerik baikorrenak ere ez zuen jokatuko euskararen biziraupenaren alde. Eskolatik, kulturatik eta bizi publikotik baztertua, hiriburuan arrotz, mendialdera zokoratua eta leku guztietan zaharretsia, gutietsia eta itzalik gabea, hondoa jotzekotan zegoen, mila urteko maldan beheraren ondotik, modernitateak eta frankismoak besoz beso azkena emanda. Hogeita hamar urte geroago, berriz, hiztun kopuruak, beherakada geldierazi ezezik, goiti egina zuen; horietarik anitz, gainera, eskolatuak eta bere hizkuntzan idazteko eta irakurtzeko gai ziren. Euskara sendotzen ari zen hezkuntza sisteman eta esparru berriak irabazten kulturaren alorrean. Hedabideetan eta administrazioan ere sartua zuen muturra. Hirian entzungarri/ikusgarri gertatzen hasia zen, eta hiru hamarkada lehenago hizkuntzaren azken santutegitzat jotzen ziren ibarretan, isilik zihoan mundu baten lekuko ez, baizik eta aurrerapenaren ikur bilakatua zen. Erdaldunen artean ere, gero eta zabalagoak ziren hizkuntzarenganako estimazioa eta aintzatespena. Ez zen halabeharraren fruitu izan. Euskararen aldeko mugimendua aspaldikoa zen Nafarroan. Sortu, inon baino lehenago sortu zen hemen,Campionek abia emanda, mende bat lehenago. Alabaina, Gipuzkoako eta Bizkaiko haize berrien bultzadaz, 70. hamarkadaren bukaeran hartu zuen gorputza eta indarra, bere izaera bikoitza, aldi berean sortzailea eta erreibindikatzailea, agerian utziz. Hizkuntza zulotik atera nahirik ehundakaka gizon emakumek egindako lan eskergaren ondorioa da, hein handi handi batean, 80 90 hamarkadetako goraldi berria. Bertzelako testuingurua Nolanahi den ere, mugimendu horren kemena eta bizitasuna ez ziren aski izanen, testuinguru juridiko politikoa ere bertzelakoa izan ez balitz. Franco hil ondoko urteetan, nafar euskaldun eta euskaltzale gehienok drama bat bezala bizi izan genuen Hego Euskal Herriko Ekialdea eta Mendebaldea ezkontzeko ahaleginen porrota. Nafarroak eta Euskadiko Erkidego Autonomoak hitzez eta eginez euskararendako hautatutako bideen arteko alde alimaleak gure beldurrak sendotuko zituen hurrengo urteetan. Errealitate instituzional hori nola edo hala itzulipurdikatzera isuri dituzte beren ahaleginak gutariko anitzek. Hala izanik ere, Foru Komunitatean nekez uler daiteke arestian aipatu hoberanzko bilakaera, delako Vascuencearen Legeak gure hizkuntzari eskaini dion babes erdipurdikoa gabe, bere eskasean ere, bere zikoitzean ere, bitartekoak eskaini baitzituen aitzinapausoak emateko. Ez da maiz aitortzen, baina, sozialisten edo Alliren urteetakoa da Nafarroak, halako izena duenetik, euskarari bere historia osoan eman dion estatus instituzional aldekoena, erresuma burujabearen garaikoa barne. Euskaltzaleok ozta ozta ohartu ginen. Preziatu ere, ez genuen preziatu. Beharbada, argien ondoan itzalak ere guti izan ez zirelako. Legeak ezarritako zonifikazioak ofizialtasun arrastorik gabe utzi zituen Nafarroako bi herenak: Erribera guztia, Tafalla eta Zangoza aldeak, Iruñerriaren beraren ekialdea. Derrigorrezko irakaskuntzatik etorritako abiada Lanbide Hezkuntzako eta Unibertsitateko ate ondoan baraturik utzi zuten. Ezin ahantzi, orobat, erakundeen ukoa euskarazko hedabideen etaikastola frankoren legeztatzeari, ezta Foru Administrazioa euskalduntze bidean abiatzeko oztopo etengabeak. Bere baitan ezina 90. hamarkadaren bukaeran, nafar euskaldunok geure burua zorioneko ez jotzeko arrazoi franko genuen. Legearen izaera murritza edo agintarien jarrera kasurik hoberenean epela ez ziren, ordea, gure aitzin nahiari galga ezartzen zioten traba bakarrak. Geure baitan ere generaman ezina. Abertzaletasunak bihotza eta pizgarria eman dizkio euskaltzaleari, baina muga garbiak ezarri ere bai. Euskal herri guztietan horrela bada, areago Nafarroan. Hemen, ikurrinaren estalpeak mendebaldeko gure anai arreben laguntza eta arnasa ekarri badigu ere, ez da gertatu neurriko jantzia jendeen % 80k bere burua abertzaletzat ez duen lurralde honetan. Jende horiek zure arrazoietara ekartzea bada xedea. Gure arteko batzuek inoiz ez dute barneratu nahi izan egia biribil hau. Bertze batzuk, denboraren poderioz, ideiak mozorrotzen ahalegindu dira, are zenbaitek patrikan altxatzen ikasi ere. Horrek guztiak eragina izanen zuen euskarazko irakaskuntzaren gorakadan eta udaletatik edo Gobernutik beretik etortzen ziren ekimenek herritar arruntarengan aurkitzen zuten kontrakar urrian. Bigarren milurtekoa hasteko bezperan, batzuk jendaurrean harrotzen ginen gure ohiko esparru ideologikoak gainditu izanaz, baina aldi berean isilpean ohartzen ginen zenbat genuen egiteko gure mundu tikitik kanpo zirrikituak irekitzeko nahikerian. Nafarroako biztanleriaren gune gogor baina zabal batendako, euskaltzaleak abertzaletasunaren Troiako zaldia eta ETAren ezkutuko mandatariak gertatu gara beti, eta euskara, berriz, basakeriaren ikurra eta garbiketa etnikorako tresna, baita gure kontra halako hiztegirik inork erabiltzen ez zuenean ere. Datua garrantzitsua da, gune horrek Foru Komunitateko bizilagunen puska larri samar bat harrapatzeaz landa % 25 30 inguru, 1990etik hona egin diren inkesta guztien ariora , tartean politikaren, kulturaren, ekonomiaren, enpresaren, sindikalgintzaren, unibertsitateareneta elizaren elitearen multzorik handiena dagoelako. Hain zuzen ere, 2000. urtean, talde euskaltzaleak buru belarri sarturik zeuden bitartean hizkuntzarendako lege berri bat exijitzeko kanpainan, elite hori bere beldurra lau haizetara zabaltzen ari zen, euskararen inguruan gauzak "urrunegi" joanak ez ote ziren eta indarrean zegoen legea eskuzabalegia izana ez ote zen gutxiengo euskaldunarekin. UPNren Gobernuak, jakina, horien kezka egin zuen bere, ez euskaltzaleena. Ezin bertzela izan, gune gogor horretan hazia baita gaur egun dituen buruzagi eta agintari gehienak. Haize alde zebilen, gainera. Azken batez, urtebete lehenagoko hauteskundeak irabazi bazituen, ETAren zinegotzi ehizak lehenbizi eta Lizarrako itunak gero Estatu osoan Nafarroan ere bai piztarazitako giro antiabertzalearen itzalpean eta, neurri batean, horri esker izan zen. Handik goiti zer etorri den ez da gehiago albiste: euskarari azpiak kentzeko ahalegin etengabe eta orokorra, biziaren alor guztietara eramana. Erakunde, udal, enpresa, ikastetxe, saltoki edo elkarte pribatu, gaur egun Nafarroan nor izan nahi duenak euskara ahalik eta arrotzen izatea du lehenbiziko egitekoetarik. Eta mezu hori jende arrunta ez euskaldun, ez euskaltzale, ez abertzale den gehiengoa barneratzen ari da pixkana pixkanaka. Gure artean ere halako ustea bide egiten hastea baizik ez da falta, Nafarroako Gobernuak duela hiru urtetik hona hartu dituen erabaki eta neurri guztiek beren zentzua aurki dezaten. Une honetan, sentipen horixe dugu etsairik handiena. Horixe eta euskaltzaleen neke, etsipena... eta ezbideenganako isuri kronikoa. Espektatiba historikoak Nafarroako Gobernu honen agintaldia, bistan dena, ez da sekulako. Inork baino aukera gehiago ditu hurrengo hauteskundeetan garaile gertatzeko, baina lasterketa hasi baizik ez da. Bertzelako gobernu bat posible da Nafarroan. Bertzelako gobernu bat, ordea, ez gobernu abertzale bat. Horri etekinik ateratzen jakinen dugu? Foru Komunitatean euskararen oraingo maldan behera geldiarazikobadugu, horretarako behar den eszenategi juridiko instituzionala ez dugu euskaltzaleok erabakiko, ez gure ordezkari edo diren alderdi abertzaleek ere. Ez orain, ez geroan ere. Gure ikusmoldetik urrun hagitz urrun dauden bertze indar politiko batzuekin egin beharko da tratua. Jakinik indar korrelazio bat izanen dela eta hura, hauteskunde mapan inon ere sumatzen ez den gogo iraulketa kolektibo bat gertatu ezean, ez dela gure aldekoa izanen. Jakinik, orobat, emaitza ez dela gure espektatiba historikoekin bat etorriko. Jakinik abiapuntu bat baizik ez dela izanen, abiapuntu nahitaezkoa, lau urte hauetan galdu duguna berreskuratzeari lotu ahal izateko, eta, akaso, bertze alor batzuetan aurrerabideak aurkitu ahal izateko. Latza? Latzagoak dira gainerako aukerak, eta denbora gehiegi alferrik galdu dugu, gure ametsetan preso. Mende laurden bat daramagu goizetik arrats atekatik aterako gaituen gertakari miraritsuaren esperoan. Ez da halakorik etorri eta, zenbaiten kalaka gorabehera, zeruertzean ez da itxaropenari eusteko aztarnarik ageri. Ordu dugu. Lau urteren buruan are beheragotik hasi beharko dugu aldapa pikoagoa igotzen. Aingeru Epaltza, idazlea Euskonews & Media 201. zbk (2003 / 02 28 / 03 07) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria